28.500 euroko soldata gordina izan zuten batez beste Nafarroan 2021ean

Nafarroako Soldata Egituraren urteko Inkestaren arabera, emakumeen urteko batez besteko irabazi ekonomikoa gizonen irabazien %78,4 baino ez da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Nafarroan, urteko batez besteko soldata gordina 28.459,37 euroko izan zen langile bakoitzeko 2021ean, aurreko urtean baino %1,7 handiagoa. Nafarroako Estatistika Erakundeak ondutako datuak dira, gaur argitara eman duen Nafarroako Soldata Egituraren urteko Inkestan azaltzen direnak.

Sexuaren baitan sailkatuta, emakumeen batez besteko soldata urtean ez da 25.000 eurotara iristen (24.809,14€), gizonezkoenak berriz, 30.000 euroko langa gainditzen du erraz (31.643,22€). Hala, emakumeen soldata gizonen %78,4koa da, estatukoa baino baxuagoa (%81,6). Halaber, soldata-arrakala txikiagotu egiten da urtea ordez orduko irabazia alderatuz gero (%78,4tik %88,3ra), emakumeek, batez beste, gizonek baino ordu gutxiago lan egiten dituztela da horren arrazoia.

Beste datu aipagarri bat: gizonen %4ak Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) baino bost aldiz soldata handiagoa du, emakumeetan berriz, %1,5 daude egoera horretan.

Sektore ekonomiakoaren arabera ere soldatetan diferentziak aurki daitezke. Industria da batez besteko soldata altuena duen sektorea, batez bestekoa baino %10,4ko soldata altuagoarekin. Eraikuntzan batez bestekoa baino %1,9 handiagoa izan da soldata, eta zerbitzu sektorean daude soldatarik baxuenak, batez bestekoa baino %5,3 soldata txikiagoa baitute.

Inkestak azaltzen duenez, erlazio positiboa dago langileen adinaren eta soldata-mailaren artean, adin handieneko langileek ordainsari handiagoak eskuratzen dituztelarik, inkestan kontuan hartutako azken adin tartea kenduta (54 urtetik gorakoak).

Bukatzeko, iraupen jakin bateko kontratua duten langileek, 2021ean, batez besteko soldata baino %21 txikiago jaso dute. Kontratu mugagabeko pertsonek aldiz, batez bestekoa baino %5,3 handiagoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK