• LAN ETA BIZI
  • Unibertsitate ikasketak: zenbat kostu, zenbat aukera?

Unibertsitate ikasketak: zenbat kostu, zenbat aukera?

Zenbat kostatzen da gradu bat ikastea EHUn, NUPen edo unibertsitate pribatuetan, eta zer aukera eskaintzen ditu gero lan merkatuan? Euskal Herriko datuek alde handiak erakusten dituzte ikasketa arloen arabera

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko maiatzaren 31 - 05:30
Eg. 2026ko maiatzaren 31 - 12:23

Unibertsitate karrera bat ikastea errentagarria den ala ez jakiteko errentagarritzat zer jotzen dugun definitu behar da lehenik. Errentagarria izan daiteke lanpostu finko eta segurua eskainiko dizun karrera, ala izugarrizko diru-sarrerak bermatuko dizkizuna. Noski, begirada ekonomiatik altxatuta, karrera bat errentagarria izan daiteke jakin-mina izugarri pizten badizu, edota etorkizuneko proiektu pertsonal propioa garatzeko tresnak eskaintzen badizkizu, baita laneko ordutegia oso ona bada ere. Unibertsitateko ikasketak errentagarriak diren ala ez definitzea ez da, ez, lan makala, erantzuna balorazioa egiteko erabiltzen den neurgailuaren araberakoa izango delako, baita pertsona bakoitzaren araberakoa ere.

 

Ikuspegi ekonomiko hutsetik begiratuta, ordea, bi galdera nagusi agertzen dira: zenbat kostatzen du gradu bat ikasteak? Eta zenbateko aukerak eskaintzen ditu ondoren lan merkatuan?

Zenbateko kostu ekonomikoa du gradu bat ikasteak?

EHU da, besteak beste, Euskal Herriko unibertsitate garrantzitsuenetako bat. Unibertsitateak urtero-urtero publiko egiten ditu ikasketa zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioak, kreditu bakoitzak zenbat balio duen zehaztuta. EHUren kasuan karrerak lau multzotan sailkatzen dira, “esperimentazio mailaren” arabera: batetik, lehenengo eta bigarren mailakoak, praktikotasun eta azpiegitura handiko graduak (Biologia, Erizaintza, Odontologia, Sorkuntza eta Diseinua…); bestetik, hirugarren mailakoak, baliabide ertainak behar dituzten graduak (Ikus-entzunezko Komunikazioa, Ekonomia, Haur Hezkuntza…); azkenik, teorikoagoak diren graduak (Kriminologia, Zuzenbidea, Kazetaritza…). Graduaren esperimentazio maila gero eta altuagoa izan, kredituak orduan eta garestiagoak dira. Lehen bi taldeen kasuan, kreditu bakoitzeko 18,5 euro inguru ordaindu behar dira; hirugarren eta laugarrenen kasuan, prezioa 13,5 euro ingurura beheratzen da. Kontuan izanda, orokorrean, karrerak lau urtekoak izaten direla eta ikasturte bakoitzak 60 kreditu dituela, EHUn gradu oso bat egiteak 3.240 euro eta 4.440 euro arteko kostua suposatzen du.

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) ere zenbatekoak antzekoak izan dira 2026/2027 ikasturterako. Kasu horretan, unibertsitateak bi multzotan sailkatzen ditu graduak: lehenengoen kasuan (ingeniaritzak eta osasun-zientziak), kreditu bakoitzak 21,5 euro inguru balio ditu, eta bigarrenen kasuan (gizarte-zientziak eta ekonomia zientziak), prezioa 15 euroren bueltan dabil. Horrek esan nahi du lau urteko ikasketek, gutxienez, 3.624 euroko kostua dutela, baina 5.160 euroraino irits daitekeela, hautatutako karreraren arabera.

Iparraldean, unibertsitate publiko esanguratsua da Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea (UPPA), Baionan kokatutakoa. Bertan matrikulatzen diren ikasleek Hegoaldekoek baino nabarmen gutxiago ordaindu behar izaten dute, bai prezioa bera merkeagoa delako, bai ikasketak hiru urtekoak izaten direlako: matrikulak 283 euroko kostua du urteko, alegia, 849 euro ikasketa guztiengatik (beti ere, Europako ikaslea bazara, bestela askoz garestiagoak dira).

Ingeniaritzek normalean 8.000 euro inguruko kostua dute, eta gradurik garestienak 10.000 eurotik gora irits daitezke

Eta noski, milaka eta milaka ikasleren errealitatea albo batean geratuko litzateke, unibertsitate pribatuez hitz egin ezean. Nafarroako Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea dira ezagunenetako bi, eta pribatu izaerari zor, nabarmen garestiagoak dira. Nafarroakoari dagokionez, 2026/2027 ikasturtean karreren prezioen batez bestekoa, gutxi gorabehera, 15.000-16.000 eurokoa da ikastaro bakoitzeko —merkeenak 11.750 euro eta garestienak 20.400 euro—; beraz, lau urteko ikasketek 60.000 euroko inbertsioa suposa dezakete, batez beste. Mondragon Unibertsitateko graduen prezioak ere asko aldatzen dira ikasketaren arabera, baina gehienak 6.500 eta 10.000 euro artean daude, urte bakoitzeko. Ingeniaritzek normalean 8.000 euro inguruko kostua dute, eta gradurik garestienak 10.000 eurotik gora irits daitezke. Alegia, karrera osoarengatik 30.000-40.000 euro artean ordaindu behar dira.

Publikoa, pribatua, hangoa edo hemengoa aukeratuta ere, oro har beti izango dira gastu gehigarriak: aseguruak, administrazio-tasak, erosi beharreko materialak, garraioa, ostatua edo egoitza —kostu handia suposatzen dutenak—, janaria… Finean, normalean aurreikusitakoa baino kostu handiagoa izaten duela unibertsitate karrera bat ikasteak. 

Laneratzea: zer karrerek eskaintzen dute egonkortasun handiena?

Ekonomiaren ildo beretik jarraituta, interesgarria da aztertzea karreren kostua gainditu ondoren zein irabazi iritsi ohi diren. Oro har, Euskal Herriko datuek erakusten dute unibertsitate ikasketek lan merkatuan sartzeko aukera handiak eskaintzen dituztela. Lanbideren arabera, unibertsitate tituludunen %85 lanean ari da ikasketak amaitu eta hiru urtera, eta %64k egonkortasun laborala lortzen du.

Hori gutxi balitz, azken hamarkadan nabarmen hobetu da laneratzea. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eta SIIU sistemaren datuen arabera, ikasketak amaitu eta lau urtera Gizarte Segurantzan afiliatutako graduatuen tasa %84,9koa da EAEn eta %81,2koa Nafarroan. Duela hamar urteko datuekin alderatuta, jauzia handia izan da: 2009-2010eko promozioetan afiliatze tasa %69 ingurukoa izan zen Hegoaldean. Era berean, nabarmentzekoa da afiliazio-tasa baxuagoa dela unibertsitate pribatuetako tituludunen kasuan, unibertsitate publikoko tituludunen kasuan baino. Soldatei dagokienez, Lanbideren datuek diote EAEko unibertsitate tituludunen batez besteko soldata garbia 1.828 eurokoa dela hilean, lanaldi osoei dagokionez. 

Lanbidek zein CyD Fundazioak eskainitako datuek diotenez, arlo teknikoek eta osasunarekin lotutakoek dituzte laneratze daturik onenak

Ipar Euskal Herrian ere antzeko joera ikus daiteke. UPPA unibertsitateko 2021-2022 promozioko graduatuen artean (ez soilik Baionakoak, ezpada egoitza guztietakoak), lan merkatura sartzea erabaki zutenen %91k enplegua du gaur egun. Gehienek kontratu egonkorra dute, eta erdiek hilean 1.925 euro garbi baino gehiago irabazten dituzte.

Hala ere, alde handia sortzen da laneratze tasa sektoreka aztertuz gero. Lanbidek zein CyD Fundazioak eskainitako datuek diotenez, arlo teknikoek eta osasunarekin lotutakoek dituzte laneratze daturik onenak: Ingeniaritza, Informatika edo Medikuntza bezalako ikasketek %90etik gorako okupazio tasak dituzte. Medikuntzak, esaterako, %94ko afiliatze tasa dauka, baita batez besteko kotizazio oinarririk altuena ere. Osasun arloan, gainera, tituludunen %89k ikasitakoarekin zuzenean lotutako lanetan jarduten du.

Kontrara, Giza eta Arte arloek erakusten dituzte daturik apalenak. Nafarroan, adibidez, 2018-2019an Arte eta Humanitateetan graduatu zirenen afiliatze tasa %39,6koa baino ez da izan lau urteetara, eta CyD Fundazioaren arabera, arlo horiek dituzte, gainera, soldatarik baxuenak eta lan egonkortasun txikiena.

Soldatak, kontratuak eta afiliatze tasak neurtzea erraza da; askoz zailagoa, ordea, pertsonen gogobetetasuna neurtzea

Behin datu guztiak bilduta, esan gabe doa: datu ekonomikoek ez dute guztia azaltzen. Soldatak, kontratuak eta afiliatze tasak neurtzea erraza da; askoz zailagoa, ordea, pertsonen gogobetetasuna neurtzea. Zein neurritan dauden pertsonak gustura euren lanarekin, zein ikasketek eskaintzen duten bizi-kalitate hobea edota zein arlotako langileak sentitzen diren asebeteago euren egunerokoan. Ezbairik gabe, beste artikulu baterako eztabaida.