Beste lau greba egunetara deitu dute metalgintzako sindikatuek

Ekainaren 30ean, eta irailaren 21etik 23ra izango dira lanuzteak, aurretik akordiorik lortzen ez bada

Metalgintzaren manifestazioa, Araban | Argazkia: ELA Metalgintzaren manifestazioa, Araban | Argazkia: ELA

ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek grebara deitu dute Arabako metalgintzan, lan-hitzarmen "duina" aldarrikatzeko. Hala iragarri dute gaur goizean eginiko prentsa agerraldian. Modu horretan, maiatzean antolatutako greba "arrakastatsua" ikusita, beste lau egunez lanuzteekin jarraitzea erabaki dute. Greba egunak izango dira ekainaren 30, eta irailaren 21, 22 eta 23, betiere eta SEA patronalarekin egiten ari diren negoziazioak desblokeatzen ez badira.

Hain zuzen ere, SEAri eskatu diote ekainaren 29rako aurreikusita dagoen bilera aurretik beste bat egitea, gai hau bera jorratzeko, "hurrengo pausoak" udako oporren aurretik eman daitezen. Besteak beste, eskatu dute hitzarmenean jasotzea KPI kontsumo prezioen indizearen araberako soldata igoerak, lanorduek behera egitea, malgutasuna mugatzea eta oro har berditasun eta lan osasunari lotutako kondizioak hobetzea.

Arabako metalgintzaz gain, Bizkaiko metalgintzak ere greba egingo du, negoziazio prozesuan den lan-hitzarmenaren "hobekuntzak" aldarrikatzeko. Lehenengo lanuzte eguna, kasu horretan, osteguna izango da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK