Nafarroako bentak: mugaz gaindiko harreman ekonomikoen lekuko

6 milioi bisitari biltzen dituzte urtero Ibardin, Dantxarinea eta Luzaideko bentek. Mugaz gaindiko harremanen lekuko izan dira. Kontrabandisten garaian sortuaz, negozio iturri garrantzitsu bilakatu ziren. Gorabehera handiak izan dituzte baina baikor egiten diote etorkizunari so

Ibardingo Benta Gorria, aitzindaria. Argazkia: EnpresaBIDEA Ibardingo Benta Gorria, aitzindaria. Argazkia: EnpresaBIDEA

Mugaldeko herria dugu Euskal Herria eta horrek badu isla gizartean eta ekonomian, ere bai. Mugaz gaindiko harreman ekonomikek bailara, herri eta eskualde askoren bizitza baldintzatzen dituzte. Egun Nafarroa Garaia eta Ipar Euskal Herria arteko mugetan kokatutako bentak horren lekuko dira. Gipuzkoaren kasuan, Behobiakoa da kasu bakarra.

Izabako Juan Pitoko bentatik hasita Irungo Behobiako bentetaraino aunitz dira mendiko lepo eta pasabide naturaletan errotuta topatu daitezken bentak. Batzuk ostatuak baino ez dira baina beste batzuk merkataritza guneak bilakatu dira, gasolindegiak eta guzti. Indarrean dirauten garai bateko harreman ekonomikoen lekuko dira. 

Mugako merkataritzan aditua da Felipe Saragueta Irazoki beratarra. Ibardin (Bera) eta Dantxarineako (Urdazubi) benten elkarteetako abokatua da. EnpresaBIDEArekin solastu da bentek duten garrantzia azaltzeko. Bentek mugetan jatorri dutela azaltzen du, mugan bizitzeak eta mugak gainditzeko nahiak herri hauen izaera baldintzatu dutelako. Jatorrian kontrabandoarekin lotutako jarduera zenak merkataritza izaera hartu zuen urteek aurrera egin ahala. Egun ezagutzen dugun benten ereduak 60. hamarkadan du oinarria. Hasiera batean mendi kaskoetan kokatutako etxolak baziren ere, egun merkataritza gune handien planta dute kasu askotan eta Nafarroako hiru gune nagusitan kokatzen dira: Ibardin (Bera), Dantxarinea (Urdazubi) eta Luzaide. Badira, hala ere, bestelako gune txikiago batzuk, Kintoa edo Izpegi, esaterako.

Hiru gune nagusi horien garrantzia oso handia da. 50 enpresek inguru egiten dute bertan lan, 1.200 lanpostu zuzen eta zeharkako 900 sortuz. Saraguetaren esanetan “mugako merkataritza hagitz garrantzitsua da eskualde horietan. 6 milioi bisitari inguru erakartzen du urtero, Ipar Euskal Herritik nagusiki”. Soilik bezeroen % 3 bentak kokatutako herrietakoak dira.

Aitor Elexpuru Egaña Berako alkateak herrian bertan sortzen duten enplegua nabarmentzen du. “Bada 15 urterekin bentetan lan egiten hasi eta bertan jubilatu den jendea.  Gazteentzat ere udarako sasoiko lana topatzeko aukera paregabea da”. Juan Mari Alzuri Iturria, Arragobide bentako bazkide izandakoa, iritzi berekoa da: "Badira gazte aunitz  unibertsitate ikasketak ordaintzeko dirua uda partean bentetan lan eginda bildu dutena."

Aitor Elexpuru: "Bada 15 urterekin bentetan lan egiten hasi eta bertan jubilatu den jendea"

Ibardin, mendian kokatuko bentak

Ibardin da Berako benten gune nagusia. Alkateak, halaber, Larun mendiaren gailurra ere aipatzen du. Bertan hiru benta daude gaur egun. Batez ere ostatuak dira baina denda txikiak ere badituzte. Gailurrera oinez igotzen da baina bada Saratik (Lapurdi) ateratzen den tren ttipia ere. “Egunero 1.000 lagun igotzen dira trenez Larunera. Urtero 180.000 inguru, oso kopuru handia trena udan baino ez dabilela aintzat hartuta”. Autoz pista baten bidez igo daiteke gaur egun, baina beti ez da horrela izan. Garai batean bententzako hornidurak astoz igotzen zituzten. Gerora kable bat ere jarri zuten eta azkenean pista egitea erabaki zuten. Ez da erraza pista bidez igotzea eta istrupuak egon izan dira. 2000. hamarkadan hiru lagun hil ziren Larungo bentetan lan egin eta gero ibilgailuz jaisten ari zirela. Istripu hori nekez ahantziko du Berako herriak.

Juan Mari Alzuri Iturriak hagitz ongi oroitzen du istripu hori. Bortzirietakoa da bera eta hildakoak ezagutzen zituen. Alzurik bizitza guztia eman du bentetan lanean. Hamabi urterekin hasi zen, 1958an, Benta Berrin. Hasiera batean sasoiko lanak egiten zituen eta 1960tik aurrera langile finko bezala jardun zuen, 1974 arte. Gerora, 1976an benta propioa ireki zuen bere anaia eta koinatuarekin, Arrago Bide. Hagitz ongi ezagutzen du Ibardingo benten historia eta hala azaldu dio EnpresaBIDEAri. "Hasieran Ibardingo mendi kaskoan benta ttikiak baino ez ziren, etxolak. Benta Gorria izan zen lehena, ostatua eta dendatxo bat zuena. Gero Iñorga-Alzagurena paratu zuten eta pixkanaka pixkana bertzeak: Sanz, Benta Berri.."  Errepidez Iberdingo lepora baino ez zen heltzen baina mugatik goiti lurrezko bidea baino ez zegoen, asfaltatu gabea. Bentak eraiki ahala urbanizatu zuten guztia. Ibardin Lapurdi eta Nafarroaren arteko mugan dago eta hori argi igartzen da. Lapurdiko araudiak ez du uzten horrelako tokietan eraikitzen eta alde horretan dauden ostatuak solairu batekoak baino ez dira, etxola desmuntagarriak. Nafarroan, ordea, legedia arras ezberdina da. Badira 6 solairu dituzten bentak, esaterako. 

Sei milioi bisitari biltzen dute Nafarroako bentek urtero. 1.200 lanpostu zuzen eta zeharkako 900 sortzen dute

Saraguetak ere Ibardingo benten eboluzioa nabarmentzen du. "60. hamarkadatik aitzina hasi ziren bentak ugaltzen". Garai horretan bentek ostatua eta denda txikiak baino ez zituzten. Espainiako pezeta eta Frantziako liberaren arteko fluktuazioak ere erakargarri egiten zuen benten negozioa. Dibisen ganbio-tasei esker etekina ere ateratzen zuten bentek. Euroa indarrean sartu arteko urte horiek "urrezko garaia" bezala definitzen ditu Saraguetak. Mugaren beste aldearekin alderatuta Nafarroako bentek prezio baxuagoak eskaini izan dituzte historikoki. Gaur egun, hein handi batean, ere bai. Euroa indarrean sartzeak dibisen negozioari ateak itxi bazizkion ere bentek moldatzen jakin zutela nabarmendu du: "Negozioak moldatu ziren eta zerbitzuaren kalitatearen alde egin zuten. Oraindik ere bada aldea prezioetan eta gainera bentak orain arte eskaini gabeko produktuak hasi dira saltzen: moda, perfumeak...". Bentek egun oso plana eskaintzen dutela dio benten elkarteko abokatuak: "gasolina erosi, turismoa egin, erosketak egin eta bazkaldu". 

Hasiera batean benten eskaintza urriagoa zen. Alzurik azaldu bezala "produktu guttiago genituen. Bezeroek batez ere alkohola eta tabakoa erosten zuten eta baita oroigarriren bat. Gure bentan bitxi-denda ere bagenuen eta zerbait saltzen zen". Negozioaren muina zergetan alde handia zuten produktuak ziren, tabakoa eta alkohola, nagusiki, bestelakoak ere erosten zituzten bezeroak: labanak, lapikoak... eta gauza bitxiak, ere bai, hala nola baleztak. Alzuriren Arragobide bentak sei solairu zituen. "Lehen urteetan bi baino ez genituen ireki baina urteek aurrera egin ahala denak erabili genituen. Ostatuan ere lanez gainezka ibiltzen ginen. Egun batean 300 menutik gora ematera heldu izan ginen."

Pandemiak eragindako kaltea

Dantxarineakoa eta Luzaidekoa ez bezala, Ibardingo benten gunean mendian kokatuta dago, lepo batean. Hori arazo iturri ere izan da inoiz. Laurogeigarren hamarkadan, esaterako, bi astez itxita egon zen bidea elurteek eraginda eta bezeroak ezin ziren bentetara hurbildu. Hori, baina, ez da izan bentek bizi izan duten unerik txarrena. Saraguetak koronabirusaren pandemiari aurre egiteko Frantziak hartutako neurriak nabarmentzen ditu. Mugak erabat itxi egin zituen eta Ibardin, Luzaide eta Dantxarinea bezero gabe gelditu ziren. "Erabateko ezintasuna sentitu genuen. Saiakera aunitz egin genituen Nafarroako eta Espainiako agintariekin Frantziaren jarrera aldatzeko, baina ezin". Frantziaren erabakiak luze jo zuen eta Espainian merkataritza irekita zegoenez, zailtasunak izan zituzten aldi baterako lan erregulaziorako espedienteak eskatzeko. Asko sufritu zuten bentek, baina lortu zuten aurrera ateratzea

Pandemiari aurre egiteko Frantziak mugak itxi zituen bentei kalte handia eginez

Etorkizunera begira

Etorkizunera begira bentak baikor daude. Elkarteko abokatuak dioenez modernizatzeko lan handia egin dute. Benta asko berrizten ari dira, eraikin handiagoak eta komertzialagoak eginez. Jabeak ere aldatzen ari dira eta kontzentrazio batera jo dute. Martikorena sendian jatorrian duten bi adar nagusik, Benta Peio eta Biok, benta txikiagoak erosi dituzte eta nagusitasun handia dute gune gehienetan. Benten elkartean, baina, aniztasuna bermatzeko orekak topatu nahi dituztela azpimarratzen du Saraguetak, jabe txikiagoek ere ahotsa izateko. Elkarteak benten guneak erakargarri egiteko hainbat ekimen burutzen dituztela ere nabarmentzen du: "Dantxarineak, esaterako, badu, udalarekin batera, programazio propioa eta hainbat ekitalde antolatzen ditu. Ibardinen ere, neurri txikiagoan bada ere, hainbat ekimen egiten dira". Benten arteko elkarlanaren adibiderik argiena Ibardingo gasolindegiarena da. Udalaren lurretan dago baina benten elkarteak kudeatzen du eta mozkinak Ibardinen inbertitzen dira, egokitzeko. Horregatik bentek garaietara moldatzen jakin dutela dio Saraguetak. Juan Mari Alzurik ere bentek etorkizuna dutela uste du. "Agian urrezko garaiak pasa dira baina gaur egun familia bat aurrera ateratzeko haina ematen dute"

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK