Gipuzkoako ekonomia %2 haziko da eta 4.000 enplegu sortuko dira, Adegiren aurreikuspenen arabera

Adegiren inkestaren arabera, bankuen finantzaketari lotutako arazoak dira Gipuzkoako enpresen kezka iturri nagusi

Adegik egoera ekonomikoaren inguruan egin duen txostenaren aurkezpena | Argazkia: EnpresaBIDEA Adegik egoera ekonomikoaren inguruan egin duen txostenaren aurkezpena | Argazkia: EnpresaBIDEA

Adegi Gipuzkoako enpresen elkarteak aurreikusi duenez, Gipuzkoako ekonomia %2 inguru haziko da aurten, 2022an hazi zenaren erdia, %4,2 hazi baitzen orduan. Enplegu kopurua 3.000 eta 4.000 artean sortuko dela ere aurreikusi du.

Urtero bezala, Adegiren Batzarraren eta Enpresaren Egunaren bezperan, Eduardo Junkera Adegiko presidenteak agerraldia egin du, Jose Miguel Ayerza patronaleko zuzendari nagusiarekin eta Patxi Sasigain Lehiakortasun eta Berrikuntza zuzendariarekin batera, koiunturari buruzko inkestaren berri emateko. Jakinarazi dutenez, inkestaren emaitzak "urte hasierakoekin bat datoz".

Junkerak adierazi duenez, "enpresen konfiantza suspertu egin da apur bat, urtarrilean baino puntu erdi gehiago, eta enpresen batez besteko fakturazioa %1,7 hazi da. Zorroa, berriz, % 2,7 hazi da industriari eta zerbitzuen sektoreari esker, eta eraikuntza sektoreak bere horretan jarraitzen du”.

Bestalde, ekoizpen ahalmenaren erabilera %84 ingurukoa dela nabarmendu du, soldatapeko enpleguaren hedapen handiko testuinguruan. "Azpimarratu behar da merkataritzan eta ostalaritzan hamar puntu gutxiago direla".

Enpleguari dagokionez, inkestan parte hartu duten enpresen %91k enplegu mailari eustea edo handitzea aurreikusten du, urtarrilean baino puntu erdi gutxiago, eta iazko irailean baino puntu eta erdi gutxiago. Hori dela eta, Adegik uste du aurten Gipuzkoan 3.000 eta 4.000 enplegu artean sor daitezkeela. Sasigainek zehaztu duenez, enplegua "ia sektore guztietan" sortuko da, baina "proportzionalki gehiago zerbitzuen sektorean".

Kezka faktoreei lotuta, Adegiko presidenteak nabarmendu duenez, bankuen finantzaketari lotutako arazoak dira Gipuzkoako enpresen kezka iturri nagusi, 2015az geroztik ikusi gabeko mailetan baitago. Horri lotuta, Ayerzak espero du interesen igoera "datozen hilabeteetan arinduko" dela, eta etorkizunean igoera "neurrizkoagoa" izango dela uste du, Gipuzkoako enpresen "jardueran eta inbertsioan eraginik izan gabe".

Lehengaien eta energiaren hornidura eta prezioa, lan kostu handiak, eta langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak ere enpresen kezka iturri izaten jarraitzen dute. Horrez gain, salmenten errentagarritasunak behera egin izanak ere kezka eragin du, enpresen %30i eragin baitie. "Errentagarritasunaren beherakadak arazo izaten jarraitzen du lau industria enpresatatik batentzat, eraikuntzako enpresen ia erdiarentzat, eta zerbitzuen sektoreko hamar enpresatatik hirurentzat", nabarmendu du Adegiko presidenteak.

Hitzarmen berriak

Adegik Gipuzkoako hitzarmen nagusiak negoziatu eta adostu dituela gogorarazi nahi izan du, "bake soziala" sortuaz. Ostatatzeena, paperarena, eraikuntzarena, arte grafikoena, elikagaien industriarena eta merkataritzarena, ehunen merkataritzarena, egoitzena eta, adostu duen azkena, Gipuzkoako metalarena. Azpimarratu dutenez, akordio horiek sortu duten "bake sozial hori" enpresei eta langileei egin diezaieketen ekarpenik handiena da, eta etorkizuneko erronkei baldintza hobeetan aurre egiteko lagungarri izango zaizkiela nabarmendu dute.

Patronaleko presidenteak Gipuzkoako metalaren negoziazioan egin du azpimarra, eta defendatu du "akordioak berak duen garrantziak eta balioak, gatazkarik gabe lortutakoak, konfiantza eta egonkortasuna sortzen dutela, eta, gainera, soldata txikienak dituzten langileak babesten dituztela, soldata KPIaren arabera handituta ikusten baitute; soldata altuenek, berriz, KPIaren % 85era mugatzen dute haien igoera". Gauzak horrela, balizko ondorioei eusten eta inflazioaren hazkundea moteltzen lagunduko diela adierazi du, sektoreari “konfiantza eta egonkortasun handia” emanaz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK