Txosnetan txartel bidez ordaindu?

Pandemiak txartel bidezko ordainketak ugaldu ditu eta gero eta zenbateko txikiagoak ordaintzeko erabiltzen ditugu. Kafea txartel edo sakeleko bidez ordaintzera ere heldu gara baina, jaietan gaudenean ere txartel bidez ordaintzen al dugu? Euskal Herriko jaietatik barna ibili gara txosnetan nola ordaintzen dugun ikusteko.

Konpartsa bateko kideak Bilboko Aste Nagusiko txosna batean lan egiten Konpartsa bateko kideak Bilboko Aste Nagusiko txosna batean lan egiten

Joera geldiezina zela esaten zuten askok eta pandemiak abiadura azkartu du. Birusak harremanak murriztu zituen arlo guztietan eta diruaren erabilera ez zen salbuespena izan. Eskudirua baztertu eta ordainketa digitalak hauspotu zituzten agintariek, txartel, sakeleko edo erloju bidezko ordainketak gero eta ohikoagoak bilakatuz. Finantza erakundeek ordainketa digitalak erraztu egin zituzten eta, era berean, bulego eta kutxazain kopurua murriztu, ere bai. Pandemia alde batera utzi eta normaltasuna Euskal Herriko kaleetara bueltatu zenean jendeak kalea berreskuratu zuen. Herrietako jaiak horren adibide izan dira. Musikak eta kale animazioak zipriztindu zituen txoko guztiak eta herri mugimenduekin lotutako txosnak berriro ere ateak, edo barrak hobe esanda, ireki zituzten eta txanponen hotsa berriro nagusitu zen. Izan ere, oso txosna gutxitan eskaini izan da txartel bidez ordaintzeko aukera.

EnpresaBIDEAko langileok ikerketa lana seriotan hartzen dugu, eta buru belarri ibili gara Euskal Herriko jaietan, txosnaz txosna. Iruñeako San Ferminek irekitzen dute hiriburuetako jaien sasoia. Ondoren Baionako bestak datoz eta abuztuan Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaiak eta Donostia eta Bilboko Aste Nagusiak. Alde handiak daude hiriburuetako jaien artean. San Ferminetan peñak dira jai herrikoien protagonista eta bakoitzak bere lokala bihurtzen du festako gune. Baionak aspaldi hartu zuen jaigunera sartzeko ordaintzeko erabakia. Gasteizen blusen taldeak jaien gidari dira, Donostian Piratak izan dira festei izaera herrikoia eman diotenak eta Bilboko Aste Nagusia ezin da ulertu konpartsen lana barik. Aldeak alde eta herri edo hiri izanda ere, festa guztietan herri mugimenduen txosnak non-nahi topatu daitezke. Iruñean, baina, aurten ez da hala izan. Udalak txosnak tokiz aldatzeko hartutako erabakiak herri mugimendua asaldatu du eta txosnarik ez da egon. 

Hurrengo urteetan ordaintzeko bide alternatiboak ezarri litezke txosnetan, ticket bidez ordaintzea edo txartelak onartzea

Deustukoak dira Bizkaiko jairik goiztiarrenak. Martxoan ospatzen dira eta Bilbo eta inguruko herrietako jende andana gerturatzen da. Deustuko Berbaizu Euskara Elkartea bertako Jai Batzordearen kide historikoa da eta EnpresaBIDEArekin berba egin du diruaren kudeaketaz. Alde batetik xehea nahikoa izan behar da jendeak askotan billeteekin ordaintzen dutelako. Berbaizuko kideen arabera billete faltsuena da zaindu beharreko zereginetako bat, asko direlako ohartu gabe "kolatu" dizkieten 50 eta 20 euroko billete faltsuak. Lan nekezena, baina, txosna itxi eta dirua etxera eramatea da. Txosnatik hurbil bizi den elkarteko kide baten etxera eramaten dituzte billeteak eta txanponak, bertan zenbatu eta hurrengo egunean bankuan sartu edo berriro txosnara eramateko. Txandaren arduraduna askotan beste kide batzuk lagunduta joaten da. Txartelei dagokienez, aurten aldaketa sumatu dute Berbaizuko kideek. Ikasle asko hurbiltzen da Deustuko jaietara eta askok oso barneratuta dute txartel bidez ordaintzeko joera. Jai barik bi urte egon eta gero, aurten jende gehiagok txartel bidez ordaindu nahi izan du. Deustuko txosnek ez dute txartel bidez ordaintzeko aukerarik eskaini eta jendea segituan ohitu da. Txosnara hurbildutako gehiengo zabalak oraindik eskudirutan ordaintzen dutela esan digute. 

Gasteizko GEU Elkartea aitzindari

Diruaren kudeaketaren garrantzia ere nabarmentzen du Azaitz Unanue Goikoetxea Gasteizko GEU elkarteko kideak. Euskararen aldeko mugimendua da GEU eta Andra Mari Zuriaren jaietan txosna jartzen du Aihotz edo Matxete Plazan. Akordioa du GEU elkarteak udalarekin bertan txosna jartzeko. Izan ere, Matxete plaza euskal kulturaren erreferentziako gune bilakatu da azken urteotan Gasteizen. Unanueren hitzetan, arnasgunea da Matxete plaza jaiak euskaraz bizi nahi dituenentzat. Gasteizek, baina, badu bere txosnagunea, Unibertsitatearen alboan eta bertan Hala Bedi Irrati Librea, Errekaleor Bizirik eta mugimendu feminista bezalako herri ekimenak daude programazio propioa sustatzen. GEUren kasuan txosna eredua pixka bat ezberdina da. Egunez dabilen txosna da eta goizaldeko 1:30ak aldera ixten dute. Egunean zehar plazan bertsolariak, dantzak, kontzertuak... egoten dira eta txosnan jan eta edaten dutenak egunean zehar egiten dute nagusiki. Unanueren esanetan "txosna lasaia" da GEUrena. Aurten lehen aldiz txartel bidez ordaintzeko aukera eman dute. Bi datafono instalatu dituzte eta pozik daude esperientziarekin. Egindako ordainketen % 8, gutxi gora behera, txartel bidezkoak izan direla dio GEU elkarteko kideak. "Batez ere lehengo egunean izan zuen arrakasta. Jaiak hasi eta aurreko egunean inaugurazio kontzertua antolatu genuen eta jendeak dexente ordaindu zuen txartel bidez. Espero gabeko eguna zenez eta plazatik gertu kutxazainik ez zegoenez jendeak ez zuen eskudirurik eta txartelez ordaindu zuten". Txosna itxi eta gero dirua etxera eramatearen zama astuna dela dio Unanuek eta horregatik uste du datafonoz ordaintzea lagungarri izan daitekeela.

Gasteizen GEU elkarteko txosnan egindako ordainketen % 8 inguru txartel bidezkoa izan da

Bankuek gero eta bulego eta kutxazain izatea traba handia da eskudirutan oraindu nahi dutenenetzat. Europako Banku Zentralak berriki argitaratuako txosten batek kutxazainen murrizketa jasotzen du. Estatu mailan gaur egun 2008an baino % 54 kutxazain gutxiago daude. Eta hori arazoa da dirua ateratzeko orduan, baina baita txosnek diru-bilketa sartzeko orduan ere bai. Bilboko Aste Nagusian arazo hori oso nabarmena izan zen. Zazpi Kaleetan gero eta banku bulego gutxiago daude eta konpartsetako kideek txosnen diru bilketa kontuan sartzeko arazo handiak izan zituzten. 

Hausnarketa egiteko ordua

Txosnetan txartel bidez ordaintzeko sistemak jartzeko aukeraz galdetuta, baina, Bilboko konpartsetako kideek zalantza handiak dituzte. Azpiegiturena da, besteak beste, aurre egin beharreko arazoetako bat. Bilboko Aste Nagusiak jende andana biltzen du eta askotan, gauez batez ere, telefono mugikorrek estaldura arazo handiak izaten dituzte. Txosnetan datafonoak ezartzeko bi aukera nagusi daude: alde batetik, SIM txartela duten datafonoak instalatzea, nahiz eta gaueko ordu jakin batzuetan jaietan egoten diren estaldura arazoak ikusita, ez dirudien sistema hori bideragarria denik; bestetik, Wifi bidezko ordainketa gailuak instalatzea, baina horrek ere aurre egin beharreko azpiegitura erronkak ekarriko lituzke. Bilboko Konpartsak jakitun dira txartel bidezko ordainketa ate joka datorren egoera dela nahiz eta aurten eskaria oso handia ez izan. "Gai zaila" dela adierazi dute Bilboko Konpartsetako ordezkariek, baina nahiago izan dute, gaur gaurkoz, azalpen gehiago ez eman. Hausnarketa burutuko dute konpartsek; momentuz, ordea, ez dute erabakirik hartu.

Bilboko konpartsetako kideek zalantza handiak dituzte. Azpiegiturena da, besteak beste, aurre egin beharreko arazoetako bat

Donostiako Aste Nagusian ere afera mahai gainean dago. Xabi Murua Agiriano Donostiako Piraten mugimenduko kidea da, eta jakitun da txartel bidez ordaindu ordaindu nahi dutenen kopurua goraka doala. "Aurtengo Aste Nagusian asko sumatu dute, batez ere kanpotarren aldetik. Bertakoek badakite txosna bat zer den, baina kanpotarrek ez dute eskudirurik ekartzen eta txartel bidezko ordainketa etengabe ari dira eskatzen".  Euskal Herriko beste tokietan bezala, Donostiako Piratek txosnaren diru bilketa egunero bankuan sartzen dute, baina badakite gero eta banku-bulego gutxiago daudela. "Historikoki Donostiako hainbat bulegotara diru xehe eske jo izan dutela", dio Muruak. Aurten ohiko banku bulegoarekin aritu dira eta trabarik ez dute izan baina badakite etorkizunean arazoak etor litezkeela.

Etorkizunean zer?

Argi dago esku diruaren erabilera beherantz doala eta Euskal Herriko txosnak horren inguruko hausnarketari ekin diote. Donostiako Piraten mugimenduko kideak, esaterako, hainbat aukera aipatu ditu Horietako bat ticket bidezko ordainketa da, Ikastolen edo Korrikaren aldeko jaietan bezala: Hasiera batean ticketak erosi eta gero barran edariaren truke aldatzea. "Garbiagoa iruditzen zaie" eta datorren urteari begira aukeretako bat izan daiteke, baina oraindik ez dute erabaki. Datorren urtetik aurrera, foru ogasunek abian jarriko dute Ticket Bai sistema eta horrek txosnetarako erronka ekarriko du. Ticket bitartez ordaintzearen aukera ideia horrekin bat etor liteke eta, kasu horretan, ikastolen festetan edo EHZ bezalako musika jaialdietan bezala, hasierako ticketak erosteko txartelen bidezko ordainketa bateragarria izan liteke. 

Urtebete falta da, oraindik, datorren urteko jaietarako. Oraindik ez dago argi zein izango den txosnetan ezarriko den sistema. Baliteke txartel bidez ordaintzeko aukera egotea baina oraindik asko dira mahai gainean dauden zalantzak. Konpartsek, Piratek eta txosnek, oro har, jorratu beharreko erronka izango da txartelena. Egun badira txartelaren aldeko hautua egin duten elkarteak baina sistema orokortu arte denbora luze beharko da. Tartean aurre egiteko azpiegitura mailako erronkak badaude, baina, batez ere, herri mugimenduaren filosofiarekin lotutako zalantzak dira txosnek argitu beharko dituztenak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK