120 urteko sustapena

120 urte dira Donostia Sustapena sortu zenetik. Hiriko aisialdirako aukerak sustatzea izan zen haren helburua hasieratik

Argazkia: FOT_MREALDEFENSA_0327 Argazkia: FOT_MREALDEFENSA_0327

Donostiako Club Cantabrikoren helburua zen "harreman eta negozioen erreferentzia zentro" izatea, Revista San Sebastianen jasotzen denez, baita aisialdia sustatzea ere. Euren funtzioa serio hartuta, 1902ko otsailaren 13an bilera batera deitu zituen hiriko hainbat eragile garrantzitsu. Aurrezki Kutxa Munizipaleko presidente eta hiriko alkateak, Espainiako Bankuko eta Guipuzcoano bankuko sukurtsaletako zuzendariak, Sociedad Económica Vascongadakoa, eta Union Artesanako ordezkariek hartu zuten bertan parte, besteak beste. Bilera horrek helburu garrantzitsua zuen: "proposatzen zitzaien erakunde berri bat sortzea hiriaren bikaintasuna lantzeko. Donostia Sustapena zen erakunde hori", azaldu du Ainhoa Aldasoro Olanga Donostia Sustapeneko Berrikuntza arduradunak, Javier Sadaren historialariaren artikulu bat abiapuntu hartuta

1813ko sarraskiaren ondoren, hiria berreraikitze prozesuan zegoen murgilduta. Kortazar Zabalgunea, egun hiriko Erdialdea eta Amara direnak, eraikitzen ari ziren. Horrekin batera, hiri militar izandako aroa atzera utzita, turismoa jarduera ekonomiko garrantzitsua bilakatzen ari zen. "Ikusten da 1900eko hamarkadako hasiera horretan nahiko saltsa zegoela hiri mailan, bai ekonomia aldetik, bai sozialki. Baina ez zegoen oso argi gauzak nola garatu behar ziren", plazaratu du Aldasorok.

Ainhoa Aldasoro: "Ikusten da 1900eko hamarkadako hasiera horretan nahiko saltsa zegoela hiri mailan, bai ekonomia aldetik, bai sozialki. Baina ez zegoen oso argi gauzak nola garatu behar ziren"

Bestelako tentsio uneak ere bizi ziren 1902an hirian. Urtarrilaren 14ean sokamuturra egitea debekatu zuen udalak, baina hainbat gizarte eragilek ez zuten erabakia begi onez ikusi. Askotariko manifestazioak egiteaz gain —atxiloketak barne—, hiriko klubek eta elkarteek erabaki zuten danborrada, kaldereroak, inauteriak eta bestelako festak bertan behera uztea. 1904ra arte iraun zuen etenaldiak.

Begi onez

Erakunde berria sortzeko lehenengo bileretatik hainbat proiektu planteatu ziren: antzerkia eraikitzea —Victoria Eugenia izango zena—, hotela eraikitzea —Maria Cristina ondoren— eta Txofreko zezen-plaza —egun existitzen ez dena— erostea. "Bilera horretan denek begi onez ikusi omen zuten. Espainiako bankuko kideek, esaterako, esaten zuten beraiek ezin zutela beraien egituragatik parte hartu erakundean, baina lagunduko zutela. Alkateari oso ideia ona iruditu omen zitzaion, eta ikusi zuen nahiko erraz udal korporazioak babesa ematea", kontatu du Aldasorok. Hala, erakundearen estatutuak idatzi zituzten.

Donostia Sustapena sortzeko guztira 2.500.000 pezetako kapitala lortu zuten, akzioetan banatu zutena. "Adibidez, Gran Casino delakoak 1.500.000 pezeta jarri zituen, eta Club Cantabricok 150.000 pezeta...". Bestela esanda, entitate pribatu gisa sortu zen, eta sozietate pribatu gisa aritu zen urte askoan. Egun ere sozietate anonimoa izaten jarraitzen du, nahiz eta 1960ko hamarkadan udalak erosi zuenetik, kapital publikoa duen. "Horrek malgutasuna eman zion eta dio zenbait ekintza edo proiektu aurrera eramateko, nolabait ere udaletik bideratzeko konplexuagoak ziren proiektuak Donostia Sustapenak bultza zitzan", gaineratu du Berrikuntza arduradunak.

"Adibidez, Gran Casino delakoak 1.500.000 pezeta jarri zituen, eta Club Cantabricok 150.000 pezeta..."

Udalaren parte

Hala ekin zioten askotariko proiektu "eraldatzaileak" gauzatzeari. Arestian aipaturiko Maria Cristina hotela eta Victoria Eugenia antzokiaz gain, La Perla bainuetxea, Hipodromoa eta Kursaala. 1960ko hamarkadan udalak erosi ondoren, "udalaren erakunde eragile bihurtu zen", eta garai hartan sustatu zuen, besteak beste, Jazzaldia.

Erakundearen beste inflexio puntu bat 2004an iritsi zen. Ordura arte Garapen Ekonomikoa Donostiako udaleko sail orokorra izatetik, Donostia Sustapenaren parte izatera igaro zen, eta horrek aldaketa ekarri zuen. "Batetik, langile guztiak erakunde berrira igarotzeko prozesua bizi izan genuelako. Bestetik, enpresa pribatuarenak izatera igarotzen baitira haren konpetentzia guztiak: enplegua, ekintzailetza, enpresei zerbitzuak, merkataritza... Egun ere guk daramatzagu horiek guztiak", bukatu du Aldasorok.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK