Bizkaian ere bidesaria ordaindu beharko dute kamioilariek N-240 eta BI-625 errepideetan

Bizkaiko Foru Aldundiak urtea hastearekin batera ezarri nahi zuen bidesaria baina egun batzuk atzeratu da. Udaberritik aurrera ordainpekoak izango dira Bizkaiko beste hiru errepide ere

Bidesarien arkuetako bat Bizkaian | Argazkia: Europa Press Bidesarien arkuetako bat Bizkaian | Argazkia: Europa Press

Gipuzkoa ez da lurralde bakarra. Bizkaiak ere asteazken honetan piztu ditu bidesarien arkuak N-240 eta BI-625 errepideetan. Kamioientzat soilik egongo dira indarrean, 3,5 tonatik gorakoentzat. BI-625 errepidea (Basauri eta Arakaldo artean) ia 15 kilometroko eremua da, eta egunean 1.700 kamioik erabiltzen dute. Osorik zeharkatzen dutenek 4,50 euro ordaindu beharko dute.

N-240 errepidetik berriz, Ubidetik Galdakaora doanetik , egunero 1.600 kamioi igarotzen dira. Hauen kasuan, osorik zeharkatzen dutenek 17,34 euro ordaindu beharko dituzte.

Aldundiaren deskontuak aplikatuko zaizkie errepide horietatik hilean gutxienez 20 aldiz igaroz gero. Kasu horretan %13 gutxiago ordaindu beharko lukete hileko kuota. Gutxiago kutsatzen duten ibilgailuek, berriz, %25eko deskontua izango dute.

Gipuzkoan bezala, ibilgailuak kameraz betetako arkuen azpitik igaroko dira, geratu gabe, eta horiek aterako dituzten argazkiekin jakingo du Aldundiak kamioi bakoitzak errepidearen zer zati erabili duen. Ordainketa, Via-T antzeko ordainketa sistema elektronikoen bitartez egin beharko dute ibilgailuen jabeek. Halakorik ez badute, ordainketa agindua ibilgailuaren jabearen helbidera iritsiko da. Ordaintzen ez duenari isuna jarriko zaio.

Udaberritik aurrera, ordainpekoak izango dira Bizkaiko beste hiru bide ere: Txorierriko korridorea (Erletxe-Barakaldo), Kanpazarko bidea (Gipuzkoako mugatik Abadiñoraino) eta A-8aren zati bat (Abantotik Kantabriako mugaraino).

Diputazioaren arabera, ibilgailu astunak herriguneetatik aldendu nahi dituzte eta bildutako dirua errepideen mantentze lanetara bideratu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK