Bilboko Portuak bere logistikaren abantailak azaldu ditu Berlingo Fruit Logistica azokan

Salgai galkorren trafikoan duen esperientzia ikusita, bere instalazioen inguruko informazioa elkarbanatu du

Bilboko portuko kai-mutur nagusia | Argazkia: Bilboko Portua Bilboko portuko kai-mutur nagusia | Argazkia: Bilboko Portua

Bilboko portuak bere lehia-abantailak aurkeztu ditu Fruit Logistican, Berlingo fruta eta barazkien munduko azoka nagusian. Topaketak 87 herrialdetako erakusketariak eta 72.000 bisitari profesional baino gehiago bildu ditu, eta produktu freskoen nazioarteko merkatuan espero diren etorkizuneko joerak, berrikuntzak eta gaiak ezagutarazi dituzte.

Bilboko Portuak 24 orduz martxan dagoen bere Mugako Kontrol Postuaren berri eman du, bizkortasun handiagoa lortzeko, ecommerce plataformak koordinatzen duena. Edukiontzien terminalaren ondoan dago kokatuta, automatizazio maila altuarekin, eta edukiontzientzako 540 entxufe hartune ere baditu.

Gune horretan, 4.800 metro karratuko hotz-terminala ere badago, Frioport izenekoa, zero azpitik 25 gradura dauden izozte-ganberez osatua. Bestalde, salgaiak biltegiratzeko eta lekualdatzeko beste bi instalazio ere baditu, Progeco enpresak kudeatzen dituenak. Hala, hozkailu-edukiontziak biltegiratzen, mantentzen eta konpontzen ditu urteko 365 egunetan, hotz-katea ez hausteko.

800 portu baino gehiagorekin loturak ditu Bilboko Portuak, eta esperientzia handia salgai galkorren trafikoan. Hala, Erdialdeko Amerikako, Hego Amerikako eta Hegoafrikako produktu freskoak inportatu eta Europa iparraldera esportatzeko erdigunean dago kokatuta. Ildo horretan, nabarmentzekoa da Erresuma Batuarekin eta Irlandarekin lotuta duen fruta eta barazkien merkataritza. Portu barrutiaren ondoan dagoen Mercabilbao, Espainia iparraldeko eta Frantzia hegoaldeko elikagai galkorren banaketa-zentro handiena da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK