
Gipuzkoako foru Ogasunak 3.451 milioi euro jaso ditu 2022ko lehen zortzi hilabeteetan, pasa den urteko aldi berean baino 208,2 milioi euro gehiago. Hala, sarrera gordinak %10,9 hazi dira, eta itzulketak %26,3. Hain zuzen ere, azken puntu horretan egin du azpimarra Eider Mendoza erakundeko bozeramaileak, Gipuzkoako Ogasuna “itzulketak azkartu eta autonomo eta enpresei likidezia emateko ahalegin berezia” egiten ari dela azalduta.
PFEZaren kasuan, %2.6 hazi da zerga bilketa, eta lan etekinen atxikipenek %3,2 egin dute gora. BEZari dagokionean, berriz, %2,4 hazi da bilketa, 21 milioi euro gehiago. Sozietateen gaineko zerga ere hazi egin da, %19,4ko igoera izan du pasa den urteko datuekin alderatuta.
Hala ere, foru bozeramaileak gogorarazi duenez, aurreko hilabeteekin alderatuta, hazkunde mailak behera egin du Gipuzkoan, “bereziki itzulketak ahalik eta azkarren egiten saiatzen” ari direlako. Hala, guztira, lurraldeak pasa den urteko epe berean baino 246 milioi euro gehiago itzuli ditu; BEZean %25 gehiago itzuli dira, hau da, 129 milioi euro gehiago; eta sozietateen gaineko zergan, berriz, 30 milioi euro gehiago itzuli ditu Ogasunak. “Honen bitartez, gure enpresa eta autonomoei likidezia eman nahi diegu, egoera ekonomikoa ezegonkorra den honetan”, azaldu du.
Aurrera begira, agertoki ekonomikoari buruzko ziurgabetasunetan jarri du arreta foru bozeramaileak. “Agertoki ekonomikoa ezegonkorra da oro har eta, beraz, datozen hilabeteetan gertu-gertutik jarraitu beharko dugu ekonomiaren bilakaera, honek zuzeneko isla izango baitu zerga-bilketan”, adierazi du. Hala, gaineratu du “oraingoz” lurraldeko ekonomiak “sendo” jarraitzen duela, baina ekonomia izango dela “lehentasuna” datozen hilabeteetan.