Gaindegia "eraberritua" aurkeztu dute

Euskal Herriko argazki sozioekonomikoa eskaintzeaz harago, gogoeta "kualifikatua" sustatu nahi du. Halaber, zuzendaritza batzordea handitzea eta batzorde akademiko indartsua sortzea dira entitatearen asmoak

Xabier Oleaga Gaindegiako idazkari nagusia eta Iñaki Dorronsoro presidentea, gaur goizeko aurkezpenean | Argazkia: EnpresaBIDEA Xabier Oleaga Gaindegiako idazkari nagusia eta Iñaki Dorronsoro presidentea, gaur goizeko aurkezpenean | Argazkia: EnpresaBIDEA

2019ko datuekin aurkeztu zuen azken txostena Gaindegiak Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia, eta COVID-19ak bultzatutako egoera larriak euren jarduna etetera eraman zuen. Ia bi urte "hibernazioan" izan ondoren, itzuli egin da, "eraberritua".

Entitatearen helburua da euskal gizartearen osotasunari informazioa "helarazi" eta "eskaintzea", "haren zerbitzura" jartzeko, eta ez soilik "gure nazio ideia" partekatzen dutenei. Hala azaldu du Xabier Oleaga-Arondo Gaindegiako idazkariak gaur goizean Tabakaleran eginiko aurkezpenean. Izan ere, Gaindegiaren berezitasunetako bat lurraldearen ikuspegia da, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako datuak baititu oinarri, beste ikerketengandik bereizten duena. Halaber, ohartarazi duenez, mugaz gaindiko politikaren kezka mundu mailan zabaldutako zerbait da. Hain zuzen, Gaindegiaren helburu fundazionaletako bat izan da mugaz gaindiko ekimenak —Iparraldearen eta Hegoaldearen artekoak— bultzatzea, Gipuzkoako eta Baionako Ganberek abiarazitakoaren antzekoa, eta horretan ere jarriko dute fokua datozen urteetan.

Trantsizio prozesua abiarazteko duela urtebete induru zuzendaritza batzordea sortu zuten, "boluntario taldearekin", Iñaki Dorronsoro lehendakariak azaldu duenez. Hain zuzen, jendarteratutako lehen emaitza izan da Adierazle Nagusien Galeria. Bertan Euskal Herri osoko informazioa jasotzen dute —26 adierazlerekin—, eta hiru zutabe ditu: soziala, ekonomikoa eta ingurumenarena. Azken hau lehen aldiz aztertu da 2022ko txostenean. Era berean, denen oinarrian dago demografia, txostenaren helburua baita demografiari eragiten dioten beste hiru arloen argazkia eskaintzea.

Adierazleen galeria urtean behin aurkeztuko badute ere, aldiro txosten partzialak egitea ere aurreikusi dute. Edozein kasutan, argazki sozioekonomikoa eskaintzea Gaindegiak duen helburuetako bat besterik ez da. Dorronsorok adierazi duenez "gogoeta kualifikatua" ere sustatu nahi du "kualifikatutako eragileekin", baita ekimena sustatu ere enpresa munduan eta bestelako alorretan. Helburu horiei lotuta, datozen hilabeteetan Adierazle Nagusien Galeriako emaitzekin joango dira EHko hainbat herritara, herritarrekin eztabaida sortzeko.

Epe motzean eta ertainean, bi erronka nagusi ditu aurrean Gaindegiak Dorronsororen hitzetan: batetik, zuzendaritza batzordea handitzea, egun dauden bost pertsonetatik zortzi edo hamarrera; eta batzorde akademiko "indartsua" sortzea, unibertsitateekin eta bestelako eragile akademikoekin, "proposamenak biltzeko, zorroztasuna bermatzeko eta elkarlanerako bideak zabaltzeko".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK