Arabako Mahastiak: ardoaren sor-marka berria

Arabako Errioxako zenbait upategi txikik Errioxa deiturapetik alde egin eta jatorri-izen propioa sortzeko nahia zuten. Horretarako lehen argi berdea jasota, Arabako Mahastiak sor-marka errealitate bihurtu da, eta etiketa berridun ardoak merkatuan izango dira datorren urtean

Arabako Errioxako mahastiak | Argazkia: iStock Arabako Errioxako mahastiak | Argazkia: iStock

2016an jarri zen martxan Arabako Mahastiak sor-marka sortzeko prozesua. Arabakoa bakarrik den jatorri-izena sortu nahi izan dute hasieratik zenbait upategi txikik, Errioxatik kanpo. “Errioxa sor-markak duen negozio-eredua upategi handientzat pentsatuta dago, talde handiei mesede egiten die baina upategi txikientzat itogarria izaten da batzuetan”, dio Ines Baigorri ABRA Arabako Errioxako upategien elkarteko kudeatzaileak. Ondorioz, Arabako Mahastiak izenpean negozioarekin aurrera jarraitzeko aukera hobea ikusi dute zenbait upategi txikik, eta hamabost bat ekoizlek urrats hori eman nahi izan dute.

Ines Baigorri: “Errioxa sor-markak duen negozio-eredua upategi handientzat pentsatuta dago, talde handiei mesede egiten die baina upategi txikientzat itogarria izaten da batzuetan”

Orduak baino ez dira pasa sor-markak azken aurrerapauso garrantzitsua eman duenetik, asteartean baimendu baitzuen Eusko Jaurlaritzak bere behin-behineko izendapena. Behin baimena lortuta, ardo botilak Arabako Mahastiak etiketarekin merkaturatu ahal izango dituzte, hori bai, Espainiako mugen barnean. Baigorrik dio pozik direla Jaurlaritzak emandako baimenarekin: "Espero genuena zen, duela hiru hilabete eskatu genuen, eta oso albiste ona da. ABRAk eskaera egiteko prozesu guztia aurrera eraman du, baina orain mahastizainek eta upategiek proiektua abiatu behar dute". Hala ere, mahats bilketa amaitu berritan iritsi zaie baieztapena, eta upategi bat baino gehiagok Errioxa sor-markaren izenpean bildu du aurtengo uzta. Horrek esan nahi du datorren urteko mahats bilketara arte itxaron beharko dutela ardoa jatorri-izen berriarekin merkaturatu ahal izateko, hau da, 2023 amaierara edo 2024 hasierara arte.

Pausoz pauso

Sor-marka berriak argia ikusiko du, baina ibilbide luzeago baten lehen urratsa baino ez da izan, aldi baterako baimena baino ez delako eta Espainiako mugen barruan soilik merkaturatzeko aukera duelako. Hurrengo urratsa kontseilu arautzaile berri bat sortzea eta sor-marka berriaren araudia onartzeko bilera bat egitea izango da. Bertan izango dira ABRA, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.   

Bruselaren baimena jasoz gero, Espainiako Estatuko mugetatik kanpo ere esportatu ahal izango lukete ardoa Arabako Mahastiak etiketarekin

Espainiako Gobernuak ere duela bost hilabete aurkeztu zuen Bruselan jatorri izendapen berria errealitate bihurtzeko espedientea, baina Europaren erantzuna ez da iritsi oraindik. Bruselaren baimena jasoz gero, Espainiako estatuko mugetatik kanpo ere esportatu ahal izango lukete ardoa Arabako Mahastiak etiketarekin.

Errioxa, haserre

ABRA Arabako Errioxako upategien elkarteko kide diren 120 upategi ingurutatik, hamabost bat dira Errioxa sor-markatik irten eta Arabako Mahastiak etiketa berriarekin bat egitea erabaki duten ekoizleak. Hala ere, ika-mika handia egon da ideia sortu zenetik, eta “Errioxa sor-marka da etiketa berriari traba gehien sortzen ari dena”, dio ABRAko kudeatzaileak. Baigorrik adierazitakoaren arabera, Errioxak hasieratik adierazi zuen ez duela begi onez ikusten marka berri baten sorrera. Bereizgarritasuna Errioxa markaren barnean egiteko asmoa zuela baieztatu zuen 2020an, baina gauzak are gehiago zaildu dizkie orduz geroztik Arabako upategi txikiei. Auzitara jo zuen Errioxak, eta gutxienez bi muga ezartzea lortu du: alde batetik, Arabako Mahastiak sor-marka erabiltzen duten upategiek ezingo dute Errioxa etiketarekin saldu; eta bestetik, mahastizain batek Arabako Mahastiak izenpean dagoen upategi bati mahatsak salduz gero, ezingo dizkio Errioxako upategiei ere saldu, bien artean bakarra aukeratu beharko du.

Ines Baigorri: “Errioxa sor-marka da etiketa berriari traba gehien sortzen ari dena”

Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala ere mintzatu dira azken orduetan gaiaren inguruan. Biek ala biek hasieratik onartu dute izendapen berriaren sorrera, eta Arabako mahatsa Errioxatik bereizi beharra dagoela zalantzarik egiten ez duten arren, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen esanetan, “Errioxak hobeto erantzuten dio aparteko kalitateko ardo horiek bereizteko premia larriari” eta, beraz, “marka berria sortu baino Errioxako deitura pean bereizketa berri bat” egitea egokiagoa dela uste dute.

Nolanahi ere, momentuz, Arabako Mahastiak sor-marka berriak behin-behineko baimena du datorren uzta etiketa berriarekin Espainiako mugen barnean merkaturatzeko eta ikusi beharko da merkatua nazioartera zabaltzeko aukera ere izango ote duen. Bruselak du orain azken hitza.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK