Jose Manuel Ben, Joberma enpresaren jabea izango da SEA Instaguneko presidente berria

Sektore honek elektrizitatea eta telekomunikazioak instalatzen dituzten enpresak biltzen ditu, eta 212 enpresa eta 900 langile inguru ditu

SEA Instaguneko batzarra | Argazkia: SEA SEA Instaguneko batzarra | Argazkia: SEA

Jose Manuel Ben Joberma enpresaren jabea izango da SEA Instaguneko presidente berria, Ioseba Martinez de Guereñu ordezkatuz. Hala erabaki dute batzarrean enpresa instalatzaile elektrikoen eta telekomunikazioetako enpresen ordezkariek. Sektore horrek, egun, 212 enpresa batzen ditu Araban, eta 879 langiletik gora biltzen ditu, urtero 97 milioi euro fakturatuz.

Instaguneko enpresa horiek SEAren egoitzan egindako topaketan, azken ekitaldiko errepasoa egin dute. Hala, pandemiaren unerik latzenen ondotik sektorea bere jarduerari eusteko gai izan dela adierazi dute, birusaren olde gogorrenetan langile gutxiagorekin lanean aritu badira ere. Lehengaien horniduraren ezak eta Ukrainaren inbasioak ere kalte egin badie ere, egoerari eusten asmatu dutela azaldu dute.

2023rako aurreikuspenak

Oztopo horiek gorabehera, ekitaldi honetarako hazkunde aurreikuspen baikorrak dituzte, batez ere Europako funtsek emango dieten bultzadari esker. Sektoreak espero du finantzaketa horrek, zeharka bada ere, eragina izango duela enpresetan, izan energia eraginkortasunaren, energia berriztagarrien edo ibilgailu elektrikoaren bultzadaren inguruko jarduera sortuz, zein oraindik erabiltzeko prest ez dagoen sistema elektrifikatuz.

Halaber, aldarrikapenen kapituluan, batzarreko kideek elektrizitatearen mahai sektorial bat sortzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, gasaren mahaiaren antzekoa, sektoreko beste eragile batzuekin batera dituzten arazoak eztabaidatu, bateratu eta konpontzeko. Tartean leudeke aldi baterako instalazioak martxan jartzea, intrusismoa edo enplegu beharrak.

Aldarrikapen ildo beretik, autokontsumorako instalazioetarako obra lizentzia kentzeko eskakizuna egin diete udalei. “Halako instalazioetarako lizentzia eskakizunak udalen esku dituen autonomia erkidego bakarra gara, eta horrek atzerapen handiak eragiten dituzte izapideak egiteko orduan”, nabarmendu dute.

SEA Arabako enpresen batzar nagusia ekainaren 9an izango da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK