Bertatik bertara: Bizkaiko merkataritza suspertuz

Eup! plataforma | Argazkia: EnpresaBIDEA Eup! plataforma | Argazkia: EnpresaBIDEA

Eraldatzen ari den gurea bezalako gizarte baten, erronkak eta aukerak elkarren eskutik datoz. Gertu egotea besterik ez dago horretaz ohartzeko esparru guztietan, eta gure kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzea zeregin nagusia dugunez gero, lurraldeko merkataritza-elkarteekin dugun harreman estuak aukera aparta ematen digu sektorearen eta elkarteen egoera, kezkak eta erronkak zuzenean ezagutzeko, batez ere hurbileko saltoki txikienak.

Pandemiak 2020an eragin zuen krisiaren aurretik ere, bagenekien birmoldaketa handi baten atarian zegoela sektorea. Diagnostiko partekatuak genituen, eta argi adierazten zuten ahalegin handiagoa egin beharra zegoela egoera erabat berri bati aurre egiteko, besteak beste, sektorea oso sentikorra delako erauntsien moduan etortzen ikusi genituen demografiaren eraldaketa, kontsumo-ohituren aldaketak edo online merkataritzaren hazkunde handiaren aurrean.

COVID-19arekin azeleratu egin da diagnostiko horiek iragartzen zutena eta gainera, epe laburreko inpaktuen aurrean ere erreakzionatu behar izan dugu, talka-neurriak hartuz. Finantza-baliabide edo arlo fiskaleko neurriez gain, kontsumoa sustatzeko ekimenak (bonuak barne) abiatu ditugu, ahaztu gabe elkarteek saltoki txikiei eskaintzen dizkieten zerbitzuak sustatzea, aholkuak eta bestelako sostengua ezinbestekoak izan dira eta.

2020ko urrian Bizkaiko merkataritzarekin topaketa egin genuen, eta aukera izan genuen ekarpen hori eskertzeko, bereziki hurbileko merkataritzari eta alarma-egoeran irekita egon ziren sektoreei

Krisiak aurpegirik makurrena erakutsi digu, baina baita sektorearen egiazko ekarpenaz jabetzeko aukera eman ere. 2020ko urrian Bizkaiko merkataritzarekin topaketa egin genuen, eta aukera izan genuen ekarpen hori eskertzeko, bereziki hurbileko merkataritzari eta alarma-egoeran irekita egon ziren sektoreei. Eguera horretan denok jabetu ginen, oso modu latzean baina erabat nabarmenean, hurbileko merkataritza hori edukitzearen garrantziaz. Sektorearen hurbiltasuna eta profesionaltasuna aintzat hartzeaz gain, herritarren eta bereziki zaurgarrienen zerbitzura jartzeko ahalegin eta gaitasuna ez zaizkigu ahaztuko: argi-foku bat izan ziren eta dira.

Eta berdin, etxeratze-aginduarekin bere ateak itxi behar izan zituztenak ere nekez ahaztuko ditugu. Balkoi eta leihoak izan ziren gure beha-leku bakarrak, eta gure hiri eta herrietako aurpegi berri hura iltzatuta geratu zaigu, alaitasunik gabekoa, kolorerik gabekoa, bizitzarik gabekoa… Bada, falta zen hori, besteak beste, Bizkaiari bizia ematen dion odola zen, merkataritzaren eta ostalaritzaren bizitza eta jarduna.

Urte eta erdi geroago, ziurgabetasun handiko egoeran jarraitzen dugu: pandemia oraindik ez da amaitu, Ukrainako gerraren eta horrek giza eta ekonomia mailan dituen ondorio larrien aurrean gaude, eta inflazio handiari egin behar diogu aurre. Faktore horiek eragin handia izaten ari dira kontsumoan eta, beraz, merkataritzan. Jarraitu behar dugu, bada, ezinbestekotzat aitortu dugun hori laguntzeko, nork bere aldetik, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren kasuan, talka-neurriak luzatuz edota zerga-atzerapen berriak eta kontsumoa sustatzeko neurriak ezarriz.

Bertatik bertara erantzun behar dugu koiunturazkoa izateaz gain, egiturazkoa ere baden garai berri honetan. Eraldaketa azkartu da azken bi urte hauetan, batez ere esparru digitalean, eta tokiko saltoki txikiek ere bezeroekin harremanetan egoteko eta zerbitzu hobea eskaintzeko tresna digitalen aukera ikusi dute. Omnikanaltasunaren kontzeptua geratzeko iritsi da eta tokiko merkataritza txikiak ere aukera hori aprobetxatzen jakin behar du, betiko denda fisikoaren mesedekoa izango den ereduan.

Eraldaketa azkartu da azken bi urte hauetan, batez ere esparru digitalean, eta tokiko saltoki txikiek ere bezeroekin harremanetan egoteko eta zerbitzu hobea eskaintzeko tresna digitalen aukera ikusi dute

Horixe da Bizkaia EUP! erosketen ataria, BBK Fundazioaren eta Aldundiaren arteko lankidetzaren emaitza, eraldaketaren aukerak geure egiteko apustua. Produktuak modu eroso eta errazez bilatu, transakzio seguruak egin eta erosketak etxean edo denda fisikoan nola jaso nahi dugun aukeratzeko merkataritza-gune handia da, digitala eta aldi berean, berta-bertakoa, Bizkaian jarduera eta enplegua dinamizatzen laguntzen duena.

Eraldaketaren ezaugarriak gurera ekarrita, online erosketak egiteaz gain, merkataritza fisikora hurbiltzea ere sustatzen dugu, gure tokiko merkataritza-sektorearen indargune nagusietakoa denari zukua ateraz: arreta, pertsonalizatua eta erosketa-prozesuan aholkularitza jasotzeko profesionalengandik.

Aurrerapen teknologikoak tokiko saltokien zerbitzura jarrita, hobekuntza, berrikuntza, eta negozio-aukerak dira, sinistuta baikaude ezkon daitezkeela jende gehiagorengana iristeko beharra eta nortasunari sendo eustekoa, hurbiltasuna, ezagutza eta arreta pertsonalizatua indartuz.

Erronka eta aukerak elkarren eskutik datoz, eta elkarlanaren bidea da horiek esploratzen jarraitzeko modurik eraginkorrena. Elkarrekin, bertatik bertara.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK