Bizkaiko hamar enpresatik zazpik digitalizazioan ikusten du bere negozioa garatzeko aukera

Bilboko Ganberaren eta Bizkaiko Aldundiaren azterlan baten arabera, lurraldeko negozioen %23,7k digitalizazio fase aurreratua du

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Bizkaiko hamar enpresatik zazpik beren negozioa garatzeko aukera ikusten du digitalizazioan, eta %65,8k software edo teknologia digitalen bat txertatu du bere prozesuetan. Bizkaiko enpresen digitalizazio maila aztertzeko, eskuratutako onurak identifikatzeko, haien gaitasunak eta jarrerak zehazteko, behar dituzten babesak ezagutzeko eta digitalizaziorako etorkizuneko inbertsioaren aurreikuspena ezagutzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Merkataritza Ganberak, barrixe - Bizkaiko Berrikuntzaren Behatokiaren bitartez, 'Bizkaiko Enpresen Eraldaketa Digitala 2022an' azterlana aurkeztu dute.

Zehaztu dutenez, txostenak aukera eman du enpresak kuantifikatzeko eta tipifikatzeko, teknologia desberdinei egiten dieten ohiko erabileraren arabera. Hala, trantsizio digitalaz hitz egiten denean digitalizazio sofistikatuagorako ikuspegi "eskoratua" antzematen bada ere, praktikan enpresen %65,8 oinarrizko digitalizazio mailan daude, eta %23,7, berriz, "maila aurreratuago eta konplexuagoan". Hala ere, gaur egun oinarrizko fase batean daudenen %13,8k diote etorkizun hurbilean teknologia konplexuagoetan inbertituko dutela.

Sektorekako azterketak erakusten du digitalizaziorako sarbide handiagoa dutela zerbitzuen sektoreko enpresek, nahiz eta gehienak oinarrizko mailan dauden. Eraikuntzaren sektorean, berriz, hamar enpresatik bik ez dituzte halako teknologiak eskuratu, eta, beraz, ez dira oinarrizko mailara iristen. Era berean, 50 langiletik gorako enpresek hazkunde esponentziala erakusten dute digitalizazio aurreratuan.

Azterlanean lortutako datuekin, Bizkaiko enpresen transformazio digitalaren maila neurtzen duen indize bat ere sortu da (ITDEB), eta une honetan duten egoeraz gain, epe ertainean egingo duten inbertsioaren aurreikuspena ere kontuan hartzen du. 

Digitalizazio maila

Hala, inkestatutako enpresen %30,3k digitalizazio maila oso altua edo altua du, %43,4 maila ertain edo ertain-baxuan dago, eta %26,4 maila baxuan.

Digitalizazio hori enpresaren helburuek bultzatzen dute (%60,6), nahiz eta merkatuak berak, hala nola lehiak, garrantzi handia duen aldaketa horiei aurre egiteko orduan (%46,9), pandemiak bizkortu egin baitzuen, batez ere tamaina handiagoko enpresetan.

Bilboko Merkataritza Ganberak azpimarratu du lan honek digitalizazioaren eta automatizazioaren onurak azpimarratzen dituela, eta horien artean nabarmentzekoak direla kalitatearen igoera, informazioaren erabileraren hobekuntza, malgutasun handiagoa, eta eraginkortasun handiagoa. Digitalizazio aurreratua denean onura horiek are hobeak direla gaineratu du.

Bizkaiko enpresek eraldaketa digitalari ekiteko dituzten tresna eta gaitasunen artean, aipatzekoa da %84,5ek identifikatuta dituela langileek horrelako prozesuei ekin ahal izateko dituzten ezagutzak; gainera, %77,9k zuzendaritza ere prestatua du, eta %75,9k oinarrizko azpiegitura nahikoa du, hala nola Interneteko konexioa, edota beharrezko ekipoak.

Aitzitik, %43k soilik du erraztasuna profil teknologikoak aurkitzeko, %38,6k du denbora teknologia horiek ezartzeko, eta %36,7k soilik du zehaztuta digitalizazio plan bat. Horiek dira, besteak beste, Bizkaiko enpresen digitalizazio prozesua zailtzen duten oztopoetako batzuk.

Ganberaren arabera, hamar erakundetik zazpik dio digitalizazioa "bere enpresarentzat garapenerako aukera bat" dela, eta, aldi berean, epe ertainean eragin eraldatzailea esleitzen diotela bere sektoreko enpresa- eta merkatu-dinamiketan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK