Zinemaldia: enpresa eta ekonomiari buruzko lau film

Diruak, ekonomiak eta enpresek izan dute lekurik Donostiako Zinemaldiko 70. edizioan ere

Unrueh film suitzarraren irudia | Argazkia: Donostiako Zinemaldia Unrueh film suitzarraren irudia | Argazkia: Donostiako Zinemaldia

Zinema ez da maitasuna, komedia edo izua bakarrik. Aspaldidanik, zine areto zein telebistak, eta oraintsuago, streaming plataformek, istorio zirraragarriak kontatzeko mamia finantza munduan aurkitu dute. Horren erakusgarri da ekonomiari eta finantzei buruzko film horietako asko bere urteko Oscar sarietarako izendapen gehien dituztenen artean daudela, eta ekonomiari buruzko telesailak direla kontsumitzaileen artean arrakasta handiena dutenak. Gauzak horrela, Donostiako Zinemaldia ere ez da atzean gelditu, eta ekonomiak, enpresek eta diruak izan dute lekurik bere 70. edizioan. Aurtengo zinema jaialdia amaitzear denean, gaiari lotuta eskaini dituzten filmak aipatu nahi genituzke. Kritika oro alde batera utzita, pelikulen inguruko errepaso soila egingo dugu jarraian:

1.Dos estaciones

Aipatu nahi dugun lehen filmak tekila enpresa baten inguruan hitz egiten du. Maria Garcia Los Altos de Jaliscoko tekila fabrika tradizional baten oinordekoak, bere lantegia irekita eta bizirik mantentzen saiatzen dihardu, atzerriko korporazioek gero eta gehiago menperatzen duten merkatu batean. Egoera zailean dela, Rafaela kontratatzen du, administratzaile berria, eta zenbait krisiri aurre egiteko itxaropenari eusten laguntzen dio. Izurrite batek eta uholdeek beren lurrak kaltetzen dituztenean, negozioa eta presioaren aurka erreakzionatu beharko dute.  

Juan Pablo Gonzalez zuzendari mexikarraren lehen lana Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan (2019) eta WIP Latamen (2021) hautatua izan zen, eta Teresa Sanchez filmeko protagonista nagusiak emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen Sundanceko World Cinema Dramatic Competition lehiaketan.

Zineman, istorio zirraragarriak kontatzeko mamia finantza munduan aurkitu dute askok

2.Unrueh / Unrest

Gure gaiari buruzko bigarren filmak XIX. mendera garamatza, teknologia berriak Suitzako hiri erlojuzale bat eraldatzen ari diren garaira. Josephinek, fabrika bateko langile gazteak, istiluak sortzen ditu erloju mekanikoaren bihotzean. Dirua, denbora eta lana antolatzeko modu berrien eraginpean, erloju anarkisten mugimendu lokalean sartzen da, eta bertan ezagutzen du Pyotr Kropotkin bidaiari errusiarra.

Film honengatik, Cyril Schäublin zuzendari suitzarrak zuzendari onenaren saria jaso zuen Berlingo zinema jaialdiko Encounters sailean.

Ekonomia eta enpresei lotutako filmek zenbait kontzeptu ekonomiko errazago ulertzen lagun dezakete

3.La Huella, historia de un parador de playa

Negozioei lotutako hirugarren filma argentinarra da. Duela hogei urte, gazteak zirela, hiru lagun erronka bat buruan zerabiltela elkartu zirenekoa du kontagai: Uruguaiko herri txiki bateko hondartzan 50eko hamarkadakoen tankerako hondartza ostatu bat eraiki nahi zutenekoa. Alessio Rigo de Righi zuzendariak, halako ostatu bat irekitzeak atzean dakarrena kontatzeaz gain, suaren, toparen eta adiskidetasunaren istorioak ere gurutzatu ditu abiapuntu eta amaiera gisa, argentinarrekin, uruguaitarrekin, Pedro Figari margolari handiarekin, arrantzaleekin eta ardo onekin batera.

4.Contadoresekoak

Irati Gorostidi nafarrak zuzendutako laburmetraiak 1978ra garamatza, metalaren sektoreko hitzarmena berritzeko negoziaketen erdira. Militante libertario talde batek irmo eusten dio bere ideia erradikalei lantegiko lankideen aurrean, eta aldi berean, langile mugimenduaren atomizazioaz jabetzen dira, etsipenez. 19 minutuan, industria, enpresa eta bertan sor daitezkeen gatazka eta arazoen inguruan hitz egiten du.

2022ko Donostiako Zinemaldian, beraz, ekonomia eta enpresei lotutako zenbait film eta laburmetraiez gozatzeko aukera ere izan da. Diruaz, enpresen sorreraz, horiek mantentzeaz, negozioetan sor daitezkeen zailtasunez eta etorkizunaz hitz egiten da filmetan, baina, askotan argi ez ditugun kontzeptu ekonomikoen inguruan ikasten ere lagun dezakete halako filmek. Ondorioz, zinema ere ekonomia irakasle egoki samarra izan daitekeela esan dezakegu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK