Zenbat lurralde, hainbat ginebra

Badira Araban, Nafarroan, Lapurdin eta Bizkaian sortutako ginebrak. Ekoizle bakoitza bere nortasun propioaren bila aritu da.

Argazkia : Licores Barañano Argazkia : Licores Barañano

Gastronomia gustuko duen herria gara. Jatea gustuko dugu, baita edatea ere. Irulegiko arnoa, ardo gorri nafarra, eta Arabako Errioxako altxorrak gurtzen ditugu jainkoak bailiran. Txakolina etxeko erregina bihurtu dugu, eta sagardotegiak gure pelegrinaje jomuga egin ditugu, urteroko erromesaldian. Xabier Montoiak musikaz maisuki azaldu zuen: "Botila guztiak aski ez izan nonbait gure egarria asetzeko. Ardoa ona da, hoberik ote da? Jainkoen opari guretzat". Baina ardoa soilik ez. Garagardoa egiten ere ikasi genuen. Eta patxaranaz zer esan? Basaranaren edabeak sorgindu egiten gaitu ohartu barik, goxo-goxo. 

Begiak itxita Euskal Herriko patxaran, sagardo, garagardo eta ardo marka andana errezitatzeko kapaz gara. Eta ginebrak? Euskal ginebrarik ezagutzen al dugu? Egon, badaude.

Begiak itxita euskal edarien marka andana errezitatzeko kapaz gara. Eta ginebrak? Euskal ginebrarik ezagutzen al dugu? Egon, badaude.

XVII. mendean sortu zen ginebra, Herbehereetan. Sendabide izateko sortu zuten, digestio-arazoen eta giltzurrunen aurkako sendabide gisa. Franciscus Sylvius Leyden hiriko Medikuntza Fakultateko irakasleak ipuruaren fruitua alkohol hutsez destilatu zuen botika bat ekoizteko. Fruitu horrek giltzurrunarentzat zituen propietate onuragarriak aprobetxatzea zen helburua. Edaria erraz zabaldu zen soldaduen artean, eta gerra askotan erabili zuten. Willem van Oranje-Nassau Herbehereetako erregea 1698an britainiar tronura iritsi eta William III. bilakatu zenean, ginebraren formula berarekin eraman zuen. Bertako gortea edabe berriarekin maitemindu egin omen zen.

Edari berria, baina, laster arazo iturri bilakatu zen. Herri xumeak ezin zuen ordaindu gortean edaten zen kalitate handiko edaria ezin zuen ordaindu, eta gehigarri oso arriskutsuak erabiltzen hasi ziren: azido sulfurikoa, karea... Egoeragatik kezkatuta, gobernuak 1751ean Ginebraeen akta kaleratu zuen edaria debekatzeko. Neurria, baina, ez zen oso eraginkorra izan. Destilategi klandestinoak ugaritu ziren, prezioa asko garestitu zen eta kalitateak okerrera egiten jarraitu zuen, herritarren artean kalte fisiko eta psikikoak eraginez. Gobernuak, azkenean, betoa altxatu zuen, baina arau berriak ezarri zituen haren lanketa, merkataritza, kontsumoa eta fiskalitatea arautzeko. Ginebraren negozioa apurka-apurka sendotu egin zen, distira berria lortuz. XIX. mendearen hasieran ekoitzi zuten lehen aldiz Beefeater. Gaur arte. Londresekin lotzen dugu egun ginebra, jatorri nederlandarra izan arren. 

Azken urteotan, bigarren loraldi garaia izan du. Espainian, esaterako, salmentak bikoiztu egin ziren 2009tik 2015era. Hazkundeak ez du etenik izan geroztik, baina modu apalagoan igo da. IWSR nazioartean alkoholdun edarien alorreko erreferentziazko erakundeak berriki kaleratutako txosten batean, ginebraren berpizkundea sendoa dela berrestsi du. 2018. eta 2023. urte bitartean kontsumoak % 4,4 gora egitea aurreikusi du, Premium eremuan batez ere.

2018. eta 2023. urte bitartean kontsumoak % 4,4 gora egitea aurreikusi du IWSR erakundeak, Premium eremuan batez ere

Edarien enpresa multinazionalak mugitzen hasi dira goi mailako negozioan merkatu kuota irabazteko. Diageok, edarien erraldoiak, 2020an Aviation American Gin marka erosi zuen 610 milioi dolarren truke. Ryan Reynolds aktorearen marka zen, Estatu Batuetan punta-puntako marka. Espainiar estatuan, ginebrak gorakada nabaria izan du. Gaur egun, edari destilatuen alorrean lidergoa kendu dio whiskiari. Premium alorra da biziago hazten ari dena. Euskal Herriko enpresek ere negozio aukera ikusi dute, eta azken urteotan ginebra berriak jaio dira. Bertako ginebrak.

Amurrioko (Araba) Licores Barañano enpresak argi ikusi zuen negozio aukera. Ehun urtetik gorako familia-tradizioari eutsi diote. 1831. urte aurretik, José Manuel Atxa Barañanok alkimiaren artea ikasi zuen; lau belaunaldiren ondoren enpresak artisau eran egiten ditu bere likoreak. Gaizka Barañanoren hitzetan  "arbasoengandik jasotako esperientzia, eta eskuz idatzitako eta kontu handiz gordetako XIX. mendeko formulak" baliatzen dituzte.  Euren produktu izarrak patxarana eta likoreak badira ere, merkatuak eskatzen duenari adi izaten dira. Duela bi urte, Premium alorreko ginebra sortzea erabaki zuten, SLOE izenekoa. Gasteizko Basque Moonshiners destilategiarekin lankidetzan sortu zuten. Barañanok bere markaren nortasunari eutsi nahi izan zion ginebra berrian inguruko lur eremuko esentziak erabilita. Apustuak bere fruituak eman zituen: Londreseko 2022ko World gin awards sarietan zilarrezko domina lortu zuten. Horrek nazioarteko merkatuetako ateak zabaldu zizkien. Ekoizpenaren % 5 baino ez dute esportatzen, baina dagoeneko Estatu Batuetako, Erresuma Batuko, Frantziako eta Alemaniako merkatuetan saltzen hasiak dira. 

Amurriotik gertu Okendo (Araba) herria dago. Bertakoa da Astobiza txakoliña. Negozioaren muina ardoa bada ere, ideia berriekin esperimentatzea gustuko dute. Jon Zubeldia Astobizako zuzendariak aspalditik zuen buruan zerbait berria egiteko gogoa. Uxuala egiten saiatu ziren, baina ez ziren gustura gelditu. Gasteizko Basque Moonshinerseko kideak ezagutu, eta elkarrekin probak egiten hasi ziren. Astobizako mahastietako mahatsa eta txakolina hartu zuten ginebraren oinarrirako, eta Aiaraldeko esentzia gehitu zuten. Emaitza ezin hobea izan zen: goi mailako Astobiza Ginebra. Nazioarteko merkatuetara produkzioaren erdia baino gehiago saltzen dute.

Merkatuaren eskaria asetzeko eta esperimentatzeko grinak bultzatuta euskal ekoizleek produktu berriak sortu dituzte. Bogan dagoen bermutaren merkatuari ere heldu diote.

Berrikuntzarako sena da Nafarroako Afterglow ginebraren oinarria. COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurriek zer hausnartu eman zien Agoitzeko bi gazteri. Zoriontasun uneak bilduko zituen ginebra sortu nahi izan zuten: oinarrizko gauzen zoriontasuna zuten ardatz, familiarekin edo lagunekin egoteko uneak bezalakoak, pandemiak lapurtutako uneak. Kalitate handiko ginebra sortzea zen helburua, Iratiko esentziez jantzia. Esan eta egin. 600 botilako ekoizpen txikia egin zuten, online salgai dagoena.

Badira mugaz gaindiko proiektuak ere. Senpereko (Lapurdi) Camille eta Benjamin Fourt Arteaga anaiak, esaterako, ikasketak bukatzean Egiazki abenturari ekin zioten. Txikitatik errugbi eta pilota zale porrokatuak, eta Koblakariak musika taldeko kideak izanik, argi zuten euskal lurraldearen produktu bat landu behar zutela. Horren emaitza da Egiazki: tradizioa eta berrikuntza errespetatuz produktu bereizgarri naturalak eta sinpleak egiten dituen likore enpresa. Produktu anitz egiten dituzte, tartean ginebra: Arana Dry Gin. "Hasi gira Ginebra egiten ikusi baitugu merkatu bat bazela, eta berezki gure basaran mazeratuetaz zerbait egin nahi genuelako, ondotik basaran horiek idortzeko eta berriz saltzeko ginebra fruituaren ordez, zero hondakinerat ailegatzeko", azaldu dute. Funtsean egiazkoaren gustua berraurkitzeko grina dago. Hortik izena. "Nahiz eta COVID-19aren garaian pixkat konplikatua izan, gaur egun bizki kontent gira, tabernetan, jatetxetan eta dendetan saltzen baititugu; beraz, ongi doa, gaurko bezeroek kalitatezko produktuak xekatzen dituztelako", gehitu dute. Une honetan, Iparraldean, Frantzian, Alemanian, eta Bruselan saltzen dugu, eta AEBetara eta Kanadara zabaldu nahi dute merkatua. "Gaur egun basaranez egindako ginebrarik ez da ainitz ikusten; hori balorizatzeko egin nahi genuen ginebra hori".

Euskal ginebren selekzioa

SLOE Dry Gin 

Licores Barañano. Amurrio (Araba). World Gin Awards lehiaketan zilarreko domina (2022). Dry gin artisaua da. Bi zutabeko coffey alanbikeetan ekoitzia, ale-alkohola beratu ondoren. Enpresaren historiarekin lotutako produktu botanikoak ditu: nebrina, ajenjoa, lemon grass, laranja-azala, limoi-azala eta, batez ere, basarana. Kalitatea hobeto kontrolatzeko ekoizpen laburrak hobesten dituzte.

ARANA Dry Gin

Spiritueux Egiazki. Senpere (Lapurdi) Aranaren gozotasuna eta orrearen fruituaren tonikoa konbinatzen du. Fruitu nahasketa horrek gin harmoniatsua ematen du: delikatua, pixka bat mingotsa, tonikoa eta freskoa aldi berean. Dastaketan, sudurra lorezkoa eta fina da, eta ahoa, berriz, aranak markatua. Mingostasun fina du eta zapore zitriko, asentsio eta jengibreekin.

ASTOBIZA Dry Gin

Astobiza Txakolina. Okendo (Araba) London Dry Gin estiloko ginebra, lurraldean errotutakoa. Hiru bereizgarri ditu: euren mahastiko botanikoak, Aiaraldeko ipuru basatietako baiak, eta zitrikoak. Marrubiez eta txokilz osatua. Berrikuntza nagusia mahats bilketako esentzia da.

K-25 Gin

Destilerías Manuel Acha. Amurrio (Araba). Bi urte luzez garatutako egitasmoaren ondorioa da ginebra hau. Hamar botaniko baino gehiago biltzen ditu, Aiaraldekoak gehien bat. Bost aldiz destilatutako alkohola du eta Nerbioi ibaiaren sorburuko ura.

Bilbao Dry Gin

Destilerías Manuel Acha. Amurrio (Araba). Bilbokoak nahi duten tokian jaiotzen direlako. Hamalau botaniko eta bost destilazio ditu. Ezkaia, te gorria, kardamomoa eta altzantroa bezalako zaporen esentzia du. Londreseko International Spirits Competetition lehiaketako zilarrezko domina lortu zuen 2022an.

ANUBIS  Dry Gin

Bilbao Biscay Distillery. Fika (Bizkaia). Ginebra tradizionala gustuko duten kontsumitzailearentzat pentsatutakoa. Lehorra eta orekatua; ez da osagai bat besteen gainetik nabarmentzen. Izaera leun eta nortasun propioa du. Oinarrizko alkoholak bost destilazio ditu.

BALEA Dry Gin

SAS Balea Spirit. Miarritze (Lapurdi). Europako Alanbike zaharrenetako batean landua, BALEA Atlantikoko kostaldearen dotorezia, harmonia eta intentsitatea gorpuzten duten landare aromatiko eta jatorri naturaleko gehigarriez osatua dago. Oinarria zerealen alkohola da, % 96 garia, nekazaritza biologikoan ziurtatua. Erabilitako ura Gorbeia parke naturaletik dator.

AFERTGLOW Dry Gin

Simple Spirits. Agoitz (Nafarroa). Ipuru izaera nabarmena duen ginebra bat da, piperraren freskotasuna eta anis haziaren usaina dituena. Orekatua, ahoan luzea eta amaiera lehorrarekin. Bere zaporeak Iratiko eremuko botanikoetan du oinarri.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK