Bertan behera geratu da Kopako finalerako Nafarroan deitutako autobusen greba

Patronalak eta sindikatuek aurreakordioa lortu dute

Autobus gidarien protestetako bat Iruñeko autobus geltokian | Argazkia: ELA Autobus gidarien protestetako bat Iruñeko autobus geltokian | Argazkia: ELA

Asteburu honetarako Nafarroan deituta zegoen autobusen greba bertan behera geratu da, ANET Nafarroako Errepideko Garraio eta Logistika Enpresaburuen Elkarteak eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordioa lortu baitute sektoreko lan hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko. Lanuzteak zituzten deituta maiatzaren 5erako eta 6rako, Osasuna eta Real Madrilen Errege Kopako finalaren egunarekin bat eginez.

Lanuzteak deitu izanaren arrazoia hitzarmen falta izan da, izan ere, sindikatuek salatu dutenez, 2017az geroztik daude inolako hitzarmenik gabe. Hain justu ere, 2021-2026 bitarteko lan hitzarmena adostu dute sindikatuek eta patronalak eta soldata igoerak adostu dituzte: %10 igoko zaie soldata aurten, %5,2 datorren urtean, eta %3 gainerakoetan.

Lortutako aurreakordioaren ondorioz, sindikatuek bertan behera utzi dute astebururako Nafarroan deitua zuten autobusen greba eta Kopako finalera Sevillara joatekoak diren autobusak ere izango dira.  

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK