Lea-Artibai etorkizunerako norantzan lanean

Lea Artibai eskualdeari bultzada emateko asmoz, otsailean aurkeztu zuten hainbat eragilek eskualdeko 2030 Plan Estrategikoa. Garapen ekonomikoa sustatzeko definitutako proiektu traktoreen diseinuan dihardute egun

Plan Estrategikoan parte hartu duten eragileetako ordezkariak, otsaileko aurkezpenean| Argazkia: Leartibai Fundazioa Plan Estrategikoan parte hartu duten eragileetako ordezkariak, otsaileko aurkezpenean| Argazkia: Leartibai Fundazioa

26.000 biztanle ditu Lea Artibaik, eskualdeko hamabi herrietan sakabanatuta: handienak Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemein dira, hurrenez hurren. Aldiz, eskualdea osatzen dute Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Mendexa, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz eta Ziortza-Bolibar udalerriek ere. Industria eta lehen sektoreak berebiziko garrantzia dute, baita erronkak ere: lehenengoan, aberastasuna eta berrikuntzarako gaitasuna galdu da; bigarrenak, egiturazko beherakada izan du, batez ere arrantzan, Europan izandako tendentziari jarraiki, baita Ondarroako portuak erakargarritasuna galdu izanagatik ere.

Horiexek dira Lea-Artibai 2030 Plan Estrategikoa garatzeko eginiko diagnostikoaren emaitzetako batzuk, otsailean aurkezturikoa. "Lehen fasea izan zen diagnostikoa egitea, ikusteko zein egoeratatik abiatzen garen denok, eta informazio berdina edukitzeko. Eta egoera hori ikusita, zeri eman behar diogun buelta, edo zertan egin behar dugun lan", nabarmendu du Ainhoa Arrizubieta Zabala Leartibai Fundazioko zuzendari nagusiak.

Diagnostiko horretan bertan bildutakoaren arabera, 2019an biztanleko BPGa 27,7 milioi eurokoa zen —Bizkaikoa 35 milioi eurokoa da—. Hala ere, per capita errenta 17,5 milioi eurokoa zen—18,4 milioi euro Bizkaian—, eta langabezia-tasa %8,2an kokatzen zen abenduan —Bizkaian %11,2an—. "Horrek aditzera ematen du langabezia-tasa baxua gako dela berdintasuna eta ongizatea bermatzeko, eta biztanleko errentan ere aurrerapausoak ematen ari direla, baina BPG eta balio erantsian ez hainbeste". Horiekin batera, 64 urtetik gorako biztanleek pisu gehien duten EAEko bigarren eskualdea da, eta hirugarrena oinarrizko formakuntza duten profilei erreparatuz gero.

Industria, lehen sektorea eta turismoa

Egoera abiapuntu hartuta, erronka horiei guztiei erantzuna emateko jaiotzen da, hain zuzen ere, Lea-Artibaiko garapen ekonomikoa sustatzeko plan estrategikoa, non eskualdeko hainbat eragilek hartu duten parte. Horretarako, bost proiektu traktore biltzen ditu, eskualdeak eskaini ditzakeen aukeretan eta "oinarri sendoetan" oinarritutakoak. "Lehen proiektu traktorea, materialen berrikuntzarako ekosistema sortzearena, industriara zuzenduta dago batez ere. Bigarrena, itsasoarena, arrantzari eta Ondarroako portuari loturikoa, lonjari bultzada eman eta itsasoko negozio aukerak identifikatzeko. Hirugarrena turismoari, oraindik halako pisu handia ez badu ere, hazi ahal den sektorea dela uste baitugu eta erabaki behar dugu nola nahi dugun haztea". Laugarrenean eta bosgarrenean, berriz, industriak berebiziko garrantzia izan badezake ere, sektore guztiei loturik daude: talentua erakartzeko estrategia garatzea, eta azpiegiturak hobetzea, azken horiek nondik hobetu aztertuta proiektuak erakartzeko.

2023an zehar proiektu traktore bakoitzean lanean hastea da helburua, [...] "taldeak finkatu eta lan mahaiak martxan jarri, proiektuen plangintza egin eta finantzazio-iturriak bilatzen"

2023an zehar proiektu traktore bakoitzean lanean hastea da helburua. Izan ere, lerro orokorrak definitu badituzte ere, "taldeak finkatu eta lan mahaiak martxan jarri, proiektuen plangintza egin eta finantzazio-iturriak bilatzen" saiatuko dira. Momentuz, turismoari eta talentuari loturiko proiektuetan lortu dute finantzazioa "Turismoari loturik Zystour proiektuan arituko gara, Interreg Europaren laguntza bati esker. Lau urterako proiektua da. Hortik geuk egingo dugu tira, alkateen foroarekin batera; talentua bultzatzeko, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso dugu". Dirulaguntza horrek laguntza adituarekin aritzea ahalbidetuko die, MIKekin, kasu honetan. Lea-Artibai ikastetxeak eta fundazioak egingo dute proiektutik tira.

Eskualdearen plana

Plan Estrategikoa abiatzeko aukeratutako momentua ere ez da edonolakoa. Izan ere, 2022ko urtarrilera arte eskualdearen garapen ekonomikoa hiru entitateen arteko lankidetzan egiten zen, bakoitza bere arloan. Lea-Artibai garapen agentziak merkataritza, turismo eta ekintzailetzan aritzen zen; Azaro Fundazioa industrian; eta Landa Garapen elkartea lehen sektorean. "26.000 biztanleko hain eskualde txiki baten hiru erakunde izatea gobernantzaren aldetik ez zen zentzuzkoa. Bakoitzaren administrazio kontseiluak edo dena delakoak askotan errepikatu egiten ziren".

Hiruzpalau urteko lanketaren ondoren, Azaro Fundazioa Leartibai Fundazioa bilakatu zen 2022ko urtarrilaren 1ean, eta bere gain hartu zituen garapen agentzia eta elkartea. Hor beharra ikusi zuten, ezer baino lehen, plan estrategikoa garatzeko, eskualdeko garapen ekonomikoa sustatu asmoz: "Ez da fundazioaren plana bakarrik. Fundazioan parte hartzen duten eragile publiko eta pribatu guztiak barnean dituen plana da —12 udalak, eskualdeko kooperatiba industrialak, Leartiker, Leartibai ikastetxea...—.  Hala ere, badakigu fundazioak tira egin beharko duela, nahiz eta gero proiektu bakoitzak bere gobernantza izan".

Ainhoa Arrizubieta: "Ez da fundazioaren plana bakarrik. Fundazioan parte hartzen duten eragile publiko eta pribatu guztiak barnean dituen plana da"

Proiektu traktoreez harago, etorkizunera begira landu ahal izateko iniziatiba estrategikoak ere biltzen ditu planak. "Plan estrategikoa garatzerakoan proposamen asko bildu genituen, baina horietatik gakoak zirenak hautatu behar izan genituen. Beste proiektu interesgarri batzuk ere atera ziren, ez agian berehala lantzeko, baina begi bat ipinita izateko". Hiru dira, momentuz, plan estrategikoak bildurikoak: basogintza sektorearen lehiakortasuna hobetzekoa, elikadura industriari loturiko haztegia —Durangoko esperientziatik ikasita—, eta komunitate energetikoak. Azken horretan, harrezkero Europa mailako proiektua lortu dute, Sirenergy izenekoa, energia berriztagarriak landa eremuan bultzatzeko gizartearen onargarritasuna bilatuz.

Lurraldetasuna, lehia eta kooperazioa

"Gure obsesioa da eskualdea hobetzea, baina badakigu, lehen esan dudan modura, txikiak garela. Gutxi gara". Esaterako, 200 enpresa industrial ditu eskualdeak, baina sektoreka banatuta gutxi direla ikusten da. "Gauza askotan, proiektu indartsuak aurkezteko behar izaten dugu gure masa industrial hori indartu. Eta orduan beste eskualde batzuetara jo behar izaten dugu". Bi kasu aipatzen ditu Arrizubietak: itsasoari loturik Bermeorekin egin ohi duten lana; edo automozioaren industrian, Durangaldearekin.

Izan ere, euren helburua "enpresen lehiakortasunean laguntzea" dela dio Leartibai Fundazioko zuzendariak. "Baina askotan lehiakortasun hori ezin da bakarrik lortu. Derrigorrez lankidetza behar duzu". Ahal dela, hurbilekoekin bultzatzen dute lankidetza. "Eskualde barruan ahal bada, primeran. Bestela, gure lana da hori laguntzen topatzea edonon".

Arrizubieta: "proiektu indartsuak aurkezteko behar izaten dugu gure masa industrial hori indartu. Eta orduan beste eskualde batzuetara jo behar izaten dugu"

Gauza bera izaten da Europa mailako proiektuetan. "Horietan partzuergoa egin behar izaten da, eta zeure behar antzekoak dituzten Europa mailako beste erakunde batzuk bilatu. Horrek sekulako lana ematen du", nabarmendu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK