
Finantza gastuak kenduta, 5.515,9 milioi euroko aurrekontuak izango du 2023an Nafarroako Gobernuak. Inoizko gastu mugarik handiena izango da, aurtengoa baino %9,4 handiagoa (449 milioi euro gehiago).
Zenbateko historiko horretan egin du azpimarra Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, eta nabarmendu du kopuru horretan Europako funtsetatik heldutako 245 milioi euroak daudela. Halaber, udalen gastu arrunta finkatzeko, Tokiko Ogasunen funtsak 303 milioi euro izango ditu, eta Nafarroak Espainiako estatuari 635 milioi euro ordainduko dizkio ekarpen bidez bere gain ez dituen eskumenen truke.
Ekonomia eta Ogasun Departamenduak egindako aurreikuspenen arabera, 2023an Nafarroako Barne Produktu Gordina (BPG) %1,4 inguru haziko da eta inflazioa %4,8 inguruan finkatuko da, apur bat jaitsita. Halaber, Madrilgo gobernuarekin hitzartuta, defizita BPGaren %0,6ra helduko da, eta zorraren mugak gehienez ere BPGaren %14,5ekoa izan beharko du.
Gastu muga osoa onartuta, Nafarroako Gobernuko Departamendu ezberdinek 2023rako gastu-proposamenak egingo dituzte datozen asteetan. Behin proposamen horiek jaso eta aztertuta, Gobernuak 2023rako Aurrekontu Orokorren Legearen aurreproiektua onartuko du.