
Gero eta ohikoagoa da oporrak planifikatzerakoan online plataformen bidez hotel edo ostatu bat erreserbatzea, eta horrekin batera, auto bat alokatzea edo bestelako zerbitzu turistikoak kontratatzea. Prozesu honetan, askotan, datu pertsonalak emateko eskatzen digute: gure izen-abizenak, NAN zenbakia, helbidea, kreditu txartelaren informazioa eta gehiago. Baina hori guztia beharrezkoa al da benetan? Eta batez ere: legezkoa al da horiek guztiak jasotzea eta gordetzea?
Azken urteetan, datuen babesari buruzko araudia garatzen ari da, eta Espainiako Estatuan 2023an indarrean sartu zen 933/2021 Errege Dekretuak puntu garrantzitsu bat markatu du arlo honetan. Dekretu horrek ostatu establezimenduei eta ibilgailuen alokairuko zerbitzuei ezartzen die zenbait datu jakin biltzeko eta agintariei jakinarazteko betebeharra, segurtasun neurrien izenean. Aldiz, EKA/ACUVek (Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak) ohartarazi duenez, lege horrek zalantza eta nahasmena sortu du kontsumitzaileen artean, eta hainbat kasutan, establezimendu batzuk legez jasotzen duten informazioa baino gehiago biltzen ari dira. Hau da, askotan ezjakintasunagatik edo ohituren inertziagatik, bezeroen pribatutasuna urratzen duten datuak eskatzen dira, eta horrek ondorio legalak izan ditzake, isunetatik haratago, kontsumitzailearen eskubideen urraketa zuzena baita. "Ez da kontua soilik legea betetzea edo ez betetzea, baizik eta gure informazio pertsonala kontrolatzeko dugun eskubidearen oinarrian dagoen eztabaida bat", azaldu du EKA/ACUVeko komunikazio arduradun Markel Etxebarriak.
NANaren fotokopia, beharrezkoa?
Araudiaren arabera, ostatua hartzerakoan edo ibilgailu bat alokatzerakoan soilik datu hauek ematea da derrigorrezkoa: izen-abizenak, jaioteguna, nazionalitatea, nortasun agiria (NAN, Pasaportea edo AIZ), eta sarrera eta irteera datak. Horiek dira, hain zuzen ere, segurtasun agintariek eskatzen dituzten gutxieneko datuak, delituak saihesteko edo ikerketa judizialetan erabilgarri izateko.
Markel Etxebarria (EKA/ACUV): “Fotokopia bat egitea ez dago inon aginduta; dokumentua erakustearekin nahikoa da"
Baina hortik haratago, askotan eskatzen dira kreditu txartelaren datuak, NANaren fotokopiak, telefonoa, helbidea, helbide elektroniko pertsonala... eta hori guztia ez da legezkoa, baldin eta ez badago behar bezala justifikatuta. “Fotokopia bat egitea ez dago inon aginduta; dokumentua erakustearekin nahikoa da. Horrelako gehiegikeriek araudia urratzen dute, eta Datuen Babeserako Espainiako Agentziak dagoeneko hainbat isun jarri ditu kasu hauengatik”, ohartarazi du Etxebarriak
Praktika arriskutsuak eta isunak
Ezjakintasunetik edo beste arrazoi batzuk direla medio, zenbait establezimenduk gehiegizko informazio bilketa egiten ari dira. Markel Etxebarriak adierazi duenez, “duela sei hilabete Kantabriako ostatu bati isun bat jarri zioten NANaren fotokopia eskatu eta gordetzeagatik”. Kasu horiek gero eta ohikoagoak dira, eta EKA/ACUV bezalako erakundeek salaketak jasotzen dituzte maiz.
Helbidea, telefonoa edo helbide elektronikoa ere ezin dira eskatu helburu zehatz eta justifikaturik gabe
Gehienetan, fiantza bat gordetzeko kreditu txartelaren datuak eskatzen dira, baina ez da onargarria ordainketa egiazkoa egiten ez bada. Are gutxiago, datu horiek fitxategietan gordetzea edo beste helburu komertzial batzuekin erabiltzea. Helbidea, telefonoa edo helbide elektronikoa ere ezin dira eskatu helburu zehatz eta justifikaturik gabe. “Erreserbaren berrespenerako mezu elektroniko baten bidez bidaltzen bada, ados. Baina establezimendura iritsi eta gero, aldez aurretik beharrezko datu guztiak bete ondoren, eskaintzak bidaltzeko helbide elektronikoa eskatzen badigute, gomendagarria da ez ematea”, azpimarratu du Etxebarriak.
Zer egin dezakegu gure datu gehiegi eskatzen badizkigute?
Kontsumitzaileek gero eta konplexuago ikusten dute haien eskubideen defentsa testuinguru teknologiko honetan. Hala ere, EKA/ACUVetik hainbat gomendio eskaintzen dituzte egoera hauetan jarduteko. Lehena, beldurrik gabe galdetzea: "Zergatik eskatzen duzue hau? Zertarako erabiliko duzue? Galdetzea gure eskubidea da".
Markel Etxebarria (EKA/ACUV): "Beldurrik gabe galdetu: Zergatik eskatzen duzue hau? Zertarako erabiliko duzue? Galdetzea gure eskubidea da".
Bigarrena, daturik automatikoki ez emateko. "Dokumentua erakutsi bai, baina fotokopiarik ez. Xede argirik ez badago, ez da helbide elektronikoa eman behar". Hirugarrena, idatzizko justifikazioa eskatzea. "Datu bat susmagarria iruditzen bazaigu, eska dezagun zergatia idatziz". Laugarrena, "Zure eskubideak urratu direla uste baduzu, Datuen Babeserako Espainiako Agentzian erreklamazioa jartzea". Eta bosgarrena, soilik beharrezko datuak ematea. Alegia, datu bat beharrezkoa ez bada, ez eman. “EKA/ACUVetik argi utzi nahi dugu prest gaudela kontsumitzaileei aholku emateko eta edozein prozesuetan laguntzeko”, gaineratu du EKA/ACUVekoak.
Oporretan ere, gure eskubideak gogoan
Etxebarriak onartzen du ez dela erraza egoera hauei aurre egitea: “Jendea oporretan dabilenean ez du halakoetan pentsatzen, baina ezin dugu ahaztu gure datuak babestea ere gure ardura dela”. Gure identitatea eta pribatutasuna arriskuan jar daiteke praktika hauek onartuz gero.
Markel Etxebarria (EKA/ACUV): “Jendea oporretan dabilenean ez du halakoetan pentsatzen, baina ezin dugu ahaztu gure datuak babestea ere gure ardura dela”
Kontsumitzaileek jakin behar dute datuen babesa oinarrizko eskubidea dela eta, nahiz eta hotel batean egon, euren informazioa kontrolatzeko eskubidea dutela. Ez da gutxietsi behar inongo testuingurutan: identitatea babestea segurtasuna bermatzea baita.