
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak 2022ko Elkar-EKIN Lanean dirulaguntza deialdia onartu berri du. 3,2 milioi euroko zuzkiduradun laguntza, aurreko urtekoa baino %9,6 handiagoa izango da.
Zehazki, laguntza horien helburu nagusia egoera ahulean eta gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak gizarteratzen eta laneratzen laguntzea da. Diruz lagunduko dira, beraz, gizarteratze ibilbide integratuak sustatzeko egitasmoak, enplegu eta formaziorako programak, gizarteratze enpresak sortzeko eta sendotzeko egitasmoak eta enplegu inklusiboa sustatzeko proiektu berritzaileak. “Dirulaguntza deialdi horren bitartez, Gipuzkoako gizarte antolatuari gonbita luzatzen diogu, guztion artean pertsona guztien enplegagarritasunaren eta kualifikazioaren alde lan egiteko”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak.
Era berean, gogorarazi du dirulaguntza deialdiaren bitartez, 2020 eta 2021 urteetan 67 proiektu bultzatu zirela; Elkar-EKIN bere osotasunean hartuta, 4.200 pertsonetara iritsi dela; eta 750 prestakuntza ekimen burutu direla. Guztira, 2.600 pertsonen kontratazioak bultzatu direla adierazi du Gipuzkoako foru bozeramaileak.