Bidesarietan zenbait deskontu ezarriko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Plan berriarekin, garraio publikoak % 63raino murriztuko du bidesariaren zenbatekoa, eta gutxien kutsatzen duten salgaien garraioek % 25erainoko deskontuak lortu ahal izango dituzte, motorraren kalifikazioaren arabera

Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatua eta Alfredo Etxeberria Bidegiko zuzendaria | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatua eta Alfredo Etxeberria Bidegiko zuzendaria | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, Gipuzkoak bere edukiera handiko sareko bidesari-errepideen erabiltzaile guztien arteko deskontu-plan berria jarriko du abian. Onuradunen artean sartuko dira salgaien garraioa, bidaiarien garraio kolektiboa, jarduera ekonomikoa duten ibilgailu arinak eta ibilgailu arin guztiak, jatorria edozein dela ere.

Erabileragatik ordaintzeari buruzko Europako Zuzentaraua eguneratuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bidegiren bidez, plana aktibatu du, salgaien garraioan ez ezik, autonomoei, autokarrei, autobusei eta TAG gailuak dituzten ibilgailu arin guztiei ere laguntzeko.

Hala, garraio publikoak % 63raino murriztuko du bidesariaren zenbatekoa, eta gutxien kutsatzen duten salgaien garraioek % 25erainoko deskontuak lortu ahal izango dituzte, motorraren kalifikazioaren arabera. Gainera, autonomoek lehen aldiz %13rainoko deskontua izan ahal izango dute bidesarietan, egindako bidaia kopuruaren arabera. Maiztasunagatiko deskontu hori salgaien garraioari eta bidaiarien garraioari ere aplikatuko zaie. Ibilgailu arinei dagokienez, guztiek, jatorriagatik bereizketarik egin gabe, Abiatu gailuaren erabiltzaileek gaur egun dituzten deskontuak baliatu ahal izango dituzte.

“Erregaien eta lehengaien igoera geldiezina herritar guztiei eragiten ari zaie, eta Gipuzkoak bere bideen erabiltzaileei aplikatuko dien deskontu politika berriak, neurri batean, joan-etorrien garestitzea arintzen lagunduko du”, adierazi du Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak.

Planak bidesarietan bide-erabiltzaile guztiei konpentsazioak aplikatzea aurreikusten du, eta horiek desberdinak izango dira ibilgailuaren ezaugarrien arabera. “Gure ustez, deskontuetarako laguntza horiek 44 milioi euro ingurukoak izango dira; urtero herritarrak aurreztuko dituztenak. Bidegik ordainduko ditu”, aurreratu du Oiarbidek.

Ibilgailu arinak

Gipuzkoako mugikortasun-plan berrian ibilgailu arin guztiak ere sartzen dira, jatorria edozein dela ere, eta Abiatu gailua duten gipuzkoarrek orain arte jasotzen zituzten laguntza berberak jasoko dituzte, 35,25 euroko gastu-muga barne. «Europako zuzentaraua argia da erabiltzaileak jatorriaren arabera ez diskriminatzearekin, eta horretan oinarrituta, ezin dugu inor diskriminatu. Tratamendu bera emango diogu gure errepideetan zirkulatzen duen edozein erabiltzaileri», adierazi du Oiarbidek.

Diputatuak gogorarazi duenez, dagoeneko deskontu horiek dituzten gipuzkoarrez gain, neurri horien onuradun handienak honako hauek izango dira: egoitza Araban, Bizkaian, Nafarroan eta Iparraldean izanik lantokia Gipuzkoan duten erabiltzaileak, «Gipuzkoako ekonomiari laguntzen diotenak».

Era berean, Oiarbidek azpimarratu nahi izan du Abiatu erabiltzen duten gipuzkoarrek lurralde arteko gastuaren muga izaten jarraituko dutela AP-8a Bizkaian eta AP-1a Araban erabiltzeagatik. Gaur egun, gastu-muga hori hileko 50,93 euro da.

Neurri horiek guztiak, maiztasunagatiko deskontuak izan ezik, datorren urteko urtarrilaren 1ean jarriko dira indarrean, eta, haietaz baliatu ahal izateko, ViaT, TAG edo Abiatu sistema bat izan beharko dute. Gainera, alta eman beharko dute Bidegin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK