Bizkaiko Foru Aldundiak 800.000 euro gehiago bideratu ditu ekintzailetzara eta enpleguaren sorrerara

Enplegu Sailak 1.000 ekintzailetza proiektutik gora babestuko ditu aurten, 1.200 lanpostutik gora sortuz

Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu diputatuaren agerraldia | Argazkia: BFA Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu diputatuaren agerraldia | Argazkia: BFA

Bizkaiko Foru Aldundiak Sarekin Ekintzailetza Sarearekin beste bilera bat egin du, elkarrekin dituzten “aliantzak eta konplizitateak” ehuntzeko. Teresa Laespada foru diputatuak nabarmendu duenez, indartu egin dituzte enplegua sortzeko eta ekintzailetza bultzatzeko laguntzak, 800.000 euro gehiagoko inbertsioarekin. Legealdiaren hasieratik igoera hori 4 milioi eurokoa izan dela gaineratu du.

Era berean, ekintzailetza eta enpresen transmisio eta finkatzearen arloko programak ere indartu egin direla azpimarratu du, 7 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eginez. Hala, laguntza berriekin, 1.000 ekintzailetza proiektutik gora babestuko direla iragarri du, 1.200 lanpostutik gora sortuz.

Aldundiaren arabera, ekintzailetzari emandako bultzadari esker, legealdian zehar 4.000 enpresa baino gehiago sortu dira eta langabezian zeuden 4.200 pertsona hasi dira lanean.

Enplegu diputatuak adierazi duenez, errealitate hori hiru trantsizio handi dituen testuinguruan bizi dute: trantsizio teknologiko-digitala, trantsizio berdea, eta trantsizio demografikoa. Ildo horretan, jakinarazi du enpleguak enpresak eta ekintzailetza behar dituela, aurrean dituen erronka orori aurre egiteko. “Bizkaia lurralde ekintzailea izatea nahi dugu. Ekintzaile gehiago behar ditugu, ekintzailetza eta enpresa eredu berriekin batera. Ahalik eta etekin gehien lortzeko kezkarekin hain itsututa ez dauden enpresak nahi ditugu, enpresa bideragarri, iraunkor eta errentagarriak”, gaineratu du diputatuak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK