• LAN ETA BIZI
  • Txirrindularitza amateurra, gero eta malda gogorragoak igotzen

Txirrindularitza amateurra, gero eta malda gogorragoak igotzen

Boluntario falta, kostuen igoera eta profesionalizazioa dira lasterketa amateurren antolatzaileen lana oztopatzen duten arazoak Hego Euskal Herrian

Argazkia: utzita
Argazkia: utzita
2026ko maiatzaren 17a - 05:30

Astebururo ehunka txirrindulari ateratzen dira Euskal Herriko errepideetara. Kadeteak, juniorrak, elite mailakoak edo zale hutsak. Txirrindularitza amateurrak herri askotako egutegi sozialaren parte izaten jarraitzen du, eta Hego Euskal Herriak oraindik ere Espainiako Estatu mailako erreferentzia izaten segitzen du. Baina irudi horren atzean gero eta gehiago dira kezka partekatzen dutenak: lasterketak antolatzea inoiz baino zailagoa da.

 

“Hemen ia astebururo dago lasterketaren bat”, azaldu du Santi Osorok, orain aste gutxi Euskadiko Txirrindularitza Federazioko zuzendari izendatu duten ataundarrak. “Parte hartze oso ona dugu eta, gainera, maila handikoa. Euskal Herriak jarraitzen du amateur mailako txirrindularientzako erreferentzia izaten”.

Hala ere, egoeraren beste aldea ere azpimarratu du berehala: “Arazoa antolakuntzan dago. Lasterketak antolatzea gero eta garestiagoa da, exijentzia gehiago daude, eta segurtasunak pisu handia hartu du”.

 

Boluntario falta, kezkarik handiena

Eragile guztiek azpimarratzen duten lehen lerroko arazoa boluntario falta da. Lasterketa bat antolatzeko pertsona ugari behar dira: bidegurutzeak zaintzeko, segurtasuna bermatzeko, trafikoa kontrolatzeko edo logistikan laguntzeko. Osorok dioenez, boluntarioki gauzak egiteko kultura galtzen ari da: “Gaur egun gero eta zailagoa da jende gaztea erakartzea. Orain gauden askok laster utziko diote boluntario izateari adinagatik, eta belaunaldi erreleboa izatea oso zaila da, gazteek ez baitute erakargarri ikusten hartu beharreko ardurak (burokrazia, dirulaguntzak bilatzea, ardura juridikoak…) boluntarioki hartzea”.

Nafarroako Txirrindularitza Federazioan ere antzeko diagnostikoa egin dute. Arazo nagusia boluntarioen eskasia dela azaldu du Karina Morentin Federazioko idazkariak, eta azpimarratu du ez dela soilik txirrindularitzaren joera, orokorrean gizartean gertatzen ari den zerbait baizik.

Karina Morentin (Nafarroako Txirrindularitza Federazioa): “Arazo nagusia boluntarioen eskasia da, eta ez da soilik txirrindularitzaren joera, orokorrean gizartean gertatzen ari dena baizik”

Ainhoa Lekunberri Nafarroako Txirrindularitza Federazioko batzordekidearen ustez, egoerak ondorio zuzena izan dezake etorkizunean: “Boluntario berriak ez badira sartzen klubetan eta antolakuntzan, hainbat lasterketa desagertzeko zorian egongo dira”.

Bergarako Lokatza Ziklismo Eskola ere egoera bera pairatzen ari da. Klubak urtean hainbat lasterketa antolatzen ditu, eta ehun pertsona baino gehiago behar izaten ditu proba bakoitzean laguntzeko. Klubeko lehendakaria den Ion Unamunok azaldu duen bezala, lasterketa egunean laguntzeko jendea lortzea ez da hain zaila, baina zuzendaritzan edo “antolakuntza lan astunetan sartuko den jendea” topatzea bai.

f60e2beb f518 4f5d 9a4a cf4cd898eb50
Argazkia: utzita

Kostuen igoera etengabea

Boluntario faltarekin batera, lasterketen kostuak dira klub eta federazioen buruhauste nagusia. Segurtasun neurriak gero eta zorrotzagoak dira, eta horrek gastuak handitu ditu: anbulantziak, medikuak, motorrak edo aseguruak ezinbestekoak dira gaur egun. Osorok nabaritu du, orokorrean, kostuak igo egin direla, eta lasterketa baten antolakuntzan gastatu beharrekoa gehiago dela.

Unamunok ere nabarmendu du azken urteetako aldaketa hori: “Moto-enlazeak, adibidez, gaur egun oso profesionalak dira, eta oso ondo egiten dute haien lana, baina lehen baino askoz garestiagoak dira. Lehen gasolina ordaintzeko dirua ematen zitzaien eta kitto, txorizo eta ardo pixka batekin”.

Ion Unamuno (Lokatza Ziklismo Eskolako lehendakaria): “Lehen moto-enlazeei gasolina ordaintzeko dirua ematen zitzaien eta kitto, txorizo eta ardo pixka batekin”

Unamunoren hitzetan, gainera, anbulantziek eta medikuek suposatzen duten gastuarekin bakarrik aurrekontuaren erdia baino gehiago joan daiteke. Horri gehitu behar zaizkio aseguruak, material logistikoa edo ibilbideetan sortzen diren ezustekoak; izan ere, “urtero izaten dira oztopoak edo ezustekoak”, hala nola ibilbideko errepide zati bat obretan egotea, trafikoan arazoak egotea, aurrekontuan azken momentuko aldaketak egin behar izatea, etab.

Osorok trafikoaren arazoa zehatzago azaldu du. Bere hitzetan, Gipuzkoan, N-1 errepidearekin arazo mordoa izaten dute: “Ibilbide txukun bat egiteko askotan errepide horretatik pasatu behar gara, Gipuzkoa aldez alde gurutzatzen duen errepidea baita, eta ahalik eta herri gehiagotatik lasterketan pasa daitezen, N-1 errepidea erabiltzea interesatzen zaigu, baina arazo asko egoten dira”.

Nola egin aurre zailtasunei

Egoera horren aurrean, federazioek eta klubek dirulaguntza gehiago eta babes instituzional handiagoa eskatzen dituzte. Osororen ustez, txirrindularitzak ez du beste kirol batzuek duten babes egiturarik: “Futbol zelaiak edo kiroldegiak diru publikoarekin egiten eta mantentzen dira. Gure kasuan, laguntza behar dugu anbulantziak, medikuak edo segurtasun zerbitzuak ordaintzeko”.

Babesleentzako pizgarri fiskal gehiago ere eskatu ditu. Izan ere, ataundarraren arabera, txirrindularitza amateurra sostengatzen duten enpresa askok zaletasunagatik egiten dute, ez publizitateak emango liekeen ikusgarritasunaren truke. Are gehiago, Osororen hitzetan, “lasterketa hauek ez dira ia inon azaltzen”.

Santi Osoro (Euskadiko Txirrindularitza Federazioa): “Futbol zelaiak edo kiroldegiak diru publikoarekin egiten eta mantentzen dira”

Nafarroako Federazioan ere dirulaguntza gehiago izatea lagungarria izango litzakeela dio Lekunberrik. Bestalde, txirrindularitzaren kultura sustatzeko proposamenak ere aipatu ditu: eskoletan ate irekietako jardunaldiak egitea, gazteei kirola gerturatzea edo boluntario berriak erakartzeko ekimenak sustatzea.

Klubek, bitartean, egunerokoan jarraitzen dute irtenbideak bilatzen. Unamunoren arabera, askotan dirulaguntza gehiago bilatzea bihurtzen da klubaren lan nagusietako bat: "enpresa gehiagotara jo behar izaten dugu, administrazioei gehiago eskatu; baina boluntario gisa gaudenak gaude, eta ez gara denera iristen". Berriro ere errepikatzen du: "Boluntario gehiagorekin, enpresa gehiagoren atea jotzeko gai izango ginateke, eta aukera gehiago izango genituzke laguntza handiagoa jasotzeko”.

Horren adibide argia izan da aurten Bidasoako Itzuliaren egoera. Euskal Herriko amateur mailako itzuli historikoa bertan behera geratzeko arriskuan egon da aurrekontu arazoengatik. Azkenean aurrera atera bada ere, Osorok azaldu duenez, aurretik berak zuzentzen zuen Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren laguntza behar izan zuten antolatzaileek, babesle gehiago lortzeko.

f893429f 6032 434a a029 b9f5f3de6f91
Argazkia: utzita

Nafarroan, profesionalizazioaren eraginpean

Boluntario eskasiaz eta kostuen igoeraz gain, Nafarroako Federazioak beste joera bat ere identifikatu du; txirrindularitzaren profesionalizazio gero eta handiagoa, hain zuzen. Lekunberrik azaldu duenez, lurraldeko txirrindularitza amateurraren egoera “asko aldatu da, profesionalizatu egin delako”. Gauza da talde profesionalek gero eta txirrindulari gehiago fitxatzen dituztela zuzenean kadete edo juniorretatik. Joera horrek amateur kategoriari eragiten dio: “Txirrindulari askok zuzenean talde kontinentaletara egiten dute jauzi. Ondorioz, 23 urtez azpiko kategoriak gero eta pisu txikiagoa du parte hartzaileei dagokienez”.

David Zaratiegui Nafarroako Federazioko lehendakariaren arabera, profesionalizazio hori gero eta goiztiarragoa da. Kadete mailatik prestatzaileak eta nutrizionistak dituzte txirrindulariek, eta horrek familien gastuak handitu dituela dio; bizikletak, materiala eta prestakuntza gero eta garestiagoak baitira.

Ainhoa Lekunberri (Nafarroako Txirrindularitza Federazioa): “Txirrindulari askok zuzenean talde kontinentaletara egiten dute jauzi. Ondorioz, 23 urtez azpiko kategoriak gero eta pisu txikiagoa du parte hartzaileei dagokienez"

Hala eta guztiz ere, Nafarroan egutegia oraindik nahiko ondo mantentzen dela azaldu dute federaziotik. Morentinek dioenez, lasterketa batzuk aurrera ateratzea gehiago kostatu da, baina oro har, egoera oraindik ez da larria. Hori bai, Nafarroako Federazioko kideek argi dute etorkizunean boluntario faltaren arazoa areagotuz gero, ezinezkoa izango dela gaur egungo egitura mantentzea.

Momentuz, zailtasunak direnak direla ere, lurraldean dugun txirrindularitzarekiko pasioagatik, eta klubetako eta federazioetako kideen isilpeko boluntario lanari esker, astebururo ateratzen dira aurrera lasterketak Hego Euskal Herrian. Enpresaren bat izanda kirol honen zaleak direnek mantentzen dute bizirik txirrindularitza amateurra, euren babesletzaren bitartez ez baitute publizitatea bilatzen, haiei babesa ematea baizik. Duten denbora librea euskal txirrindularitzako ekitaldiak kudeatzeko erabiltzen dutenak dira txirrindularitza amateurra bizirik mantentzen dutenak. Eta noski, haien denbora librea gaztetxoak entrenatzeko eta dirulaguntzak lortzeko erabiltzen dutenek ere mantentzen dute bizirik gure txirrindularitza amateurra.