Arabako Mahastiak sor-markaren aurkako helegitea aurkeztuko du Errioxako kontseilu arautzaileak

Eusko Jaurlaritzak atzera egiten ez badu, EAEko Justizia Auzitegira joko duela ziurtatu du Errioxako kontseiluak

Mahats-bilketa aurreratu egin da aurten, udako lehorteen ondorioz | Argazkia: iStock Mahats-bilketa aurreratu egin da aurten, udako lehorteen ondorioz | Argazkia: iStock

Arabako Mahastiak sor-markaren inguruko ika-mikak ez du etenik. Duela egun gutxi Eusko Jaurlaritzak emandako baimenaren aurrean, helegitea aurkezteko erabakia hartu du Errioxako kontseilu arautzaileak, botoen %98,4ko babesarekin. Kontrako boto bakarra izan da bileran, ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko ordezkariena, hain zuzen ere, bere bazkideen artean sor-marka berriaren eskaera egin duenarena. Abstenitu egin dira Arabako beste bi ordezkari, UAGA nekazarien sindikatua eta Araex upategi ertain batzuk biltzen dituen elkartea.

Gehiengo berarekin, osoko bilkurak erabaki du Eusko Jaurlaritzak administrazio-errekurtso hori osorik edo zati batean ezesten badu, ebazpen horren aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarriko duela Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian. Auzitegi horrek dagoeneko badauka gaia mahai gainean, 2021eko azaroan jada tramitazioa geratzeko eskaera egin zuelako Errioxa sor-markak.

“Arabako Mahastiak sortzeko nahiak kalte egiten dio Errioxa jatorri-izenari”, ziurtatu du Fernando Ezquerro Errioxako kontseiluko presidenteak.

Euskal Autonomia Erkidegoko aldizkari ofizialak astearte goizean argitaratu zuen Arabako Mahastiak jatorri izena behin-behinean sortzen zuen agindua. Legea eskuetan, ABRAren eskaerari ezezko bat emateko inolako arrazoirik ez zuela argudiatu du Jaurlaritzak, bete beharreko tramite bat zela Europako Batasunak sor-marka eratzeko eskaera ofiziala aztertzen duen bitartean. Bruselaren baiezkoa edo ezezkoa heldu artean —urte batzuk iraun ohi duen prozesua da— behin-behinean marka berria erabiltzeko eskubidea izango dute Arabako ardogileek. Edonola ere, 2023an ez da marka propiorik izango, mahats-bilketa amaitu berritan iritsi delako baimena, eta askok jada Errioxa sor-markaren izenean jaso dutelako azken uzta.

Informazio gehiago
Arabako Mahastiak: ardoaren sor-marka berria
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK