EAEko zerga erreforman enpresa jarduera areagotzeko neurriak eskatu ditu Cebekek

Errentagarritasunaren jaitsieraren eta absentismoaren aurrean kezka agertu du Bizkaiko patronalak

Carolina Perez Toledo eta Francisco Javier Azpiazu Cebekeko presidentea eta idazkari nagusia prentsaurrekoan | Argazkia:  Europa Press Carolina Perez Toledo eta Francisco Javier Azpiazu Cebekeko presidentea eta idazkari nagusia prentsaurrekoan | Argazkia: Europa Press

Carolina Perez Toledo Cebek Bizkaiko enpresen elkarteko presidenteak iritzi dionez, Euskal Autonomia Erkidegorako erreforma fiskala maiatzetik aurrera aztertuko da. Zentzu horretan, “oso ongi” iruditzen zaie Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren %76 ongizate politiketara bideratzea eta “pozik” daude gai horri hauteskundeen ostean helduko zaiolako. Hala ere, erreformak gizarte politika horien arteko oreka eta enpresa jarduera sustatzeko neurriak eta ekimenak bilatu behar dituela uste du Cebekek: “Beti esan dugu fiskalitatea lanabes ezin hobea dela lehiakortasuna hobetzeko”.  

Baina, ez da Cebeken ardura bakarra, urte hasierako txostenaren berri eman du eta dituen bi kezka iturri nagusiren berri ere eman du: errentagarritasunaren jaitsiera eta absentismoa. Lehenengoari lotuta, jakinarazi du Bizkaiko enpresen %48k ezin izan duela kostuen gorakada guztia eraman amaierako prezioetara. Bigarrenari lotuta, berriz, kezka adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoko absentismo maila altuaren aurrean (%9,8koa da eta Espainian %6,7koa) eta gaia jorratzeko Elkarrizketa Sozialeko mahaiaren baitan gaia jorratzeko foro bat sortuko duela jakinarazi du. Francisco Javier Azpiazu Cebekeko idazkari nagusiak kritikatu egin du lanera ez joateak gizartean duen gaitzespen urria eta horretarako arrazoiak aztertu beharko liratekeela uste du.

Bestelakoan, eta inkestako datuei erreparatuta, 2022a urte ona izan dela ondorioztatu dute, baina zuhurtziaz begiratzen diote aurtengo urteari. Hala ere, Bizkaiko enpresen %67k 2023an langile kopuruari eutsiko diola uste du, eta %25ek handitu egingo duela. Eskariari lotuta, enpresen %45arentzat pandemia aurreko eskari datuak berreskuratu dituzte, %28ak uste du eskari zorroa ahulagoa dela orain, eta %19ak handiagoa dela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK