Gipuzkoako enpresen salmentak %11 igo dira urtebetean

Salmenten hazkundea gehienbat esportazioen igoeraren ondorio izan da

Hernaniko (Gipuzkoa) industrialdea | Argazkia: EnpresaBIDEA Hernaniko (Gipuzkoa) industrialdea | Argazkia: EnpresaBIDEA

Lurraldeko enpresen egoerari buruzko txostena kaleratu berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak, urtea hasi zenetik irailera arte izandako datuekin. Hala, %11 hazi dira enpresen salmentak 2022ko irailean, aurreko urteko hil bereko datuekin alderatuta. “Salmentak nabarmen handitu dira, gehienbat esportazioei esker, barruko salmenten hazkundea txikia izan baita”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak.

Zehatzago esanda, barruko salmentak %3,3 igo dira, eta esportazioek %26,8ko hazkundea izan dute. Urteko lehen bederatzi hilabeteetako datu metatuari erreparatuta, %15,5 igo dira salmentak, 2021eko epe bereko datuekin alderatuta. %13,9 igo da barne merkatua, eta %18,6 esportazioak. “Pandemia aurreko datuekin alderatuz gero (2019), datuak positiboak dira, %17,1 igo dira salmentak, %15,9 barne merkatua, eta %19,4 esportazioak”, nabarmendu du Mendozak.

Lan-merkatuan sartuta, 2022ko irailean lan etekinen jasotzaileen kopurua %1,2 igo da urte arteko terminoetan, eta urteko metatuan %2,1 hazi da. Bestalde, irailean ordaindutako soldatak %6,8 igo dira 2021eko hil beraren aldean, eta urteko metatuan igoera %6,5koa da. Hala, lehenengo bederatzi hilabete hauek pandemia aurreko urtearekin (2019) alderatuta, enplegua %1,9 igo da eta soldatak %9,2 hazi dira. “Datuek onak izaten jarraitzen dute. Prezioen gorakadak badu bere eragina datuetan, baina batez ere jarduera mantentzen ari dela ikusten dugu”, adierazi du foro bozeramaileak. “Kasu honetan, irailean kanpo merkatuak oso bilakaera positiboa izan du, esportazioen hazkundean ikusi daitekeen bezala”, azpimarratu du. Aurrera begira, esan du Gipuzkoako Aldundiak gertutik jarraituko duela lurraldeko ekonomiaren bilakaera, “ziurgabetasunak asko baitira”, baina azpimarratuz horiei erantzuteko prest dagoela foru erakundea: “Aldundiarentzat, lehentasunezko arloa da ekonomia sustatzen jarraitzea”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK