Bilbo atzerriko inbertsioa erakartzeko 10 hiri onenen artean, Financial Timesen arabera

Mundu osoko 370 hiriren artean lehen postuetan ezarri du Bizkaiko hiriburua, dituen indargune ekonomiko, enpresa ehuna eta finantza gaitasunak aztertu ostean

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Financial Times talde editorial britainiarraren arabera, atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko hamargarren hiri onena da Bilbo, tamaina handiko 370 hirien artean. Taldeak argitaratzen duen fDi Intelligence aldizkariaren azken argitalpenean agertu da zerrenda. Horretarako, mundu osoko hirien indargune ekonomikoak, enpresa ehuna eta finantza gaitasunak aztertu ditu.

Financial Times taldea 2016. urtean hasi zen Bilbori aintzatespenak egiten. Hain zuzen ere, 2016an, bi sari jaso zituen fDi Strategy Awards sarietan: Smart City eta Education Cluster kategorietan, hiri adimendunaren ereduan aurrera egiteko eta ezagutzan oinarritutako garapena sustatzeko egindako apustuari esker.

Orain arte, aldizkariak tamaina ertaineko hirien zerrendan sartu izan du Bilbo, eta, beraz, tamaina handiko hiri gisa aitortzeak "aurrerapen bat suposatzen du", Udalaren arabera. Ildo horretan, nabarmendu du egun Zorrotzaurre uhartea dela "Bilboko eta lurraldeko atzerriko talentua eta inbertsioa bereganatzen jarraitzeko ikur nagusia".

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoa "Top 10 Mid-Sized European Regions Of The Future 2023 - Fdi Strategy" delakoaren seigarren postuan kokatu du aldizkariak. Lehen hiru postuetan daude, hurrenez hurren, Ipar Irlanda, Toscana eta Zuricheko Kantoi Nagusia.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK