Bizkaiko ehungintza merkataritzan adostasunera iritsi dira patronalak eta sindikatuak

2023-2026 aldirako aurreakordioa sinatuta, 2015az geroztik geldirik zegoen hitzarmena berritu dute

Ehungintza merkataritzako langileak hitzarmen duina eskatzeko protesta batean | Argazkia: ELA Ehungintza merkataritzako langileak hitzarmen duina eskatzeko protesta batean | Argazkia: ELA

Sindikatuen eta enpresen adostasunarekin sinatu dute Bizkaiko ehungintza merkataritzaren aurreakordioa, 2023-2026 aldirako izango dena. Hala, 2015az geroztik eguneratu gabe zegoen hitzarmena berritu dute Bizkaiadendak eta Cecobik, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin.

Aurreakordioan bildutakoaren arabera, %12ko soldata igoera adostu dute 2023rako; %4koa 2024rako; %3,5ekoa 2025erako; eta %2,5ekoa 2026rako. 2024tik 2026ra bitarte, balizko gehikuntza gehigarri bat jasotzen du testuak, hiru urte horietako KPIen batura %10etik gorakoa den kasuetan. Igoera hori 2027an edo 2028an aplikatuko litzateke, enpresaren egoera ekonomikoaren arabera. Aparteko lansariari lotuta, 1.250 euroko ordainsari bakarra jasoko dute.

Halaber, 150 pertsonatik gorako enpresetan, urteko salmenten %10 baino gehiago internet bidez egiten duten kasuetan, aparteko ordainsaria izango dute langileek. 2024an 1.000 eurokoa izango da sari hori; 1.040 eurokoa 2025ean; 1.076 eurokoa 2026an; eta 1.100 eurokoa 2027an. Gehigarri horrek ez die eragingo hitzarmenekoa baino soldata handiagoa duten dendetako arduradunei, ez eta internet bidezko salmentarekin lotutako zereginak egiteko soilik kontratatutako pertsonei ere.

Lanaldiari lotuta, zortzi orduko murrizketa adostu dute, lau ordukoa 2024an eta beste lau ordukoa 2025ean. Hala, 1.735 lan ordu izatetik, 1.727 izatera igaroko dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK