Urarekin nahastetik, berezko izatera

Nafarroako Mainegra, Arabako Faustino, Bizkaiko Doniene Garrondona, eta Gipuzkoako Txomin Etxaniz dira ardo apardunak ekoizten dituzten euskal upeltegi batzuk

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

2023a ate joka dugu. Euskal Herritar askok mahatsa edo ordezko batekin ematen diogu ongi etorria urte berriari, ahoa beteta dugula “Urtu burru on!” oihupean.

Ahokoari bultzadatxo bat emateko asmoz, ardoa, garagardoa, likorea edo ardo apardunekin laguntzen diogu. Izan ere, egoera bereziak eskatzen duelako. Topa egin, eta barrura, oraingoan bai, “ Urte berri on!” ondo ahoskatuz. Tradizionalenak, ardo apardunak izaten dira Gabonetako otarretan izaten direlako, baina, nondik dator ardo mota hau?

Lehenik eta behin, ezberdindu beharra dago ardo apardun eta xanpainaren artean. Xanpaina bada ardo aparduna baina, ardo apardun guztiak ez dira xanpainak. Esan dezakegu, lehenengo ardo aparduna xanpaina izan zela, Dom Perignon monjeak asmatutako champenoise metodoaren ondorioz.

Dom Perignon frantsesaren elezaharra jazo baino lehen ardo aparra jada erregistratuta zegoen. Ardoaren burbuilak aipatzen dituen dokumenturik zaharrena Kristo ondorengo 522. urteko egiptoar papiro bat da, ardo baten salmenta baliogabetze kasuak zerrendatzen dituena. Izan ere, bi aldiz hartzituta zegoen, eta beraz, akatstzat hartu zen.

Ardoaren burbuilak aipatzen dituen dokumenturik zaharrena, Kristo ondorengo 522. urteko egiptoar papiro bat da, ardo baten salmenta baliogabetze kasuak zerrendatzen dituena

Beraz, ardo apardunak ezagunak ziren, baina ez ziren ekoizten eta, badaezpada, urarekin nahastuta edaten ziren. Gainera, Dom Perignonek ez zuen ardo apardun bat sortzeko asmorik, mahats beltzez egindako ardo zuria egitea zen bere helburua.

Sorpresa hartu zuen Perignonek bigarren hartzidura horretan, burbuilak ateratzen zirela ikusi zuenean. Burbuila horiek sorpresa ona baino, eskasa izan zen. Botilak lehertzen hasi ziren eta benetako hondamendiak eragin zituzten upeltegietan, ekoizpenaren %4 eta %40 bitartean galtzen zen eztandaren ondorioz, beira ez zelako behar bezain gogorra.

Orain erraz ikusten da konponbidea ondoko uhartean zuela Perignonek. Ingalaterran XVII. mendean lehenengo krisi klimatikoa bizitzen ari ziren. Jacobo I erregeak debekatu egin zuen egurraren erabilera beira sortzeko. Egurraren ordezko zerbait behar zuten ingelesek erregai bezala erabiltzeko eta hori, ikatza zen. Nahiz eta erregai narrasa eta toxikoa izan, beiragileak, segituan ohartu ziren egurrak baino tenperatura altuagoak lortzen zituela, eta horri esker beira gogorragoa, zabalagoa eta iraunkorragoa egiten zela. Beraz, Perignon jaunak botila ingelesak indarrez erabili behar izan zituen bere ardo ospetsua egiteko, eta atzerrira esportatu ahal izateko. Azkenean egia izango da, porroten ostean, arrakasta datorrela.

Azken hogei urteetan, ardo apardunaren merkatua erritmo bizian zabaldu dela dio Vinitur ardoetan espezializatutako aldizkari digitalak, munduko eskari handiari erantzunez. 2018an, munduko ardo apardunaren ekoizpena 2.000 milioi litrora iritsi zen lehen aldiz eta %57ko igoera orokorra izan zuen 2002tik.

Ardo horien ekoizpena mundu osoan banatzen da. Hala ere, ekoizleen kontzentrazio handiena Europar Batasunaren barruan dago. 2000. urteaz geroztik, EBk munduko ekoizpen-bolumenaren %70-80 hartu du. Espainiaren kasuan, 2000. urteaz geroztik, urteko bataz besteko hazkunde-tasa %4koa izan da. Cava da herrialdean gehien ekoitzitako ardo aparduna, bolumen osoaren %52a.

2018an, munduko ardo apardunaren ekoizpena 2.000 milioi litrora iritsi zen lehen aldiz eta %57ko igoera orokorra izan zuen 2002tik

Euskal Herrian ardo apardunak ekoizten dituzten zenbait upeltegi daude. Kronologikoki zerrendatuz, lehena, Nafarroako Mainegra familia upeltegia izan zen. 1985ean, mahats zuriaren irteera komertzial zaila zela eta, Suberviola anaiek, beren cava egiten hastea erabaki zuten. Orduan ez zegoen jatorri-deiturarik, ardo apardunen erregistro bat baizik, eta bertan inskribatu ziren. Egun, urtean, 50.000 botila inguru esportatzen dituzte.

Arabako Faustino upeltegiak jada, 125 urtez funtzionatzen zuen Errioxa Ardoak soilik produzitzen. 1986an hasi zen cavak ere ekoizten, eta gaur egun, hiru cava kategoria dituzte: gorriak, lehorrak eta oso lehorrak. Lehorra esaten zaio, cava azukrearekin nahasten delako, zenbat eta azukre gutxiago izan lehorragoa izango da, garbiagoa.

Cava da herrialdean gehien ekoitzitako ardo aparduna, bolumen osoaren %52a

1996an hiru bazkidek beka bidez, “ilusio handiz eta ezagutza gutxirekin” jarri zuten martxan Doniene Garrondona upeltegia. Itziar Insaustik azaldu duenez, 2000. urtean ekin zioten artisau-moduan ekoitzitako ardo apardunei, “bertakoari bultzada bat emateko asmoz”.

Euskal kontsumitzaileek ohitura dute bertan ekoitzitako ardoak, txakolinarekin alderatzeko, datuak eta zaporeak guztiz ezberdinak direnean. Izan ere, txakolina eta ardo apardunak ez dituzte berdin esportatzen. Urtean, 80.000 litro txakolin produzitzen dituzte, hau da, 100.000 botila inguru. Apardunak ekoizteko, denbora gehiago behar da, bi aldiz hartzitu behar direlako eta artisau-moduan, beraz, bi mila botila inguru.

Europako ardo apardunen arteko lehiakortasuna handiagoa da. Frantziak xanpainaren jatorri-izena izateak ez du asko laguntzen, Italia ekoizle erregea da eta Alemania hirugarren postuan dago. Hala ere, nazioarteko merkatuan tarte bat egitea lortu dute, Erresuma Batura, Japonia, Belgika eta Alemania herrialdetara apardunak esportatuz. “Kontsumitzaile hobeak dira europarrak, ardo apardunak jatorduetan erabiltzeko ohitura dute, ez bakarrik egoera berezietan”, badirudi, Euskal Herrian, ohitura hori azaltzen hasi dela ardo zuria gero eta gehiago kontsumitzen delako.

Itziar Insausti: “Kontsumitzaile hobeak dira europarrak, ardo apardunak jatorduetan erabiltzeko ohitura dute, ez bakarrik egoera berezietan”

Getariako Txomin Etxaniz familia-upeltegiko Mikel Txuekaren hitzetan, 2006an hasi ziren “interes aldetik” ardo apardunen ekoizpenean. Hasieran, lau mila litro ekoizten zituzten baina, egun, hamar mila litrora igo dute produkzioa %90 txuri apardunak eta %4 gorriak. Bertan landatu, jaso eta lantzen dituzte ardo apardunak eta baita txakolinak ere.

Gabonetan eskaintzak gora egiten du, egoera bereziak direlako. Hala ere, Doniene Garrondona upeltegiari gertatzen zaion bezala, “nazioartera irekitzeko zailtasunak” dituzte, baina, ardo apardunak ez dira hain arrakastatsuak. Belgika, Holanda eta Erresuma Batura bidali izan dituzte botilak, “ez Gipuzkoara eta Bizkaira bezainbeste”.

Ardo apardunen arrakasta kontsumoaren jarrera aldaketa izan da Europan gehien bat. Izan ere, egoera berezietan soilik kontsumitzen jarraituko balitz, ez litzateke merkatua hainbeste haziko. Euskal kontsumitzaileen kasuan, bertan ekoitzitako ardo apardunek badute kalitatea, landatzeko klima egokia eta baita materiala ere. Ohitura da aldatzeko falta dena, “Urte berri on”, “On egin”-ekin batera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK