• LAN ETA BIZI
  • Zaurgarritasuna jarduera fisikorako oztopo bihurtzen denean

Zaurgarritasuna jarduera fisikorako oztopo bihurtzen denean

EHUko Leioako Erizaintza Fakultateko ikerketa talde batek Bilboko San Francisco eta Uribarriko auzoetan herritarrengan espazioaren eraketak jarduera fisikoarengan duen eragina aztertu dute

Uribarrin eginiko saio bateko irudia | Argazkia: Pello Seron
Uribarrin eginiko saio bateko irudia | Argazkia: Pello Seron
2026eko otsailaren 8a - 05:30

“Hiriak eta auzoak ez dira neutralak. Haien diseinuak helburu jakin bati erantzuten dio, eta ondorio zuzenak ditu bertan bizi direnengan". Halaxe diote Ainara San-Juan-Escudero, Silvia Caballero-Sánchez, Julia Fernández-Alonso, Iratxe Pérez-Urdiales, Irati Ayesta-Landaluce, Irrintzi Fernández-Aedo eta Leyre Gravina-Alfonso EHUko Erizaintza Fakultateko ikerlariek Inpakta izeneko aldizkarian argitara eman duten ikerkuntzari buruzko artikuluan. "Besteak beste, jarduera fisikoa baldintzatzen du diseinuak. Europako hirietan sedentarismoa %45ekoa izanik, garrantzitsua da auzoek ahalik eta gehien erraztea herritarrek egunerokoan jarduera fisikoa egiteko aukera. Horrek, noski, hiri-plangintzaren ikuspegi inklusibo bat eskatzen du”, aipatu dute. Kultur- eta kirol-eskaintza publikoa urria dela aipatu dute parte-hartzaileek, eta kezka sortu du kirol-eskaintzaren pribatizazioak.

 

Bilboko bi auzotan burutu dute ikerketa, Uribarrin eta San Frantziskon, hain zuzen ere, herritarren jarduera fisikoa baldintzatzen duten faktoreak identifikatzeko asmoarekin. Tokiko ezagutza eta herritarren lankidetza aktiboa baliatuz, prozesuak izaera parte-hartzailea izan du. Bizilagunek, argazki-kamera eskuetan, iruditan deskribatu dituzte euren eguneroko ibilbideak, bertan topatzen dituzten mugak, beldurrak eta indarguneak agerian utzita. Eta, noski, argazki horiek auzoaren diseinua berrikusten lagundu dute.

Ainara San Juan (EHU): "Jarduera fisikoa baldintzatzen duten oztopoak zeintzuk ziren aztertu nahi genuen 2021ean abiatutako ikerketan. San Frantzisko eta Uribarri aukeratu genituen"

Ainara San Juan Doktoretza aurreko ikertzaileak EnpresaBIDEAri kontatutakoaren arabera, "jarduera fisikoa baldintzatzen duten oztopoak zeintzuk ziren aztertu nahi genuen 2021ean abiatutako ikerketan. San Frantzisko eta Uribarri aukeratu genituen, batetik, auzo-elkarteak dituztelako eta horrek parte-hartzaileak lortzeko gauzak errazten dituelako, eta, bestetik, testuinguru sozioekonomikoagatik. Izan ere, uste genuen normalean baztertuta geratzen diren herritarren ahotsak jasotzea ahalduntze modu bat zela".

 

Gauzak hala, auzo bakoitzean bi talde egin zituzten: bata emakumezkoena, eta bestea gizonezkoena. Talde bakoitzak bost saiotan hartu zuen parte. Gaia planteatu ondoren, auzoetako argazkiak eraman zituzten hurrengo saiora, eguneroko bizitzan jarduera fisikoarekin erlazionatutako guztia irudietan jarrita.

Kirol-eskaintzaren pribatizazioa eta irisgarritasun mekaniko mugatua

Auzoan jarduera fisikoa egiteko aukera baldintzatzen duten hainbat faktore identifikatu dituzte herritarrek. Espazioei dagokienez, kultur- eta kirol-eskaintza publikoa urria dela aipatu dute, eta kezka sortu du kirol-eskaintzaren pribatizazioak herritarren artean. Irisgarritasunari dagokionez, auzo zaurgarrietan irisgarritasun mekanikoa oraindik guztiz garatu gabe dagoela adierazi dute, eta horrek kolektibo askoren mugikortasuna murriztu dezake, batez ere, auzo askok orografia maldatsua dutela kontuan hartuta.

Segurtasun-pertzepzioa izatea mugikortasun aktiboa sustatzeko lehenengo mailako baldintzatzailea izan da ikerketan nabarmendutakoaren arabera. Espazio ilunak aipatu dituzte parte-hartzaileek: tunelak, utzitako lekuak, alkoholizatutako pertsonak biltzen dituztenak, bandalismo-guneak… Baliabideen kudeaketan gabeziak hauteman dituzte: utzikeriaren ondorioz zahartu diren espazio asko daude, eta ezinbestekotzat jo da haiek berregokitu eta argiztatzea. Halaber, zerbitzu eta garraio publikoen sarbidea hobetzea eskatu dute. “Aukeratutako auzook testuinguru oso zehatz bat dute eta horregatik aukeratu genituen. Parte-hartze aktiboa bilatzen genuen eta horretarako aproposenak ziren. Uribarri industrializazio prozesuaren ondoren sortutako auzoa da, eta, San Frantzisko bezala, maldan kokatzen den auzoa da. Horrez gain, adinekoen eta atzerritarren kopuru altua dute biek ala biek”, dio San Juanek.

Sanfran Zelai Garcia
San Frantzisko auzoan egindako saio bateko irudia | Argazkia: Zelai Garcia

Herritarren ikerketa ez da diagnostiko hutsean geratu. Prozesu parte-hartzaileak herritarrak ahaldundu egin ditu ikertzaileen arabera: euren argazkietan eta eztabaidetan oinarrituz, ondorioak idatzi eta proposamen zehatzak egin dituzte arazoei irtenbidea emateko, jarduera fisikoa sustatzeko asmoarekin. “Guk zubi-lana egin dugu herritarren proposamenak agintari publikoengana heldu daitezen", adierazi du San Juanek. Horrela bada, ingurune urbanoa hobetzeko gomendio politikoen txostena helarazi zaio Bilboko Udalari. Tokiko ezagutza gizartearekin eta erakundeekin zabaldu da hainbat ekintzen bidez, hala nola, jardunaldiak, argazki-erakusketak, bideoa, webgunea, sare sozialak, etab. 

Ikertzaileek azpimarratzen dutenaren arabera, osasun-arloko ikerketan lan berritzailea burutu dute: ezagutza zientifikoa lortzeaz gain, herritarren hiri-osasunaren inguruko kontzientzia indartu da, baita komunitatearen gaitasun kolektiboa bultzatu ere.