Lea Ibarra eta Lekeitioko ardo eta arrainaren ibilbideari bultzada, Next Generation funtsei esker

2 milioi euroko laguntza jasoko dute guztira bien artean, errekurtsoak berreskuratu, eta digitalizazioa eta efizientzia energetikoa sustatzeko asmoz

Eusko Jaurlaritzako, Lea Ibarrako eta Lekeitioko ordezkariak, gaur goizeko aurkezpenean | Argazkia: Irekia Eusko Jaurlaritzako, Lea Ibarrako eta Lekeitioko ordezkariak, gaur goizeko aurkezpenean | Argazkia: Irekia

Ardoaren eta arrainaren ibilbide historikoa (GR-38) "lurralde-konexioko elementu gisa suspertu", eta bizi berri bat emango diote Next Generation funtsen laguntzaz. Hala jakinarazi dute Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak eta Arkaitz Goikoetxea Lea Ibarreko mankomunitateko presidenteak, gaur goizean eginiko aurkezpenean. Eusko Jaurlaritzak funts horiekin martxan jarri duen Turismo Jasangarriko Lurralde Planeko lehen deialdiaren parte izango da proiektua. Lekeitiok eta Lea Ibarrak 2 milioi euro jasoko dituzte guztira plan horretatik—bakoitzak milioi bat euro—, digitalizazio, energia-efizientzia eta baliabideak berreskuratzeko ekintzak gauzatzeko. Aipatutako ekintzak "natura erresepetatuko" dute eta "paisaia-, ondare- eta kultura-elementuen balioa agerian" jarriko dute, Hurtado sailburuaren hitzetan.

Turismo Jasangarriko Lurralde Planak hiru deialdi izango ditu guztira, 2023 urte bitartean, eta 67 milioi euroko zuzkidura izango du. Lehenengo deialdian, hamaika helmugak jasoko dute dirulaguntza, eta Lekeitio eta Lea Ibarra horietako bi dira. Turismo sailburuak adierazi duenez, jasangarritasunaren aldeko apustua egin nahi dute, turismo-baliabideak balioan jartze aldera. EAEko planaren abiapuntu da Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia plana, eta horren barruko Turismo-sektorearen modernizazio- eta lehiakortasun-plana. 

Aurkezpena probestuta, uztaileko hotelen sarrera datu onak azpimarratu nahi izan ditu Hurtadok. “Gaur bertan hotelei buruz ezagutu ditugun uztaileko datuen arabera, turisten sarrerek % 16ko igoera izan dute hilabete horretan 2019. urtearekin alderatuta, eta berretsi dezakegu lehen 7 hilabete hauetan turismoak % 5,5eko igoera izan duela 2019ko lehen 7 hilabeteekin alderatuta".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK