Kokot Nomad, bigarren aukeren jatetxea

2020ko maiatzaren 25ean hartu zituen lehen bezeroak irabazi asmo gabeko birgizarteratzea helburu duen jatetxeak

Argazkia: Aitor Zabaleta Merino Argazkia: Aitor Zabaleta Merino

Au bruit du bonheur —zorionaren soinuan— elkarteak zoria ordezkatzeko hautua egin zuen 2019ko maiatzean. Lana, lanpostua eta, ondorioz, bizimodu duina, zoriaren esparrura mugatzen baita sarri, eta epe luzez langabezian dauden pertsonak ogirik eta biderik (etorkizunik) gabe uzten ditu. 

Joko zelai horretan behar handia eta baliabide gutxi zeudela ikusita, hainbat emakumek elkartea sortzea erabaki zuten, tresna berri bat gorpuzteko helburuarekin: “langabezia munduan jende askok hausturak bizi izan ditu, eta berengan berriz sinetsi eta konfiantza hartzeko laguntza behar dute”. Hori dela eta, “laneko ohiturak eta konfiantza berreskuratzea funtsezkoa da lanpostu bat lortzeko”, azaldu du Pantxika Ibarbour elkarteko kideak. Hazi hartatik sortu zen urtebete beranduago Kokot Nomade jatetxea Angelun (Lapurdin).

Inklusioa, ekologia eta elkartasuna ardatz

Eguerdiko 12:30ean mukuru bete dira mahaiak. 60 lagunentzako edukiera du jatetxeak, eta terraza eder bat. Sukaldean daude taldea osatzen duten elkarteko bi arduradunak: Véronique Dagos eta Cathy Bareigts (eta beste bi sukaldari). Mahaiak zerbitzatzen beste bi langile ere, guztiak ongi koordinatuak, orkestra profesionalen pare, metronomorik gabe, baina erritmora: “helburua ez da jana prestatzen edo zerbitzatzen ikastea, konfiantza berreskuratzea baizik”, berretsi du Ibarbourrek.

“Birgizarteratzeko programan ditugun lau kideak, eta egon diren gainontzekoak, jende helduak dira, nahiz eta asko gazteak diren, lanetik urrundu eta ibilbide 'sentsibleak' izan dituztenak. Bestalde, hainbat emakume ditugu, horietako asko ama ezkongabeak, bakarrik daudenak beren haurrak hazteko”, azpimarratu du militanteak. 

Carine Corchet: “lau hilabete eta bi urte artean egon gaitezke. Gure esku uzten dute erabakia, eta gure beharretara egokitzen dute”

Carine Corchet baionarrak duela urte asko utzi zuen Lapurdiko hiriburua bere bikotearekin bizitzera joateko. Hainbat urte geroago, bera gabe baina hiru seme-alabekin itzuli da. Nabarmendu duenez, “nire egoera pertsonala dela eta, oso zaila da nire beharretara egokituko den lan bat aurkitzea, are gehiago horrenbeste urte kanpoan eman eta gero”. Proiektu honek arnasa eman diola esan du, bere etorkizuna marrazteko patxada eta babesa, indarra, bere pasioa den artisautza bere hurrengo geltokia izan dadin. Corchet otsailean batu zen Kokot Nomaden familiara, eta bertan egon nahi luke proiektuak ahalbidetzen dion bezainbat: “lau hilabete eta bi urte artean egon gaitezke. Gure esku uzten dute erabakia, eta gure beharretara egokitzen dute”. 

Etorkizunaren zama, dena den, agerikoa da: “zorionez, jada kide askok lortu dute hemendik kanpo beren bidea berregitea bi urte hauen buruan”, erantzun du Cathy Bareigts arduradunak. “Badaude beren proiektu propioak sortu dituztenak, eta baita kontratu mugagabeak lortu dituztenak ere”, argitu du bere haurrez mintzo den gurasoren grina eta maitasun berberarekin. 

Sasoikoa eta anitza

Egitasmoaren jomuga ogibidea erakustea ez bada ere, segidan ulertu dugu, eguna joan eta eguna etorri, jatetxea eguerdiro gainezka egotearen arrazoietako bat: mahaiak atontzen dituzten gutiziek gorazarre egiten diote sukaldaritzari. Bertako soinekoz egindako mundu osoko kolorez janzten dituzten platerak: “asko bidaiatu du Véroniquek —sukaldari arduradunak—. 25 urteko esperientzia zabala du, eta maite du mota guztietako proposamenak osatzea”, aldarrikatu du Ibarbourrek. “Gainera, birgizarteratze proiektuan badugu beste herrialde batzuetatik etorritako jendea, eta beraiengandik ere ikasten dugu. Une honetan esku oso ona duen marokoar bat dugu, eta ideia asko ematen dizkigu”. 

Argazkia: Aitor Zabaleta Merino
Argazkia: Aitor Zabaleta Merino

Izan badute ideien premia, izan ere, beren eskaintza sasoiko produktuetara egokitzen dute hilero. Ekonomia zirkularra eta osasuntsua sustatze aldera, inguruko ekoizle txikien uzta ekologikoa erabiltzen dute jatetxean. “Euskorekin —lekuko ekonomia eta produktuen salmenta sustatzea helburua duen lpar Euskal Herriko txanpona— partaidetza daukagu, uste dugu proposamen indartsua egiten dugula. Gainera, gure hondakinak ahal bezainbeste murrizten saiatzen gara, eramateko jana edukiontzi berrerabilgarrietan salduz eta bezeroei ere beraienak ekartzeko proposatuz”, argitu du. Neurri hori, osasuntsua izateaz gain, sabel ororen beharretara egokitzen da: zeliakoenetara, baina baita haragijale, begano eta begetarianoenetara ere.  

Janari-bonuak dituzte egoera zaurgarrian dauden pertsona eta familientzat, alegia, gutxieneko laguntza sozialak jasotzen dituztenentzat

Orotariko sabelak diogunean, esparru ekonomikoaz ere ari gara. Janari-bonuak dituzte egoera zaurgarrian dauden pertsona eta familientzat, alegia, gutxieneko laguntza sozialak jasotzen dituztenentzat. Ibarboururen ustez, “honen bitartez jatetxeetara joateko aukera ez dutenei ateak irekitzen dizkiegu. Horrek psikologikoki sekulako indarra du, eta, gainera, kalitatezko produktu osasuntsuak jateko aukera dute hemen”.

Astelehenetik ostiralera, eta asteburuak alokagai

Jatetxea astelehenetik ostiralera dago irekia bazkalorduan, 12:00etatik 14:00tara. Asteburuetan, aldiz, beren lokala alokatzen dute bertan beren bazkari, bilera edo festa antolatu nahi dutenentzat, izan Kokot Nomaden catering zerbitzuarekin edo, besterik gabe, lokala bera: “jatetxeak gastu guztiak ordaintzeko gai izan behar du, beregaina eta, ondorioz, asteburuetan horrelako ekimenak ere behar ditugu”, mahaigaineratu dute kideek. 

Dena den, mukuru bete diren mahaiek argi utzi dute beren burua mantentzeko gai badirela, baita bertan dauden kideen burua altxatzekoa ere. Bezero guztiei ematen diete ekimenaren berri, mundu guztiak jakin dezan beraien dirua nora doan. "Horrek —bezeroengana zuzenduz— erakusten du badela ardura kolektibo bat, gure diruarekin gauzak hobeto egiteko nahikeria bat”, ebatzi du elkarteko kideak irribarretsu, “horrelako ekimen asko behar ditugu”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK