Lehorteak Erriberako eta Nafarroa Erdialdeko 40.000 hektarea kaltetu ditu

Lehortearen Mahaia bildu da Nafarroan, egoera horri aurre egiteko neurriak adostu asmoz

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Iruñean bildu da goizean Nafarroako Lehortearen Mahaia, Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapenerako eta Ingurumeneko kontseilariak deituta. “Egoera larriaren aurrean neurri sendoak” behar direla jakinarazi dute Mahaian bildu diren nekazarien elkarte eta sindikatuek.

Azken sei hilabeteetan oso euri gutxi egin duela azaldu dute, sasoi honetan ohikoa dena baino %40 gutxiago. Horren ondorioz, Erriberako eta Nafarroa Erdialdeko laboreen 40.000 hektarea dagoeneko kaltetuta daudela jakinarazi dute.

Urtegiak, berriz, azken 20 urteetako mailarik baxuenean daude, edukieraren erditik behera. Erabiltzaileak ureztatze sistemak murriztuko ote dizkien beldur dira.

Hala, Nafarroako Gobernuak aurreratu du Europako Batasunaren laguntza zuzenak jasotzeko aukera aztergai duela Espainiako Gobernuarekin batera. Eta beste neurri sorta bat abian jartzea ere proposatu du Nafarroako Gobernuak, tartean, erein gabe uzten diren lurrak animalien bazkarako erabiltzea onartu dute; gutxieneko bazkarako garaia 120 egunetik 60ra murriztu dute; edota lugorrian utz daitekeen eremua ere %50 handitu liteke.

Iazko ekainean jarri zuten indarrean Lehortearen Mahaia lehen aldiz, eta aurten martxoan egin du lehen bilera, apirilean bigarrena, eta gaurkoa izan da hirugarren bilera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK