Durangaldeko 11 enpresak LANDUE euskara sustatzeko proiektuan parte hartzeko konpromisoa sinatu dute

Dagoeneko 26 dira komunitateko kideak

Argazkia: LANDUE Argazkia: LANDUE

Durangaldeko 11 enpresa berrik LANDUE proiektuan parte hartzeko konpromisoa sinatu dute, eta dagoeneko 26 dira komunitate horren barnean dauden kideak. Eskualdeko eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko programa da LANDUE, eta enpresa kide berrien sinadurarekin batera, proiektuaren barruan emandako azken urratsak aurkeztu dituzte ostiral honetan Durangoko Elkartegian. Bertan izan dira, besteak beste, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia, eta Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitatearen presidentea. LANDUE zerbitzua Durangaldeko Mankomunitateak kudeatzen du, eta diruz laguntzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.

Hala, Mireia Elkoroiribek azaldu duenez, “Durangaldea eremu estrategikoa da hizkuntzaren biziberritzeari dagokionez. Gero eta pertsona gehiago dira eskualdean euskara dakitenak, baina jakiteaz gain, euskara biziberritzeko ezinbestekoa da erabiltzea”. Hain zuzen ere, horixe da LANDUEren helburua, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzea eta Durangaldean lana euskaraz egiteko erraztasun handiagoak ematea.

2021eko udaberrian sortu zen LANDUE zerbitzua, eta ordutik gaur arte Durangaldeko enpresetan euskararen presentzia areagotzeko lanean aritu dira Ahize-AEKko hizkuntza aholkulariak.

Gaurko ekitaldian 11 enpresa berrik egin dute bat proiektuarekin, eta beraz, 2023an euskararen presentzia areagotzeko lan egingo dute, LANDUEk eskaintzen dizkien doako zerbitzuekin. Lasuen, Malda Bike, Urkiola Landa Garapena, Sorland, DEK (Durangaldea Enpresa Ekimena), Hirukobat, Padelko, Ozasan, Garaiko landetxea, Saltsan Katering eta Begilan dira ekimenari batu zaizkion enpresak. Horiez gain, 15 enpresa gehiagok osatzen dute mankomunitatea, orotara 26k.

Proiektuarekin bat egin duten enpresak industria arlokoak dira batez ere, baina 2023. urtean sektore berri batera egingo du salto LANDUEk: turismora. Urkiola Landa Garapeneko elkartearekin elkarlanean abiatu dute ildo berria, eskualdean gero eta garrantzia handiagoa duen sektorea izanik, hizkuntzaren aldetik oraindik egiteko lan handia dagoela ikusi baitute. Pilotajea martxan dago Garaiko landetxean, eta urtean zehar beste bi enpresekin garatuko da ildo hori.

Horrez gainera, Lanbide Heziketako zentroekin ere lanketa egiten ari da LANDUE, ikasleen praktiketako egonaldiak euskaraz izan daitezen bermatzeko. Proiektu horren helburua argia da: ikasketa prozesuan euskararekin harremana izan duten ikasleek lan munduratzen direnean ere hala jarraitzea. Zornotza LH, Iurreta LH eta Maristak LH zentroekin ari dira lanketa egiten iaztik, eta horiei esker hiru enpresetan hasi dira lanketa egiten LANDUEko aholkulariak: Brussen, Tabira Berezin, eta Hirukobaten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK