
Workation, edo beste era batera esanda, lan-oporren bidez, langileek opor leku izan ohi diren tokietan lan egiteko aukera izaten dute. Terminoa ingeleseko bi hitzez osatuta dago: work (lana) eta vacation (oporrak).
Printzipioz, lana eta aisialdia uztartu ahal izateko aukera ematen du; adibidez, goizetan lana egin, eta arratsaldetan turismoaz gozatu atzerriko hiri batean. Horrek, enpresarentzako onurak ekarriko lituzke; hau da, erabakitzeko gaitasun handiagoa, produktibitatea eta sormena handitzea, langilearen ongizate emozionalarekin zuzenean lotuta.
“Kanpotik begiratuta, esperientzia askok perfektuak dirudite, txanponaren alde bakarra ikusten dugulako. Gidari turistiko baten bizitza irudikatzen dugunean bezala, eta bidaiatzea eta jendea ezagutzea besterik ez dela pentsatzen dugunean bezala... baina ez ditugu jardunaldi amaigabeak, arazo logistikoak edo pilatutako nekea ikusten”, dio Maider del Rio psikologoak. Lan-oporrekin antzeko zerbait gertatzen da: pertsona batzuentzat aire freskoa izan daiteke, motibazioa berritzen duena; beste batzuentzat, berriz, maletan estresa eramatea da. “Azpimarratuko nuke eszenatokiz aldatzeak ez duela zertan pentsamoldea aldatu. Zure dinamikak berrikusten ez badituzu, estresak zurekin bidaiatzen du”, argitu du psikologoak.
Sormena eta jakin-mina sustatzeko ahalmena
Psikologiaren ikuspuntutik, lan modalitate horrek sormena eta jakin-mina aktiba ditzake. Herri txiki bateko parke batean, zuhaitz batzuen itzalpean, oporretan lan egitera joaten zarenean, ingurua desberdina da, argia bestelakoa, eta horrek freskotasuna ematen dio pentsaerari. Del Riok dioenez, berritasunak ideien sorrera estimulatzen du.
Maider del Rio: "Eszenatokiz aldatzeak ez du zertan pentsamoldea aldatu. Zure dinamikak berrikusten ez badituzu, estresak zurekin bidaiatzen du”
Baina kontuz, une horretan norbaitek argazki bat aterako balu, norbait bakarrik ageriko litzateke, zuhaitzen artean idazten ingurune idiliko batean. Ostera, inork ez du imajinatzen konexio-arazoak, beroa edo inguruan bueltaka dabiltzan euliak daudela.
Arrisku nagusiak
Langilearentzako arrisku handiak sor ditzake lan modalitate honek. Alde batetik, deskonexio eza; izan ere, zein puntura arte gozatuko duzu zure aisialdiaz, lanari atxikita jarraitzen baduzu? “Planteamendu ideal batean lan modalitate hau benetako oporrekin uztartu behar da; hau da, urteko oporrez aparte. Baina errealitatean, urteko oporretan lan egitea ere ez da gauza arraroa”, adierazi du Josu Uriguen abokatuak. Beste aldetik, enpresaren ikuspegia zeharo desberdina izan daiteke: langileak arreta galtzea opor leku batean egoteagatik. Uriguenen arabera, horrek eguneroko kontrol beharra eskatuko luke, ebaluazioak, etab.
Josu Uriguen: “Planteamendu ideal batean lan modalitate hau benetako oporrekin uztartu behar da; hau da, urteko oporretaz aparte. Baina errealitatean, urteko oporretan lan egitea ere ez da gauza arraroa”
Del Rioren arabera, arrisku nagusia inoiz ez deskonektatzea da. Berreskurapenaren teoriak (Sonnentag eta Fritz, 2015) azaltzen duenez, gorputza eta adimena berreskuratzeko, lan-eskaerarik gabeko uneak behar ditugu. Workation batean, lana ordu guztietan badago, atsedenaren funtsa galtzen da.
Espektatiben tranpa ere hor dago: itsasoari begira lan egitearekin amets egitea, eta apartamentu txiki batean lan egiten amaitzea, konexio txarrarekin eta erlojuari baino paisaiari gehiago begira.
Praktikan, sektore askotan oso zaila egiten da urteko 30 oporrez bere osotasunean gozatzea, deskonexio digitala askotan ia ezinezkoa egiten delako. Halaber, Uriguenen arabera, lan modalitate hori aproposa izan daiteke ohiko oporrak bere osotasunean errespetatzen badira.
Mugak jartzea
Bizitza pertsonala eta lana ez nahasteko, badaude erremintak, hala nola muga argiak jartzea; zehaztutako ordutegiak, lan egiteko espazio zehatz bat eta erabateko deskonexiorako hitzartutako uneak.
“Festa batean bezala: ez baduzu erabakitzen noiz joan, beti egongo da "beste pixka batean geratu" batekin atxikiko zaituen norbait, eta festa luzatu egiten da jada gozatzen ez duzun arte”, gehitu du del Riok. Beraz, atsedenaldiak eta lanak beren mugak behar dituzte biek zentzua izan dezaten.
Telelana gero eta ohikoagoa
Lan modalitate horretan lan egiteko langilearen adostasuna beharko da beti, ezin baitaiteke lekualdatze bat inposatu. Zentzu horretan, langileak konpentsazioak eskatzeko ahalmena ere badu. “Ohikoena telelana izaten da: epe jakin batzuetan etxetik lan egitea eta beste denboraldi batzuetan lan presentziala egitea”, esan du Uriguenek. Telelanaren baldintzak legean zehaztuta daude, eta, gaur egun, teorian oso araututa daude.

Gainera, enpresak egokitzat jotzen dituen zaintza eta kontrol neurriak erabil ditzake langileak bere laneko betebeharrak eta horiek betetzen dituela egiaztatzeko, eta gailu digitalaren osotasuna bermatzeko; hala nola ordenagailuak monitorizatzea edo Interneteko nabigazioa kontrolatzea. Hala ere, gailu horiek hartzean, enplegatzaileak langilearen duintasunari zor zaion begirunea behar du. Bereziki, laneko espazio birtualean intimitatera eta datu pertsonalen babeserako eskubidea.
Norberarentzat egokia den eredua aurkitzea
“Erasmus esperientzia gogorarazten dit: kanpotik begiratuta, mundu guztiarentzat zoragarria izan behar duela dirudi, ezta? Baina ez da beti hala izaten. Pertsona batzuk hazkunde pertsonal izugarriarekin itzultzen dira, eta beste batzuk bakarrik sentitzen dira, lekuz kanpo edo atsekabetuta, esperientzia ez datorrelako bat irudikatutakoarekin”, adierazi du del Riok.
Itxaropenaren eta errealitatearen arteko distantzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aukera handiagoa frustrazioa izateko. “Lan-oporrekin gauza bera gertatzen da: energiaz beteta itzuli diren pertsonak ezagutu ditut... eta emozionalki joan zirenean baino nekatuago dauden beste batzuk ere”, aitortu du.
Del Rioren ustez, kontua ez da lan modalitate hori ona edo txarra den epaitzea, norberarentzat egokia den jakitea baizik. Norberaren izateko eta kudeatzeko moduarentzat, eta bakoitzaren bizi-unearentzat, lana bizitzeko modu hori egokitzen den edo ez.