Jaurlaritzak ez du helegiterik aurkeztuko Arabako Mahastiak-i ardoa saltzeko baimena eteteagatik

Europar Batasunaren erabakiaren zain egongo direla adierazi du

Arabako Errioxako mahastiak | Argazkia: iStock Arabako Errioxako mahastiak | Argazkia: iStock

Eusko Jaurlaritzak ez du helegiterik aurkeztuko Arabako Mahastiak sor marka bertan behera uzteko EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren aurka. Bingen Zupiria bozeramaileak jakinarazi duenez, Europako Batasunak zer erabakiko zain egongo dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak joan den astean iragarri zuen baliogabetu egin zuela Eusko Jaurlaritzak Arabako Mahastiak deiturari bere ardoak merkaturatzeko eman zion baimena, argudiatuz "kalte konponezinak edo konpontzen oso zailak" eragin diezazkiokeela Errioxa sor markari.

Zupiriak asteroko Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu du gai hori ez dutela hizpide izan Kontseiluaren astearte honetako bileran. Nolanahi ere, indarrean dagoen legeriak jatorrizko deitura berriak onartzeko "prozedura bat" ezartzen duela defendatu du, eta azaldu du horixe dela Eusko Jaurlaritzak orain arte egin duena, Arabako ekoizleek egindako eskaera bati erantzunez.

Ildo horretan, adierazi du Jaurlaritzak "ezarritako araudiari jarraituz, behin-behinean onartu zuela izendapen horren eskaera, Europak behin betiko erabakia noiz hartuko zain", eta, beraz, ez zuen hura etetea espero, kautelazko neurria zelako. Hala ere, “Europar Batasunak zer erabakiko zain” geratzen direla azaldu du eta, beraz, ez duela helegiterik aurkeztuko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK