EAEko hoteletako sarrera kopuruak 2019ko zifrak hobetu ditu maiatzean

Gaualdi kopurua, ordea, txikiagoa izan da.

Argazkia: EnpresaBIDEA Argazkia: EnpresaBIDEA

Guztira 301.976 sarrera eta 562.700 gaualdi izan dira 2022ko maiatzean Euskal Autonomia Erkidegoko hoteletan. Bestela esanda, iazko maiatzetik sarrerak % 153,1 hazi dira, garai hartan 119.312 sarrera erregistratu baitziren; gaualdiak, berriz, % 168,6 igo dira, 209.506koak izan zirelako. Batez besteko egonaldia, beraz, 1.86 egunekoa izan da, iaz 1,76 egunekoa izan zen bitartean.

Datuok ulertze aldera, kontuan hartzekoa da, besteak beste, 2021eko maiatzeko lehenengo bederatzi egunetan erkidego arteko itxialdi perimetrala zegoela oraindik ere, baita herrialde artekoa ere. Hain zuzen, atzerriko bisiten gorakadan ere igarri da hori: 2021an sarreren guztizkoaren % 22,9, eta gaualdien % 21,8 izan baziren, aurten lehenengoaren % 47,0 izan dira, eta bigarrenaren % 49,0.

Dena den, sarrera kopurua bereziki nabarmentzeko modukoa da. Izan ere, 2019ko maiatzekoa baino hobea izan da 2022an, orduan baino 6.921 sarrera gehiago izan baitira hoteletan. Horrek, baina, ez du gaualdi kopuruan eragin bera izan, 2019an baino 11.722 gutxiago erregistratu baitira.

Bizkaiak jaso ditu sarrera gehien, 256.440, zifra osoaren % 45. Gipuzkoak, berriz, 236.400 sarrera izan ditu (% 41,7), eta Arabak 69.860 (% 12,7). Hortaz, den-denetan hazi da iaztik: Bizkaian % 172,5, Gipuzkoan % 157,9 eta Araban % 91,9koa. Gauza bera gertatu da gaualdiekin, baina kasu honetan Gipuzkoan hazi dira gehien (% 191,2). Bizkaian hazkundea % 176,5ekoa izan da, eta % 96,3koa Araban.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK