BIDARI sortu da, Goierriko negozio txikien lantaldea

Goierriko negozio txikien beharrei erantzun bat emateko eskualde mailan sortu den elkarlanerako mahaia da

BIDARIren aurkezpen ekitaldia | Argazkia: Goieki BIDARIren aurkezpen ekitaldia | Argazkia: Goieki

Goieki Goierriko Garapen Agentziak, eskualdeko udalek eta merkataritza elkarteek elkarlanean BIDARI sortu dute, Goierriko negozio txikiak indartu eta beraien beharrei eskualdeko ikuspuntutik irtenbidea eman ahal izateko. Merkataritza, ostalaritza, eta zerbitzu eta ekoizleen mahaitik sortutako lan taldea da, lemak dioen bezala, “Goierriko negozio txikiak elkarrekin”  izan nahi dituzte, “lankidetzak onurak dakartzalako denontzat”. Udalek Berrabiarazi proiektuaren baitan egindako ekarpen ekonomikoaren laguntzaz jarri da martxan ekimen berria.

Lazkaoko, Idiazabalgo, Beasaingo eta Ordiziako Udalek, Goiekik, Ordizian elkarteak,Bareak elkarteak, LazkaOn elkarteak, Idiazabalgo Merkataritza elkarteak eta eskualdeko merkataritza teknikariak osatzen dute lantaldea, baina, Goierriko beste herritakoek ere parte har dezakete, lantaldea irekia baita.

Taldearen kontsolidazio eta eraketan, Merkataritza Mahaiari izen eta irudi berri bat ematea beharrezko ikusi zen, merkataritza, ostalaritza, zerbitzu eta ekoizleen sektoreak bateratuz eta ordezkatuz. Hala, lau sektore horiek irudikatuz, eta beraien arteko lotura eta elkartasuna mantenduz sortu da BIDARI.

Lan dinamika

Bidarik kontsumo lokala sustatu eta Gipuzkoan erreferente eta lehiakorra den sektorea garatu asmoa du. Horretarako, Goierriko Azoka webgunearen bidez eskualdeko negozioei ikusgarritasuna eman nahi zaie, eskualdeko saltokiak digitalizazio arloan trebatuz. Era berean, sektorearen kudeaketa ere profesionalizatzea du helburu.

Xede horiek lortzeko, lan ildo ezberdinak definitu ditu taldeak, hala nola, BIDARI mahaiaren aurkezpena eta zabalkundea, eskualdeko komunikazio eta sentsibilizazio kanpaina, elkarlana negozio txikien lehiakortasuna handitzeko, efizientzia energetikoaren arloan negozio txikiei laguntza eskaintza, Goierriko Azokaren estrategia lanketa, bezero eta erabiltzaileen esperientzia lantzeko eta hobetzeko formakuntzak, edota digitalizazioan lagun dezaketen tresna ezberdinen formakuntzak eta saioak.

Halaber, BIDARI taldearen ekintzak eta planak osatzeko informazio iturri izango den kontraste talde bat ere osatuko da, egindako ekintzen balorazio eta iritziak jasoko dituena, eta etorkizunera begira ere informazioa jasoko duena.

Kontraste talde horrekin bi saio egingo dira urtero, maiatzean edo ekainean, eta urrian edo azaroan. Saio horiek ordu eta erdiko edo bi orduko iraupena izango dute gehienez, eta Goiekiko instalazioetan egingo dira. Saio horietan, ordura arte egindako ekintzak aztertuko dira, eta hortik aurrera landu nahi direnak jasoko dira. Partehartzaileak sektore ezberdinetako negozioetako ordezkariak izango dira, eta deialdiak irekiak izango dira.

‘EGUN ON!’ kanpaina

Herriaren parte diren aurpegi ezagunen irribarre eta ongi etorrien bidez, bertako saltokiek eta zerbitzuek eskaintzen duten gertutasuna, alaitasuna eta itxaropen kutsua irudikatu asmoz sortu dute ‘EGUN ON!’ komunikazio eta sentiberatze kanpaina, herritarrari negozio txikia babesteko mezua zabaltzeko. Euskarri desberdinak erabiliko dira kanpaina zabaltzeko, baina nagusiena bideoa izango da. Ikus-entzunezko medio eta sare sozialetan zabalduko da bi bertsiotan, bata luzeagoa eta bestea laburragoa.

Bideoan, eskualdeko hainbat sektoretako ordezkariak izango dira protagonista, eta BIDARI sustatuko dute. Aurreikuspenen arabera, kanpainari apirila amaieran emango zaio hasiera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK