Gipuzkoa Bostongo Teknologia Institutuarekin elkartu da mugikortasuna hobetzeko proiektuak lantzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak, MUBIL institutuak eta lurraldeko ezagutzaren arloko eragileek Bostongo baliabideak erabili ahal izango dituzte, eta Toronto zein Shangai bezalako hiriekin lankidetzan ariko dira

Gipuzkoa 'City Science Network'en sartzeko hitzarmenaren sinadura | Argazkia: Jonathan Williams Gipuzkoa 'City Science Network'en sartzeko hitzarmenaren sinadura | Argazkia: Jonathan Williams

Gipuzkoako Foru Aldundiak, MUBIL Fundazioak eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute 'City Science Lab Gipuzkoa' sortzeko. Hitzarmen horren bidez, lurraldea MITen nazioarteko sarean sartuko da, eta "berrikuntza-laborategi" bihurtuko da, mugikortasuna hobetzeko proiektuak abian jartzeko.

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Ane Insausti MUBILeko zuzendariak, eta Kent Larson MIT City Science Network erakundeko zuzendariak, lurraldea 'City Science Network' en sartzea ekarriko duen hitzarmen bat sinatu dute Bostonen. MITek babesten duen mundu osoko hirien sare kolaboratibo esklusiboa da, eta Shanghai, Helsinki, Toronto, Taipei, Hamburgo, Guadalajara (Mexiko), Andorra, Ho Chi Minh eta Concepcion (Txile) daude bertan.

Aldundian jakinarazi dutenez, 'City Science Network' ek mundu osoko erreferentziazko hirietako ikerketa laborategietan oinarritutako lan-metodologia bat planteatzen du, "herritarren erronkei erantzuteko eta hiri/eskualde eredu berri baterantz aurrera egiten laguntzeko".

Ekimenaren esparruan, hiri horiek, laborategi kooperatiboen nazioarteko sare batean integratuta daudenek, MIT Media Labekin batera lan egiten dute "ingurune errealetan inplementatzen eta ebaluatzen diren kontzeptu eta teknologia giltzarriak garatzera bideratutako ikerketak garatzen, esperimentazioa ardatz izanik", azaldu dute.

Gipuzkoaren kasuan, ikerketa-lan eta proiektu berritzaile horiek mugikortasunaren eremuan jarriko dute arreta. Hala, sare horretan sartuta, 2030erako Gipuzkoan mugikortasun-esperientzia intermodala eta interkonektatua garatzea da helburua, mugikortasun eraginkorra, jasangarria, irisgarria eta segurua lortzeko, eta lurraldearen egituraketa indartzeko".

Sare horretan integratzeak aukera emango dio lurraldeari MITen ikerketa-, ezagutza- eta teknologia-gaitasunak eskuratzeko. Gaitasun horien artean dago 'CityScope', 3Dko errealitate areagotuko plataforma bat, hiri-datu konplexuak bistaratzen dituena lurraldearen eskala txikiko eredu batean, denbora errealean.

'Big data'tik abiatuta, plataformak hainbat esku-hartze eta proiekturen inpaktua simulatzen ditu, irisgarritasunari, lurralde-orekari, garraio publikoari, ibilgailu autonomo eta/edo elektrikoei edo emisio kutsatzaileen murrizketari lotuta.

"Azken batean, datua ustiatzeak aukera emango digu erabaki hobeak hartzeko, proiektu eraldatzaileak abian jartzeko eta mugikortasun adimendunaren eta iraunkorraren aldeko apustua sakontzeko. Ilusioz beteriko bideari ekin diogu", nabarmendu du Larrañagak.

1,2 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa izango du hitzarmenak, eta hiru urtean izango da indarrean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK