Eusko Jaurlaritzak Turismo Jasangarriko Lurralde Plana abiarazi du Next Generation funtzen laguntzaz eta EAEko “jasangarritasun eta lehiakortasun turistikoa” bultzatzeko asmoz. Astelehenean Lea Ibarra eta Lekeitioko ardo eta arrainaren ibilbideari loturiko aurkezpena izan bazen, gaur Bilboren txanda izan da. Han izan dira Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua, eta Xavier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia.
Hain zuzen, hiriak 4,7 milioi euroko laguntzak jaso ditu Artxandako ingurunea eta funikularra modernizatu eta berreskuratzeko, betiere hiri- eta turismo-iraunkortasuna bermatuta. Izan ere, planaren helburua da trantsizio berdeari loturiko proiektuak sustatzea.
Turismo Jasangarriko Lurralde Planak hiru deialdi izango ditu guztira, 2023 urte bitartean, eta 67 milioi euroko zuzkidura izango du. EAEko planaren abiapuntu da Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia plana, eta horren barruko Turismo-sektorearen modernizazio- eta lehiakortasun-plana.