Euskal Herritik “Eskola Handietara”

Du Pays Basque aux Grandes Écoles elkarteak hamar urte bete berri ditu. Gazte euskaldunak Frantziako eskola ospetsuenetan sartu, eta gero herrira itzul daitezen lan egiten du, aukera-berdintasuna bultzatuta.

10 urteko ospakizuna, Baionako udaletxean | Argazkia: DPBGE 10 urteko ospakizuna, Baionako udaletxean | Argazkia: DPBGE

Bixente, Ximun, Iban eta Etienne Parisen elkartu ziren 2013an, unibertsitate-ikasketak hasi berritan. Donibane Garazitik, Nafarroako Lizeotik, ezagutzen zuten elkar denek, eta hizketan ari zirela, ohartu ziren haien ikaskide berrien artean ia ez zegoela euskaldunik. Eskola Handietan ikasten zuten (frantsesez, Grandes Écoles): goi-mailako ikastetxe publiko edo pribatuak, non ikasleak lehiaketa bitartez sartzen diren eta maila altuko trebakuntza bermatzen den. Unibertsitateak ez bezala, arlo jakin baten inguruan egituratzen dira; adibidez, ingeniaritza-eskolak, enpresa-ikasketetakoak edota ikasketa politikoetako institutuak (Sciences Po entzutetsuak).

Bada, lau gazteak ikertzen hasi, eta konturatu ziren euskaldunek emaitza onak lortzen zituztela baxoan, baina gero ez zutela mota horretako eskoletara joateko urratsik egiten. Arrazoien artean: ikasketei buruzko informazio falta handia, Eskola Handiekiko urruntasuna, autozentsura apur bat… Eta batzuetan traba ekonomikoak ere bai. Baina, haiek sartzea lortu bazuten, zerendako ez zuen jende gehiagok ere lortuko? Egoera hori irauli eta elkarri laguntzeko sortu zuten Du Pays Basque aux Grandes Écoles (DPBGE) elkartea.

Maxime Zeidenberg egungo presidenteetako baten hitzetan, “aukera-berdintasunaren eta lurralde-garapenaren aldeko elkarte bat da”. “Duela 10 urtetik, gazteei bultzada ematen diegu, goi-mailako ikasketak kanpoan egiteko ausardia izan dezaten. Halaber, Euskal Herrira itzultzea ere proposatzen diegu, Eskola Handi horietan ikasitako gaitasunak gure lurraldean balia ditzaten. Kiribil positiboa da beraz: alde egitea, hobeto itzuli ahal izateko”.

Lizeotik hasten den lana

Gazteak goi-mailako ikasketetan sartzea bada helburu, informazioa aitzinetik helarazi behar zaie. Horretarako, Ipar Euskal Herriko hamahiru lizeoetan esku hartzen du DPBGEk. “Adibideak erakutsiz, Eskola Handietan ikasteko gogoa piztu nahi diegu. Haien egoera berean izan diren ikasleak entzuten dituzte: posible dela, bikaina dela, aukera anitz eskaintzen dituela… Ausartzeko motibazioa ematen diegu”. Orokorrean, hitzaldiak antolatzen dituzte, baina aholkuak emateko ere prest dira: gazte batek ikasketa jakin bati buruzko galderak egiten baditu, antzeko ibilbidea egin duen beste batekin harremanetan jartzen dute.

Maxime Zeidenberg: “Adibideak erakutsiz, Eskola Handietan ikasteko gogoa piztu nahi diegu. Haien egoera berean izan diren ikasleak entzuten dituzte"

Era berean, azken bi urteetan tutoretza-zerbitzu bat ere garatu dute, pertsona bakoitzari hobeto egokitzeko. Funtsean, bikote bat osatzen dute: jadanik Eskola bateko ikasle den batek bere gain hartzen du ikasle izan nahi duen beste bat, eta lizeoko urteetan zehar orientatu egiten du, tartean hautagaitza prestatzeko (Parcoursup aplikazioa ongi betetzen lagunduta, motibazio-gutunak idazten, edota Eskola batzuetarako sarbide-probak prestatzen, kasurako). Zeidenbergek dioenez: “Aukera ematen du baxoaren ondotik datorren hori hobeki ulertzeko, baita dosierrak behar bezala aurkezteko ere. Lurraldeko ikasleen arteko harremanak sendotzeko ere balio du”.

Laguntza, ekonomikoa ere bai

Du Pays Basque aux Grandes Écoles elkartearen beste indarguneetako bat da ikasleek dirulaguntzak jaso ditzaketela, tokiko burtsa edo beka-sistema baten bidez. 2018tik hona, 234.000 euro banatu dituzte Eskola Handietara joateko zailtasunak lituzketen 39 gazteren artean. Meritu eta gizarte-irizpideak jarraituta, sarituek bi urteko beka bat jasotzen dute, 6.000 eurokoa orotara. Hala, ikasturtea bideragarriagoa gerta dakieke, kontuan izanik garraioa, alokairua eta bestelako gastuetarako laguntza hori izango dutela.

2022ko beken banaketa | Argazkia: DPBGE
2022ko beken banaketa | Argazkia: DPBGE

Gainera, Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek hartzen dute parte burtsetan. “Egun, beka-sistema hori tokiko eragileek finantzatzen dute: mezenas, banketxe eta enpresek jartzen dute dirua. Tartean dira, adibidez, Etchart, Lauak eta Agour taldeak, edota Crédit Agricole-Pyrénées Gascogne erakundea. Beraz, lurraldea da zinez gazte horiek laguntzen dituena”, azaldu du presidenteak. Gazteak hautatzeko, lizeoetako zuzendariek hiruzpalau dosier aukeratzen dituzte, eta epaimahai batek erabakitzen du laguntzak nori eman. Azken urtean, 50 bat eskaera jaso dituzte, eta hemezortzik lortu dute beka bat.

Erronka: joan-etorriko bidaia

Ikastera joatea bezain garrantzitsua da elkartearentzat lanerako herrira itzultzea. Izan ere, lurraldearen garapen ekonomikoan laguntzea du xede, enpresak eta kualifikatutako profilak elkartuz. 300 partaidek osatzen dute egun Du Pays Basque aux Grandes Écoles, ikasle, diplomadun eta enpresarien artean. Haien harremanak saretzeko espazio bat ere sortu dute, besteak beste, lan eskaintzak partekatuta edota lurraldeko eragileekin hitzorduak antolaturik.

Maxime Zeidenberg: “Momentuz, ezin dugu erran jende anitz itzuli denik, baina oraino elkartea gaztea delako eta ikasle askok ez dituztelako haien lan-esperientziak ukan"

“Momentuz, ezin dugu erran jende anitz itzuli denik, baina oraino elkartea gaztea delako eta ikasle askok ez dituztelako haien lan-esperientziak ukan. Ahalbidetu behar duguna da Euskal Herrira itzuli nahi dutenek aukera izatea Euskal Herrira itzultzeko”. Horixe ikusten du erronka nagusia Zeidenbergek datozen hamar urteetarako: “Hamar urtez aukera-berdintasunerako ekintza bikainak egin ditugu; orain itzulerarekin hasi garela, espero dut are hobeto eginen dugula lurraldera etortzeko. Joateko motibatu ditugu, orain ongi itzul daitezen lortu behar dugu”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK