Azpeitiko Udalari helegitea jarri dio ENBAk, lur babestuetan eguzki plakak jarri nahi izateagatik

Nekazaritzako eta abeltzaintzako lurren eskasia dela eta, beste leku batean eraikitzeko eskatu dio ENBAk Azpeitiko Udalari

ENBAko urteroko batzarra | Argazkia: ENBA ENBAko urteroko batzarra | Argazkia: ENBA

Kezka nagusi ENBA nekazal sindikatuaren urteroko batzarrean. Urte zaila izan dela azaldu dute, kostuen gorakadak eta lehorteak kalte ugari eragin dizkielako. Diru laguntzei esker eta euren prezioen igoerari esker mantendu direla adierazi dute. Gauzak honela, eta lehen sektorea burujabeagoa izan dadin, ezinbestekotzat jo dute nekazal lurrak babestea, are gehiago kontuan izanda nekazaritzako eta abeltzaintzako lurrak gero eta gutxiago direla. Hori dela eta, Azpeitiko Udalari helegitea jarri diote, lur babestuetan planta fotovoltaikoa eraikitzeko baimena eman duelako. “Urrestillako eguzki plaken proiektua gauzatzeko baimena eman du Azpeitiko Udalak. Balio handiko nekazal lurrak dira, eta proiektua gauzatuz gero ez zaie inolako babesik ematen”, azaldu dute ENBAn. Hala, euren lehentasunetako bat balio handiko nekazal lurren babesa izango dela adierazi dute.

Mendietan ere arreta berezia jarriko dutela diote, abeltzaintza babeste aldera, bereziki Enirio-Aralar Mankomunitatean eta Gipuzkoa-Arabako Partzuergoan, otsoaren hedapenean ere arreta handia jarriz.

Esnearen produkzioaren %25eko jaitsiera

Batzarreko beste kezka iturria esnea izan da. Jakitera eman dutenez, %20-25 esne behi hil da 2022an, beraiei eman beharreko elikagaiak oso garesti zeudelako eta ezina etorri zitzaielako. Ondorioz, esnearen produkzioa %25 jaitsi da.

Azken hilabeteetan egoerak hobera egin du, esnearen prezioa %50 igo da baina ez da erraza izango 2021eko produkzioa berreskuratzea: “Uste dugu pixka batean prezioak mantendu egingo direla eta urtea amaitzerako 2021eko produkzioa berreskuratzea da gure asmoa, zaila izan arren”, azaldu dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK