ETEek talentuaren kudeaketaren aurrean dituzten erronkak hizpide Bilboko Ganberaren hitzaldi zikloan

Lau egunez hitzaldiak izango dira Bilboko Ganberaren egoitzan. Izena eman beharko da Ganberaren atarian

Jose Ignacio Zudaire Ganberako presidentea artxiboko irudi batean | Argazkia: Bilboko Ganbera Jose Ignacio Zudaire Ganberako presidentea artxiboko irudi batean | Argazkia: Bilboko Ganbera

Talentuaren eta pertsonen kudeaketa etorkizuneko giltzarrietako bat da Bizkaiko enpresa txiki eta ertainentzat. Hori dela eta, Bilboko Merkataritza Ganberak, EHUko Familia Enpresaren Katedrarekin batera eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, ‘Talentua, Bizkaiko ETEen erronka eta etorkizuneko apustua’ izeneko hitzaldi zikloa antolatu du. ETEen kudeaketan eta giza baliabideen arloan ardurak dituzten pertsonei zuzendutako ziklo honetako lau jardunaldiek enpresa kulturari, giza baliabideen kudeaketari eta talentua erakartzeari, hautatzeari eta atxikitzeari buruzko zenbait alderdi jorratuko dituzte.

Zikloaren lehen hitzaldia maiatzaren 4an izango da, eta giza baliabideen plan estrategikoa egiteko gakoak izango ditu hizpide Oscar Izquierdo Renovatio Way to Go taldeko bazkide eta Bilboko Ganberako talentuaren kudeaketa eta erakunde lidergoko programako irakasleak. Jardunaldian, pertsonen kudeaketarako estrategiak identifikatzeko eta giza baliabideen planak osatzeko tresnak ezagutaraziko ditu, langileen esperientzia hobetzearekin batera, talentua erakartzen eta garatzen laguntzeko.

Jardunaldia doakoa izango da, eta aldez aurretik Bilboko Ganberaren web atarian eman beharko da izena. Egunean bertan 10:00etatik 11:30etara jarraitu ahal izango da, telematikoki zein aurrez aurre Ganberak Bilbon duen egoitzan.

Zikloak ekainaren 21ean egingo du aurrera, talentua erakartzeari, identifikatzeari eta hautatzeari buruzko hitzaldiarekin, eta urriaren 18an ordainsari eta konpentsazio sistemen inguruko jardunaldia izango da.  Azaroaren 22an izango da laugarren eta azken hitzaldia, eta hainbat belaunaldiren elkarbizitza eta haien beharrek gaur egungo enpresa testuinguruan duten eragina izango dituzte hizpide.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK