Nafarroako nekazari eta abeltzainek 7,3 milioi euroko laguntza zuzena jasoko dute lehortearengatik

6 milioi abeltzaintzara bideratuko dira, eta 1,3 milioi nekazaritzako aseguruak kontratatzeko kosturako laguntzak osatzeko

Lehorte Mahaiaren azken bilera | Argazkia: Nafarroako Gobernua Lehorte Mahaiaren azken bilera | Argazkia: Nafarroako Gobernua

Nafarroako nekazari eta abeltzainek 7,3 milioi euroko zuzeneko laguntza jasoko dute lehorteagatik, joan den ostegunean onartutako 4/2023 Errege Lege Dekretua aplikatuz. Horietatik 1,3 milioi nekazaritza aseguruak kontratatzeko kosturako laguntzak osatzeko izango dira, Europar Batasunak baimendutako gehiengora arte, hau da, %70era arte. Ondorioz, nekazariak %30 hartuko du bere gain, eta ez %40, orain arte bezala. Gainerako 6 milioi euroko laguntzak abeltzaintzarako izango dira. Horietatik 2,5 milioi ardi eta haragitarako ahuntzentzat, 2,25 milioi behi ume-hazleentzat, 597.000 euro esnetarako ardi eta ahuntzentzat, eta 581.000 euro haragitarako behientzat.

Aipatzekoa da, lehortearen intentsitatearen arabera, Errege Lege Dekretuak hiru afekzio-maila bereizi dituela Espainia mailan (altua, ertaina eta baxua), eta Nafarroa osoa tarteko afekzio-eremuan sartuta dagoela.

Zuzeneko laguntzez gain, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan lanean ari da laster argitaratuko duen foru agindu bat idazteko. Agindu horren bidez, lurraldeko nekazaritza laguntzak kobratzeko eskatzen diren baldintzak malgutuko dituzte. Besteak beste, abeltzaintza kargak murriztuko dituzte; eskatutako gutxieneko artzaintza-aldia ere gutxitu egingo dute; lugorriaren gehieneko ehunekoa %50era igoko dute; ustiategiko elementu ez-produktiboetan larratzeko aukera baimenduko dute; eta ustiapen koadernoaren betetzea ere atzeratu egingo dute. Hala adierazi du Itziar Gomez departamentuko kontseilariak astearte honetan UAGN, EHNE, UCAN eta Alinar nekazarien elkarteekin izandako bileraren ostean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK