Zinemaren eta krisien arteko amodiozko istorioa

Zinemagileek maiz jorratu dituzte ekonomiaren gorabeherak film luzeetan

'The Big Short' filmeko sekuentzia bat | (Argazkia: FilmAffinity) 'The Big Short' filmeko sekuentzia bat | (Argazkia: FilmAffinity)

Zazpigarren artea omen da zinema. Sormen tresna hutsa da. Norberaren desioei forma emateko lanabesa ere bada, eta egunerokotasunetik alde egiteko ihesbidea ere bai. Gure miserietatik salbatzeko superheroiak eta jainkoak sortu ditu. Baina miseria horiek irudikatzeko ere balio izan du. Gizartearen isla izaten saiatu da, eta batzuetan gizartea bera aldatzen ere. Aktualitateari zeharo lotutako adierazpen artistikoa da, eta egoera ekonomikoa hondoratzen denean zinemagileak krisiaren jatorria jorratzen saiatzen dira, bere erroak, bera ondorioak.

Gizartea eraldatu duten eredu ekonomikoak, lan harremanak, ekoizpen sistemak eta horien ondorioak xehe jorratu ditu zinemak, eta baita gainontzeko ikus-entzunezko plataformen produkzioek ere.

Kapitalismoari eusten dion gizarte egitura begirada futurista batekin islatu zuen Fritz Lang zuzendariak Metropolis filman, 1927an. Mende batez bidaiatu zen makinaren denboran 2026ko lan harremanak nolakoak izango ziren irudikatzeko. Charles Chaplinek bere Modern Times maisu-lanean fordismoaren deshumanizazioaren kritika zorrotza egin zuen. Banku sistemaren alde ilunak ere zinemaren inspirazio iturri ere izan dira. Frank Caprak It´s a Wonderful Life (1946) filman bankarien lehiaren kalteei Gabonetako doinua jarri zien, eta John Forden The Grapes of Wrath (1940) langileen esplotazioaren salaketa sozialaren adibide garbia da.

Gizartea eraldatu duten eredu ekonomikoak, lan harremanak, ekoizpen sistemak eta horien ondorioak xehe jorratu ditu zinemak

XX. mendera etorrita ere, adibide ugari dira. Kapitalismoaren zutabeak korapilatu ahala, zinemak jakin izan du ekonomia errealetik aldendu eta espekulazio hutsera hurbildu diren finantzei so egiten. Wall Street finantzen munduaren miseriak agerian uzteko dekoratu aproposa zen. The Wolf of Wall Street (2013), Wall Street (1987) eta Wall Street: Monety Never Sleeps (2010) adibide apartak dira. Martin Scorsesek eta Oliver Stonek finantza merkatuei klaketaren hotsa baino ez zieten jarri.

Zinemak kapitalismoaren basakeriak pantaila handira eraman ditu, baita bere ondorioen sakontasuna ere. 1986an Montxo Armendarizek eraldaketa industrialaren zainak erakutsi zituen 27 ordu filman, eta Fernando León de Aranoaren Los lunes al sol (2002) maisu-lanak langileen prekarizazioa zeluloidera eraman zuen. Euskal Herrian Alberto Gorritiberearen Eutsi (2007) pelikulak enpresen deslokalizazioen arazoa jorratu zuen.

Azken finantza krisia zeluloidearen izarra era izan da, beste behin. Eta badira adibide anitz. J.C. Chandorrek Margin Call (2011) pelikulan 2008ko krisiak eztanda egin aurreko 24 orduak kontatzen dizkigu.

Higiezinen merkatua

Higiezinen merkatua maisuki islatzen du The Big Short (2015) Adam McKayren lanak, ekonomia globala ziztu bizian erorarazi zuen errealitate triste, gordin eta sumingarriaren kontakizun honetan.

Kapitalismoak sortutako finantza-produktu konplexu eta nahasgarrien munduan murgiltzen bada ere, ez da beharrezkoa aditua izatea hariari jarraitzeko. Adam McKay zuzendariak finantza eta entretenimendu klase baten arteko oreka lortu du. Helburua ez da kontzeptu tekniko horiek ulertzea, finantza merkatuen hariak mugitzen dituztenen arduragabekeriak salatzea baizik, kontzientziak astintzea.

The Big Short filmak krisitik onura atera zuten pertsonaien lau istorio paralelo azaltzen ditu. Michael Burry (Christian Bale) da izar nagusia, heavy metalaren maitalea, higiezinen burbuilak eztanda egin behar zuela ohartu zen lehena. Bere bezero guztiak kontra izan zituen, baita bere nagusia ere, denborak arrazoia eman zion arte.

Harekin batera, Mark Baum (Steve Carell) inbertitzaile xelebrea agertzen da, korrontearen kontrako begirada zuena. Ezerk ez du isiltzen eta munduaren funtzionameduagatik aztoratuta bizi da. Milioika pertsonen sentimenduak gorpuzten ditu. Azkenean aberats bihurtuko bada ere euforia eta alaitasuna beharrean, tristuraz eta etsipenez biziko da.

'The Big Short' filmak [higiezinen] krisitik onura atera zuten pertsonaien lau istorio paralelo azaltzen ditu. Michael Burry (Christian Bale) da izar nagusia

Jared Vennett (Ryan Gosling) bidelagun dugu filmean zehar. Pertsona irekia, zorrotza eta umore zantzuak dituena. Vennett istorioen arteko lotura da. Azkenik, Charlie Geller (John Magaro) eta Jamie Shipley (Finn Wittrock) inbertitzaile gazteak dira, Wall Streeteko ur handiko arrainen artean beren lekuaren bila dabiltzanak. Ben Rickerten (Brad Pitt) ezinbesteko laguntza dute.

McKayk badaki gaia astuna dela, eta umoreaz baliatzen da, baita bi izar ezagunen agerpenaz ere: Margot Robbierena bainuontzi baten barruan, xanpain kopa batekin eta bista ikusgarriekin; eta Selena Gomezena, kasinoan. Zuzendariaren asmoa ikusleari arnasa ematea da, eta bere burmuina ez dadila kolapsatu. Ez dago heroirik film honetan. Informazio eta ikuspegi pribilegiatuaz ari da eta batez kapitalismoaren ohianaren erretratoa egiten du: jan edo jana izatean oinarritzen den ohianaren legea.

Filma Michael Lewisen liburu batean oinarrituta dago, zeinak zorrotz bildu zuen higiezinen merkatua erori ezin zela sinetsita zegoen finantza mundua. Gidoiak Oscar saria irabazi zuen 2016an.

Urtez urte eta krisiz krisi etorkizuna aurrrikustea ezinezkoa dela ikas daiteke pelikula hau ikusita.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK