Gipuzkoako Ogasunak 172,6 milioi euroko zerga iruzurra atzeman zuen iaz

59,2 milioi PFEZ eta Ondarearen gaineko Zergari dagozkio; 36 milioi Sozietateen gaineko Zergari; 67,8 milioi BEZari; eta 9,5 milioi gainerako zergei

Gipuzkoako Ogasunaren Batzordea | Argazkia: GFA Gipuzkoako Ogasunaren Batzordea | Argazkia: GFA

Gipuzkoako Foru Aldundiak 172,6 milioi euroko iruzurra atzeman zuen 2022an zergei lotuta, zerga iruzurraren aurkako borrokan egindako 90.020 jarduketen ondorioz.

Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak agerraldia egin du ostegun honetan Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean, Irune Yarza Ogasuneko zuzendariarekin batera, Gipuzkoako zerga-iruzurraren aurkako borrokaren emaitzen berri emateko. Iruzur datuak zergaz zerga xehatu dituzte: guztira 59,2 milioi euroko iruzurra atzeman zuten Pertsona Fisikoen gaineko Zergan (PFEZ) eta Ondarearen gaineko Zergan; 36 milioi eurokoa Sozietateen gaineko Zergan; 67,8 milioikoa Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ); eta 9,5 milioi eurokoa gainerako zergetan.

Orotara, 33.520 jarduera egin zituzten PFEZn eta Ondarearen gaineko Zergan, 4.582 Sozietateen gaineko Zergan, 42.532 BEZean eta 9.386 gainerako zergetan. Guztira, azaleratutako zorra 144,6 milioi eurokoa izan da, eta horri gehitu behar zaizkio 18,8 milioi euro interes eta errekarguetan, eta 9,2 milioi gehiago isunetan.

Foru diputatuak adierazi duenez, informazioa lortzera, prebentziora eta erregularizatzera eta kobratzera bideratutako jarduketak egon dira. Lehenengo taldean, informazioa trukatzeko nazioarteko akordioei esker, atzerriko pentsioetan 122.750 euro azaleratu dira, eta beste 553.443 euro atzerrian dauden ondasun eta eskubideetan. Gainera, administrazioen arteko informazio trukeari dagokionez, 9,9 milioi euro partekatu dira Estatuko zerga administrazioarekin eta Arabako eta Bizkaiko foru Ogasunekin, eta 28,8 milioi faktura jaso dira Berehalako Informazio Horniduraren bidez.

Foru diputatuak azpimarratu du Ogasunak "gero eta informazio indartsuagoa" duela eta bilakaera teknologiko "oso garrantzitsua" egiten ari dela, "iruzurrerako gero eta espazio gutxiago geratzen ari baita". Zehaztu duenez, Foru Ogasunak 2022an guztira 90.020 jarduketa egin zituen iruzurraren aurka, egunero 247 batezbeste.

Etorkizunera begira, Ogasunak informazio iturriak zabaltzen jarraituko duela adierazi du Peronak, bai TicketBAIrekin, eta baita beste eragileekin dituen akordioekin ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK