Bizkaiak 59 milioi euroko dirulaguntzak bideratuko ditu enpresa eta ekintzaileentzat 2023an

Sustapen Ekonomikoko departamentuaren guztizko aurrekontuaren % 75 izango da

Ainara Basurko diputatua, artxiboko argazki baten | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia Ainara Basurko diputatua, artxiboko argazki baten | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko departamentuak 79.812.000 euroko aurrekontua izango du 2023. urtean. Zifra hori aurkeztu du gaur goizean Batzar Nagusietako Ogasun batzordean. Aurrekontuaren %75 bideratuko du enpresa txiki eta ertainei, eta ekintzaileei laguntzera. Guztira, beraz, 59 milioi euro izango dira horretarako, aurten baino % 3 gehiago, batez ere eraldaketa enpresariala eta trantsizioak bultzatzeko.

Ainara Basurko Sustapen Ekonomikoko diputatuak laburbildu duenez, "apustu garbia lurralde gisa bultzatu behar dugun enpresa-eraldaketa bizkortzeko", betiere "lurralde oreka sustatuz". Diputatuak esandakoaren arabera, ardatz nagusiak dira digitalizazioa eta iraukortasuna, baita ekintzailetza berrikuntza, nazioartekotzea eta enpresen arteko lankidetza ere.

59 milioi euro horietatik, 31,5 milioi itzuli beharrik gabeko funtsak izango dira, eta gainontzeko % 44 balio erantsiko zerbitzuentzat. Departamentuaren kalkuluen arabera, 1.000 proiektu baino gehiago babestu ahalko dira, eta emandako euro bakoitzeko 3 eta 5 euro bitarte mugitzen direla enpresen barnean.

Basurkok aipatutako beste bi alderdi izan dira turismoaren alde eta eskualdeen alde eginiko apustua. Lehenengoan, 8,75 milioi euro inbertituko dira, sektorearen eraldaketa bultzatzeko jasangarritasunaren, berrikuntzaren eta gobernantza eredu ireki eta elkarlanerakoaren baitan. Bigarrenari dagokionez, 4,1 milioi euro bideratuko dira "Bizkaiko eskualdeen lehiakortasuna indartzeko", modu orekatu baten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK