Txotxaren itzulera

Inflazioak eragina izan du sagardoaren sektorean ere. Ondorioz, sagardo botilaren prezioa %25 inguru igo da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Bi urteren ondoren, berriro ere txotxetik eta upeltegian dastatu ahal izango da aurtengo sagardo berria. Zain ziren sagardogileak, pandemiak ez baitie azken bi denboraldien irekiera tradizioari eutsiz egiten utzi. Berrikuntzekin eman zaio hasiera aurtengo garaiari, eta sagardozaleen poltsikoei bereziki eragingo dien aldaketa ere iritsi da, sagardo botilaren prezioa %25 hazi baita bataz beste.

Sagardo Sektoreak sagardoaren prezioa garestitzeko hautua egin du, inflazioaren ondoriozko igoerak eragin zuzena izan duelako sagardoaren kostuetan ere. Euskal Sagardoa jatorri izenetik adierazi bezala, prezioak eguneratu beharra izan du sagardo sektoreak ere, egungo egoerari aurre egiteko: “Sagarra, beira, argindarra, kartoia, gasolioa, dena garestitu da eta sagardoak ere gora egin behar izan du ezinbestean, errentagarritasun baxuko produktua izaki, egungo egoerara moldatzeko”. Ondorioz, 50 bat zentimo garestitu da batez beste euskal sagardo botila. Hala, 3,60 euro ingururaino igo dira Euskal Sagardoaren etiketa gorridun botila batzuen prezioak, baina, orokorrean, 3 euroren bueltan aurki daiteke sagardo botila batez beste, bakarren bat oraindik ere 2 euro pasatxoko prezioan mantentzen bada ere. Prezioa aldatu egiten da, hala ere, banakako botilak ala kaxetan datozen dozenakoak erosi.

Euskal Sagardoa: “Sagarra, beira, argindarra, kartoia, gasolioa, dena garestitu da eta sagardoak ere gora egin behar izan du ezinbestean, errentagarritasun baxuko produktua izaki, egungo egoerara moldatzeko”

Sagardoaren prezioaren igoera gorabehera, sagardotegietako telefonoak gelditu gabe ari dira lanean, denboraldi osorako erreserbak egiteko deiak jaso eta jaso. Askotan erreserbak denbora tarte luzearekin egiten direnez, azken orduan sagardotegira azaltzen ez diren taldeak ere egoten direla diote sagardogileek, eta erreserbak galdutzat eman behar izaten dituztela. Agertu ez den taldea handia den kasuetan galerak izugarriak izaten direla iritzita, sagardotegi batzuk ordaindu beharreko fidantza bat ezartzea erabaki dute, bezeroak kontzientziatu daitezen. Hernaniko Iparragirre eta Astigarrako Lizeaga sagardotegietako bezeroek, esaterako, bost euroko fidantza ordaindu beharko dute pertsona bakoitzeko. Online egin beharko da ordainketa hori.

50 bat zentimo garestitu da batez beste euskal sagardo botila. Orokorrean, 3 euroren bueltan aurki daiteke sagardo botila batez beste

Uzta txikia baina izaera handikoa

Euskal Sagardoa jatorri izeneko kideek honelaxe definitu dute aurtengo sagardoa: “Tanino altuko eta izaera handiko sagardoa da, iaz baino alkohol graduazio handixeagoa duena. Luzera jota, bilakaera oso handia izango duen sagardoa da orokorrean”. 2021eko uzta oso handia izan zen eta 2022koa txikiagoa izatea espero bazen ere, udako eguraldi lehorrak are txikiago egin du uzta. Horrek eraginda, sagar asko erori egin ziren iaz eta azaldu dute sagarra heltzeko moduan ere zerikusia izan duela. Ondorioz, izaera handiagoko sagarra etorri da, bai tanino aldetik eta baita azukre aldetik ere.

“Tanino altuko eta izaera handiko sagardoa da, iaz baino alkohol graduazio handixeagoa duena. Luzera jota, bilakaera oso handia izango duen sagardoa da orokorrean”

Euskal Sagardoa jatorri izeneko sagar ekoizleak 250 dira eta guztira ia 500 hektarea lantzen dituzte euren ekoizpenerako. Sagardotegiak, berriz, 48 dira: Araban 2 daude, Bizkaian 4, eta Gipuzkoan 42.

Sagardo ekoizleak txotx denboraldiaren irekieraren harira Tabakaleran (Donostia) egindako aurkezpenean | Argazkia:  Euskal Sagardoa
Sagardo ekoizleak txotx denboraldiaren irekieraren harira Tabakaleran (Donostia) egindako aurkezpenean | Argazkia: Euskal Sagardoa

Txotx barik

Aipatu dugu uzta esperotakoa baino txikiagoa izan dela, baina, bereziki Bizkaiaren kasuan, udako eguraldi lehorrak egoera asko okertu du. Ekoizleek diotenez, “soilik 89.500 litro sagardo ekoitzi dira Bizkaian". Uzta kaxkarraren aurrean txotx irekierarik ez egitea erabaki dute sagardotegi bizkaitarrek, nahiz eta sagardotegiak irekita egongo diren. Euren sagardoa Euskal Sagardoa jatorri izenaren babesean aurkeztea ere erabaki dute, probintzia gisa bereizi gabe. Euskal Sagardoak orotara 1,2 milioi litro sagardo ekoitzi ditu aurten etiketa horrekin Araba, Bizkaia zein Gipuzkoan, pasaden denboraldiko 3,5 litroen aurrean.

Uzta kaxkarraren aurrean txotx irekierarik ez egitea erabaki dute sagardotegi bizkaitarrek, nahiz eta sagardotegiak irekita egongo diren

Hala ere, sagardotegiak irekita, denontzat izango da sagardoa; tortila, bakailaoa, txuleta, gazta eta irasagarrarekin batera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK